Datuak

Proba gutxiago, baina positibo gehiago

Beste 753 koronabirus kasu zenbatu dituzte azken egunean Hegoaldean. 49 lagun ospitaleratu dituzte, eta 83 pertsona daude ZIUetan. COVID-19a zuten lau lagun hil dira, Nafarroan.  

PCR probak, Zestoan. JUAN CARLOS RUIZ
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko urriaren 2a
12:56
Entzun 00:00:0000:00:00

Osakidetzak eta Osasunbideak 10.981 proba egin dituzte azken egunean, koronabirusa atzemateko. Horietan oinarrituta, guztira 753 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, aurreko egunean baino 145 gehiago. Gainera, aintzat hartu behar da egun bakarrean egindako test kopuruak nabarmen egin duela behera azken egunean: herenegun, 14.286 egin zituzten. Atzo, berriz, hiru mila gutxiago.

Lurraldez lurralde, Nafarroan atzeman dute positibo gehien. Egun batetik bestera izandako gorakada ehun kasu baino gehiagokoa izan da: 335 zenbatu dituzte; bezperan, aldiz, 223 izan ziren. Halaber, egindako PCR proben gaineko positibo tasak %10en langa gainditu du, bi eguneko etenaldiaren ondotik. Zehazki, egindako testen %11k eman dute positibo Nafarroan. Gobernuak zehaztasunak eman ditu atzo egindako testetan erregistratutako positiboei buruz. Hala, adierazi du hemeretzi kasu Iruñerriko egoitza batean zenbatu dituztela, 30 positibo Azkoiengo ingurukoak direla, eta beste hamalau, berriz, San Adrian inguruan atzeman dituztela. Hain justu, Nafarroako Gobernuak erabaki du gaur gauerditik murrizketak ezartzea San Adrianen, azken egunetan nabarmen egin baitu gora bertan erregistratutako koronabirus kasu kopuruak.

Hegoaldeko gainerako lurraldeetan, Bizkaian 186 izan dira, bezperan baino 48 gehiago. Araban ere gora egin du positiboen kopuruak: 70 detektatu dituzte, zazpi gehiago.

Hegoaldean, soilik Gipuzkoan gutxitu dira egun bakarrean erregistratutako kasuak: 142 zenbatu dituzte, aurreko egunean baino 33 gutxiago, alegia.

Bestalde, azken datuen arabera, koronabirusarekin eri ziren lau lagun hil dira azken egunean, Nafarroan. Gobernuak adierazitakoaren arabera, 64 eta 88 urteko bi emakumezko eta 86 eta 97 urteko bi gizonezko dira hildakoak.

Ospitaleratzeen egoera aztertuta. Osasunbideak eta Osakidetzak jakinarazi dutenez, azken egunean 49 pertsona sartu dituzte Hegoaldeko erietxeetan, gaitzarengatik. Horietako bat ZIUetara eraman dutela esan du Nafarroako Gobernuak. Halaber, oraintxe bertan 440 lagun daude erietxeratuta Hegoaldean, eta horietatik 83 ZIUetan daude.

Koronabirusaren Euskal Herriko datuak sakon ikusteko, jo ezazu BERRIAk webgunean sortutako atal berezira: Koronabirusaren azken datuak. Bertan jasota daude COVID-19ak Euskal Herrian duen eragina azaltzen duten grafikoak eta mapa interaktiboak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.