Protestan segitzen dute ikasleek Baionan

Etxepare lizeoko ikasleek mobilizazioa antolatu dute Baionako suprefetura aitzinean. Lizeo publiko gehienak itxiak dira, zuzendariek hala erabakita; ikasleak online ari dira klaseak segitzen. Beste hogei atxiloketa izan dira gaurko mobilizazioetan.

Etxepareko ikasleen protesta, Baionako suprefetura aitzinean. PATXI BELTZAIZ
Etxepareko ikasleen protesta, Baionako suprefetura aitzinean. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2026ko urriaren 5a
16:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikasleen protestak ez du etenik Ipar Euskal Herrian. Joan den ostegunean izan ziren istiluen ondotik, ikastetxeak ixtea erabaki dute Baionako lizeo publiko gehienetan, eta ikasleak etxera bidali dituzte. Klaseak online segitzera behartu dituzte, baina blokeoa sareetara eramateko ekintzak ugaritzen ari dira. Irakasle sindikatuek ere online klaseak ematea errefusatzera deitu dute. Seaskako Bernat Etxepare lizeoan hiru egun daramatzate ikasleek ikastetxea blokeatzen. Gaur manifestazioa egin dute Baionako suprefeturara. Ikasteko baldintza duinak eta euskarazko irakaskuntza eskatu dituzte, eta Frantziako Poliziaren indarkeria salatu. 

«Haserre gara, eta zilegitasun osoa dugu haserre egoteko eta adierazteko», erran dute Frantziako Estatuaren ordezkaritza aitzinean. «Hezkuntza duina izatea eta gure hizkuntzan ikasteko eskubidea edukitzea, hori baino ez dugu eskatzen». Hurrenez hurren gaitzetsi dituzte Parcoursup sistema eta bazkaltzeko tarte murritzegia uzten dien ordutegia. «Frantziako Estatuak 4.000 postu hetsi ditu azken urtean, demografia aitzakiatzat hartuz. Gure gelak ikaslez gainezka dira, eta, hala, gelako tenperaturak igo eta irakasleen lan karga handitzen da. Azken finean gure hezkuntza okertu da», salatu dute. «Frantziak ezin omen du hezkuntzan inbertitu, zorra dela eta, baina armadan inbertitzea erabaki du. Frantziak etorkizunera begira nahiago du gerrarako prestatu begirada kritikodun gazteak hezi baino. Eta hori mundua murgiltzen ari den totalitarismo bortitzaren eta joera faxistaren isla da, zeinean izuak eta armek diruditen ihesbide bakarra».

Horrez gain, Frantziako Poliziaren bortizkeria eta  jarrera euskarafoboa ere salatu nahi izan dituzte suprefetura aitzineko protestan. Izan ere, erran dute osteguneko protestan ikasle bat jo zutela euskaraz aritzeagatik. Hala, oroitarazi dute euskararena ere badela Etxepareko ikasleen borroketako bat. «Hezkuntzako murrizketak gainerako ikasleen gisa jasateaz gain, gure hizkuntzan ikasketa ibilbide osoa egitea ukatua baitzaigu. Besteak beste, goi mailako ikasketak egiteko beharrezkoa den baxoa frantsesez pasatzera derrigortuz. Era berean, euskaraz ikasteari jartzen zaizkion oztopoak handiak dira, eta horrek milaka gazte urruntzen ditu beren hizkuntzatik».

Elkarretaratze legalak

Joan den ostegunean lizeotarren mobilizazioak Baionan eta Pauen (Okzitania) ere abiatu zirelarik, Pirinio Atlantikoetako prefetak horien debekatzeko erabakia publikatu zuen. Orduan, ilegala bilakatu zen Baionako lizeoen aitzinean elkarretaratzea. Ordea, hainbat abokatuk, sindikatuk, ikaslek eta irakasleak erabaki horren kontra egitea deliberatu zuten ostiralean, eta, auzitegiak gaur erabaki duenez, lortu dute prefetaren erabakia suspenditzea: lizeoaren aitzinean elkartzea legala izanen da bihar.

Hain zuzen, ikasleen mugimenduek ez dute protestak gelditzeko asmorik. Frantziako mobilizazio egun nazionalera deitu dute biharko, eta, gainera, ikasleen mugimenduari langileen zenbait sindikatu ere batu zaizkio. Ipar Euskal Herrian antzera arituko dira.

Hirugarren mobilizazio eguna izan da gaurkoa: beste hogei atxilotu izan dira, Baionako prokuradoreak baieztatu duenez.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA