Euskararen Nazioarteko Eguna hurbiltzen ari da —abenduaren 3a izango da—, eta harekin lotutako ekinbideak antolatzen ari dira eragile euskaltzale ugari. Taupa euskaltzaleen mugimendua Euskal Herri osoan kartelak itsastea sustatzen ari da, mezu «xaxatzaileen» bidez euskaldunak aktibatzeko. Noiztik ez duzu egiten?, Zuk uste baino jende gehiagok egin nahi du zurekin, Guri toki guztietan egitea gustatzen zaigu... Hiru esaldi horiek idatzita dauzkaten kartel handiak egin dituzte, euskara elkarte eta bestelako eragile euskaltzaleen artean zabaltzeko. Taupako aktibazio arduradun Jon Zapatak azaldu duenez (Iruñea, 1996), toki askotatik ari zaizkie hoska, kartel eske: «Dagoeneko Euskal Herriko zazpi herrialdeetako deiak izan ditugu».
Hiztunak aktibatzeko ahaleginean, jolaserako bidea ireki nahi izan duzue oraingoan...
Bai, azken finean, helburua ez da bakarrik mezu horiek bolo-bolo zabaltzea, baizik eta, gainera, aitzakia gisa erabiltzea herritarren kontzientzian eragiteko; euskararen erabilerarako beharrezko baldintzen garrantzia azpimarratzeko, gehienbat, eta, horrekin batera, hiztunak aktibatzeko.
Nola ari zarete kartelak zabaltzen? Euskara elkarteen bidez?
Modu batean edo bestean, euskaltzale orori egin diogu deia, bai tokian-tokian ekintzak antolatzeko, bai kartelak itsasteko egitasmoan parte hartzeko. Gure kasuan, noski, euskara elkarteen federazioa ere bagarenez, euskara elkarteekin batera landu dugu ekinbidea, eta haiek izan dira sustatzeko bide nagusietako bat.
Zein da proposamena? Kartelak jasotzen joatea eta abenduaren 3an itsastea?
Bai. Abenduaren 3an itsatsi nahi ditugu; proposatzen dugu kartelak jartzeko ekintzak egitea, baina ez izatea soilik kartelak itsastea: zerbait gehiago lortu nahi dugu. Batetik, herritarrak kontzientziatzeko ekintzak egitea, baina, baita ere, herritarrei saretzeko aukerak ematea. Horretarako, proposatu dugu afixak jartzeko ekitaldiak modu alai eta ludiko batean egitea, jendearekin.
Zer moduzko harrera izaten ari da proposamena?
Harrera ona izan du, bai hasierako deialdian gure mugimendu barruan egindako harremanetan, eta baita orain eman diogun beste bultzada irekiago honetan ere. Eskaera asko jasotzen ari gara; ez bakarrik herrietatik, bestelako eragile asko ere interesa erakusten ari dira. Oso pozik gaude, harrera oso polita izaten ari da.
«Proposatu dugu afixak jartzeko ekitaldiak modu alai eta ludiko batean egitea, jendearekin»
Beraz, ondo bidean, abenduaren 3an Euskal Herriko toki askotan itsatsiko dituzte kartelak?
Bai. Azken finean, ekintza txiki bat da, baina txikia izanda era handitasun bat barnebiltzeko proposamena dakar. Izan ere, tokian-tokian egiten den horrek beste leku batzuetan ere eragiten badu, hainbat hobe. Horregatik, guk proposatzen kartelak Euskal Herri osoan batera itsastea, Euskal Herri osoko horma eta txokoetan kartelak agertzea, ekintzak egitea, eta, ondorioz, ekintza horien eragina zabaltzea.
Euskalgintzaren Kontseiluak proposamena egin zuen ekainean. Euskalduntzearen erritmoa bizkortzeko erronka plazara atera zuen, eta euskaraz bizitzeko behar diren baldintzak bermatzeko eskatu zuen. Helburu horiek sustatzeko asmoz egindakoa da ekinbide hau?
Bai, zalantzarik gabe. Kontseiluko eragileok erronka batzuk gizarteratu genituen, eta Taupak eta gainerako eragileok horiekin bat egiteko konpromisoa hartu dugu. Tauparen eragin esparrua gehienbat erabilera den heinean, erronka hori geure egin dugu, eta proposatu abenduaren 3an lehen mugarri bat jartzea, gero etorriko den sekuentzia baten aurreprestaketa moduan.
Besteak beste, Euskaraldiaren bidez egin izan duzue hainbat urtez erabilera sustatzeko jarduna. Hausnarketa fasean dago Euskaraldia. Hala ere, tankera honetako egitasmoen bidez erabileran eragiten segitzea da zuen helburuetako bat, ezta?
Orain arte egin dugun bezala, 2027ra begira, Tauparen asmoa da hainbat egitasmoren bidez erabilera sustatzen jarraitzea, mugimenduaren muineko egitekoa baita.
«Lehen hitza euskaraz eginda, hiru halakotu daiteke elkarrizketa bat euskaraz izateko aukera»
Abenduaren 3rako egin duzuen proposamen honek ohiturak aldatzea bainoago aktibazioa du helburu?
Herritarrak mobilizatu nahi ditugu kontzientziazio ariketa horri begira; azken batean, mezu deigarriak dira, arreta bereganatzeko modukoak. Horrekin batera, hiru faktore funtsezko azpimarratu nahi ditugu, erabileran eragina dutenak. Batetik, administrazio publikoan euskaraz artatzeko eskubidea ez dago bermatuta Euskal Herri osoan, eta alor horretan aurrerapausoak emateko beharra dago. Bestetik, lehen hitzak ematen dizkigun aukerak azpimarratu behar dira, eta praktikara eraman: lehen hitza euskaraz eginda, hiru halakotu daiteke elkarrizketa bat euskaraz izateko aukera. Azkenengoz, haurtzarotik helduarorako bide horretan jarri nahi dugu fokua, testuinguruaren arabera euskararen erabilera erdira jaisteko arriskua baitago.