Energia berriztagarria ekoizteko azpiegituren eta antzekoen tramitazioa azkartu nahi du Eusko Jaurlaritzak, eta horretarako lege proposamen bat aurkeztu zuen ekainaren 18an. Funtsean, ekonomia jasangarriarekin lotura duten proiektuak «estrategiko» izendatu eta horien tramitazioa azkartu nahi dute, bi urtekoak izan ordez sei hilabetekoak izan daitezen. Bada, Euskal Herria Bizirik taldeak lege proposamen hori kritikatu du, uste baitu ingurumena babesteko bermeak desagertuko direla, baita gizartearen parte hartzea mugatu ere.
Taldeak uste du «makroproiektuen gauzatzea azkartzeko estrategia politiko bat» dagoela lege proiektu horren atzean, eta bereziki inbertsio funtsen eta enpresa handien interesak bultzatuko dituela. Are, uste dute proiektu horiek azkartuz kontzejuen eta udalen eskumenak murriztuko direla, prozesuak gero eta azkarragoak eta gardentasun txikiagokoak izango direla eta.
Nafarroako kasua gogorarazi dute, antzeko figura bat baitago foru erkidegoan. Hala ere, gogorarazi dute Euskal Autonomia Erkidegoan ere badirela aurrekariak; horietako bat, EAEko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legea da, Tapia legea izenez ere ezaguna. EH Bizirik-ek gogorarazi du lege horrek gaitasun handiagoa eman ziola Eusko Jaurlaritzari proiektuak interes publiko gorenekotzat jotzeko. Bestalde, EAEko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea ere ekarri dute gogora, 63. artikuluak administrazioei agintzen baitie prozesuak arintzeko neurriak har ditzatela: «Euskal administrazio publikoek administrazio prozeduren sinplifikazioa, arintzea eta gardentasuna sustatuko dituzte lege honetan ezarritako helburuei laguntzen dieten proiektuak garatzeko, beren eskumenei kalte egin gabe».
Estrategia bateratua
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak onartutako neurriez gain, EH Bizirik-ek gogora ekarri ditu azken urteetan Espainiako eta Frantziako gobernuek proiektuak azkartzeko onartutako neurriak ere. Hori dela eta, uste dute ekinaldi horiek guztiak «estrategia politiko beraren parte» direla: «Makroproiektu energetikoak ezartzeko bidea erraztea da helburua, enpresa handien interesen mesedetan, gizartearen esku hartzeko gaitasuna murriztuta, ingurumena kontrolatzeko mekanismoak ahulduta eta gure lurraldearen kudeaketa komunala arriskuan jarrita».
Izan ere, uste dute «ondasun komunen eta lurraldea kudeatzeko eta zaintzeko modu kolektiboen aurkako beste eraso bat» dagoela tramiteak azkartzeko egitasmoaren atzean. Azaldu dute historikoki mendiak, lurrak, ura eta baliabide naturalak herri kudeaketa horren bidez zaindu direla.