Urtea hasi denetik laugarrenez, greba aste bati ekin diote medikuek

Osasun ministroak adierazi duenez, medikuek esparru estatutua kritikatzen duten arren, langileen baldintzak hobetzen ditu; medikuek, ordea, esparru estatutu propioa galdegin dute. Pedro Sanchezen esku hartzea espero du batzordeak.

Medikuen greba aurtengo otsailean, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TESPUENTES / FOKU
Medikuen greba aurtengo otsailean, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TESPUENTES / FOKU
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko maiatzaren 18a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

2026a hasi denetik laugarrenez, medikuak karrikara atera dira protestan. Negoziazioek ez dute aitzina egiten, eta, horregatik, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen esku hartzea espero du greba batzordeak orain; PPk eta EAJk bat egin dute eskaera horrekin.

Monica Garcia Espainiako Osasun ministroak adierazi duenez, medikuek esparru estatutua kritikatzen duten arren, langileen baldintzak hobetzen ditu: adibidez, aipatu du guardiak 24 ordutik 17ra murrizten dituela —aitzineko eta ondoko egunak libre dituzte langileek— eta gehienez 45 orduko lanaldiak xedatzen dituela —48 ordukoak onartzen ditu Europak—. Elementu horiek guztiak bildu dituzte hiru urteko negoziazioen ondotik sindikatuei aurkeztutako txostenean.

Baina greba batzordeak argi du bere eskea: esparru estatutu propio baten sortzea eta, bide horretan, Ministerioarekin negoziazio bide esklusiboa irekitzea. Alde horretatik, greba aldi berriari ekin diote gaur, orain arteko hiru greba asteen ildo beretik. Osasun Ministerioak erran duenez, %5 eta %20 artekoa izan da greba deialdiaren jarraipena; sindikatuen arabera, ordea, %60koa.

Hego Euskal Herrian ez ezik, Espainian ere mobilizatu dira medikuak, eta, jadanik iragarri dutenez, greba orokorraz gain protestak ere antolatuko dituzte han eta hor, hala nola Bilbon, asteazkenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA