Maite Esporrin Iruñeko PSNko zinegotziak adierazi du bere alderdiak ez duela David Campion Iruñerriko Mankomunitateko presidentearen hautaketan EH Bildurekin negoziatu.
Atzo goizean EH Bilduk iragarri zuen Aritz Aiesaren hautagaitza atzera botako zuela, Navarra Sumaren garaipena galarazteko asmoz. Proposamen horri erantzunez, Campion Ollarango alkate eta mankomunitateko batzarreko ordezkari independeetako batek hautagaitza aurkeztu zuen, eta bigarren itzuliko bozketan lortu zuen irabaztea, EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta bost ordezkari independenteri esker (29 boto). Juan Jose Etxeberria Navarra Sumakoak, 23 eskuratu zituen. PSNk bere hautagai Esporrin erretiratu egin zuen lehen itzuliaren ondotik.
"Ikusita lehen itzulian zazpi boto lortu genituela, nabarmena zen guk ez genuela eskuratuko presidentzia", adierazi du Esporrinek. "Ez zuen merezi aurrera segitzea; izan ere, gu ez erretiratuz gero, Navarra Sumak hartuko zukeen presidentzia. Horregatik, azkeneko unean tarte bat hartzeko eskatu genuen, pertsona independente horrekin hitz egiteko. Ez nuen ezagutzen. Uste dut gure programako gauza garrantzitsuak jasoak dituela".
PSNko hautetsiak esan du ez zutela EH Bilduren hautagai bat babestuko. "Hori garbi genuen".