Nafarroako eta EAEko kontzertu ekonomikoak «pribilegiotzat» jo eta bertan behera uzteko eskatu du Pere Navarro PSCren idazkari nagusiak. Hautsak harrotu ditu adierazpenak eta PSE-EEk, PSNk eta PSOEk ere kritikatu dituzte PSCkoaren adierazpenak.
«Finantzaketa justua nahi badugu, Konstituzioan dauden pribilegioak kendu behar ditugu. Hitz egin ezazue euskal herritarra edo nafarra ez den edozeinekin, eta hori konpondu beharra dagoela esango dizuete», adierazi du Navarrok. «Gaur egungo ereduak ez du uzten Euskadik eta Nafarroak baino garapen gutxiago duten beste autonomia erkidegoei ematea, nahiz eta bi horien baliabideak batez bestekoaren gainetik dauden».
Arazorik ez dagoen lekuan ez ditzala berak arazoak sortu esan dio Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak Navarrori. «Kataluniako arazoak ez dira Kontzertu Ekonomikoaren ondorio». Dituzten arazoak «Katalunia gobernatzen duen eskuma abertzalea egiten ari den murrizketek» eragindakoak direla adierazi du. Euskal kontzertu ekonomikoa ez PSEk ez PSOEk ez duela zalantzan jarriko azaldu du; «ezta kupoa ere».
Navarro «erabat oker» dago «pribilegioa» aipatzen duenean, PSNren idazkari nagusi Roberto Jimenezen hitzetan. PSNk Nafarroako hitzarmena defendatuko duela azaldu du: «Sozialista eta nafar gisa, autonomia fiskala eta dugun hitzarmena defendatzeko betebeharra dugu».
PSOEk azaldu du ez duelaEAEren kontzertu ekonomikoa eta Nafarroaren hitzarmena desagerrarazteko asmorik, eta ohartarazi du estatu federalerako bidean urratsak egiteko Konstituzioan aldaketak egitea proposatzen duenean ez duela kontzertuak moldatzeko egitasmorik jasoko. Berri agentziek PSOEko zuzendaritzako iturriak aipatuz zabaldu dutenez, Konstituzioak jasotzen dituen EAEren eta Nafarroaren eskubide historikoak errespetatzen ditu PSOEk.
Erkoreka eta Barcina
Eusko Jaurlaritza haserretu egin dute Navarroren adierazpenek. PSCk eskaera zuzenduko duen esperantza azaldu du Josu Erkoreka bozeramaileak. «Navarroren hitzak oso larriak dira; euskal autogobernuaren muina den alor bati eraso egin dio zuzenean». Kontzertuaren oinarriak «zalantzarik gabeak» direla ohartarazi du; arrazoi «historiko, juridiko, politiko eta ekonomikoak» dituela atzean. Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentearen ustez, «ezjakintasunaren ondorio» da kontzertua ezabatzeko eskatzea.
«Presidente honek eta UPNk ez dute onartuko gure foru araua, gure itun ekonomikoa ez errespetatzea. Konstituzioak babesten du eta historiaren zati da, tradizioa, ez pribilegioa», esan du Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko zein UPNko buruak.
EH Bilduk subiranotasun handiagoa eskatu du Euskal Herriarentzat. «Eztabaida ez da kontzertuak mantendu behar diren edo ez», Euskal Herriak «irtenbide propioak bilatu, erabaki eta gauzatzeko tresnak izatea baizik», zehaztu du Marian Beitialarrangoitia legebiltzarkideak.
Aralarren ustez, «errespetua ukatu» dio Navarrok Euskal Herriari, eta esanak zuzentzeko eskatu dio. Nafarroak eta EAEk itun fiskalak elkarrekin defendatu behar lituzketela uste du, eta hala egin dezatela eskatu die Iñigo Urkullu eta Yolanda Barcinari.
PPren hitzetan, «onartezina da kontzertua PSOEren barne arazoak konpontzeko erabiltzea. Kontzertua ez da pribilegioa».
PSEk eta PSNk kontzertu ekonomikoen alde egin dute, PSCren eskaera gorabehera
EAEko eta Nafarroako kontzertuak kentzea proposatu du Pere Navarro Kataluniako sozialisten idazkariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu