Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Ondorena

PSE-EE prest dago EAJrekin gobernu ituna berritzeko

Eneko Anduezaren iritziz, jeltzaleei dagokie «ekimena» hartzea. «Negoziazioa nola planteatzen duten ikusi nahi dugu». PSOE, oro har, Eusko Jaurlaritzan segitzearen alde

Idoia Mendia PSE-EEren lehendakarigaia, hauteskunde gauean egindako agerraldian. JAVIER ZORRILLA / EFE.
Igor Susaeta.
2020ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
EAJk adierazi du jada, Itxaso Atutxa BBB Bizkai Buru Batzarreko presidentearen hitzez, Eusko Legebiltzarraren hurrengo legegintzaldian PSE-EErekin gobernu akordioa berritzeko asmoa dutela. «Kanpainan ez dugu ezkutatu. Hitz egiteko asmo irmoa erakutsi duen alderdi bakarra da», nabarmendu zuen Atutxak atzo, Radio Euskadin. Irrati berean elkarrizketatu zuten Eneko Andueza PSE-EEren legebiltzarkidea, Gipuzkoako zerrendaburua, eta esan zuen, Idoia Mendia lehendakarigaiak hauteskunde gauean azpimarratutakoaren bidetik, EAJri dagokiola «ekimena» hartzea, hauteskundeak irabazi dituelako, eta PSE-EE prest dagoela «akordiorako, ezberdinen arteko elkarrizketarako». PSE-EEren zuzendaritza atzo arratsaldean bildu zen.

2016ko bozekin alderatuta, PSE-EEk eserleku bat irabazi du ganberan, eta, bederatzi izan beharrean, hamar izango ditu. Era berean, parlamentuko hirugarren indarra bihurtu da. Dena dela, kontuan hartuta Espainiako Gobernuan agintean dagoela, 2016koetan hondoa jo zuela, ondorengo hauteskundeetan gorantz egin duela, eta inkestek, oro har, bi edo hiru eserleku gehiago ematen zizkiotela, erdi beteta eta erdi hutsik ikusten dute botila. Mendiak herenegun gauean esan zuen emaitzak «oso onak» direla, baina aitortu zuen «indar handiagoa» edukitzea gustatuko litzaiekeela. EAEko legebiltzarrerako egindako hauteskundeetan inoizko abstentziorik handiena —%47koa— egon izanari egotzi zion boto gehiago lortu ez izana.

PSE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusiak hauteskundeen garaileen teilatuan utzi nahi izan du pilota. «Ikusi nahi dugu zer jarrera eta akordioak lortzeko zer borondate duten, eta negoziazioa zer modutan planteatzen duten». Bi indarrek bat egingo balute, gehiengo osoa lortuko lukete Eusko Legebiltzarrean—41 eserleku—. «Hauxe da egoera, eta helburuak asko aldatu dira», nabarmendu zuen, halere, Anduezak.

Haren ustez, «zalantzarik gabe» dira «onak» emaitzak, eserleku bat gehiago edukiko dutelako. «Eserleku bat gehiago edukiko dugu, boto portzentajean gora egin dugu [nahiz eta 2016koetan baino boto gutxiago lortu], eta eremu nazionaleko alderdien artean PSE-EE da irabazle argia, PPk eta Podemosek hartu duten danbatekoa ikusita». Atzoko elkarrizketan galdetu zioten ea abagunea aintzat hartuta emaitza hobeak espero zituzten, eta erantzun zuen «zuhurra» dela beti: «Zirkunstantzia hauetan, halako gauzak gertatu egiten dira».

Elorza, «hausnartzeaz»

PSE-EEk hauteskundeetan lortutako emaitzek ez dituzte «espektatibak bete», Odon Elorza PSOEren zuzendaritzako Gardentasun eta Demokrazia Parte Hartzailearen idazkariaren esanetan. Bere Twitter kontuan «hausnarketarako» deia egin du, eta zenbait galdera planteatu ditu. «PSE-EE konformatuko da beste lau urtez EAJrekin koalizioa mantentzearekin gure proiektua ito gabe? Edo estrategia aldaketa batez hausnartu behar dugu, eta euskal gizartearen zerbitzurako egon, oposizio arduratsu eta eraikitzaile bat eginez?». Efe berri agentziak PSOEren iturriak aipatuz kaleratutakoaren arabera, batzorde federala, oro har, ituna errepikatzearen aldekoa da.

Elorza Gipuzkoako kongresukidea da Espainian; haren hitzei heldu zien Anduezak, eta azaldu zuen PSE-EE ez dela gobernuetan sartzen «pentsatuz beretzat, alderdi gisa, onuragarria» izango dela, baizik eta «herritarren onuran pentsatuz». Haren esanetan, PSE-EEren helburua ez da aldatuko: «Hori da jendearen bizi baldintzak hobetzen ahalegintzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.