Nuria Garcia Arostegi. Mañeruko alkatea

«PSNrentzat noiz da eremuz aldatzeko garai egokia? Inoiz ere ez»

NAFARROAKO GOBERNUA.
joxerra senar
Iruñea
2023ko otsailaren 3a
00:00
Entzun

Ustekaberik ez zen izan atzo Nafarroako Parlamentuan, baina Mañerun «amorruz eta etsipenez» hartu dute albistea, euren nahiari jaramonik ez dietelako egin Navarra Sumak eta PSNk. Nuria Garcia Arostegi alkateak (Donostia, 1973) salatu du «bigarren mailako herritar» sentitzen direla. Goiz gorabeheratsua izan zuen, eta arratsaldean hitz egin zuen BERRIArekin, telefonoz.

Zer iruditu zaizu?

Bagenekien atzera botako zutela. Suminduta eta atsekabetuta gaude, apur bat gaizki. Hemen jarraituko dugu, borrokan.

Nola hartu dute herritarrek?

Ez dit denborarik eman eurekin egoteko, baina pentsatzen dut gure modu berean egongo direla. Ez dugu ulertzen zergatik eman diguten ezezkoa, ez dugu ulertzen jarrera hori. Ez digute eremu mistoan sartzen uzten, nahiz eta inguruko herri guztiak barruan izan. Bakarrik geratu gara. Ez dugu ulertzen ezezkoa.

Zergatik eskatu duzue eremu mistoan sartzea?

Inguruko herriek dituzten eskubide berak izatea dakarrelako. Mañerun, euskarazko ereduan matrikulatzen diren haurren kopuruak igoera handia izan du, eta, horri lotuta, euskaldun kopurua ere nabarmen igo da. Errealitate horri erantzuteko eskatu dugu, besterik ez.

Aho batez onartu zenuten, gainera. Eztabaidarik egon al zen?

Ez, udal talde bakarra gara. 2017an, inguruko herri guztiek bat egin zuten eremu mistoarekin, eta hemen galdeketa bat egin zen. Sinaduretan islatu zen herritarren gehiengoak babesten zuela aldaketa, baina aurreko udalak erabaki zuen ez sartzea.

PSNk orain dio ez dela garaia.

Ez dugu ulertzen argudio hori. Noiz da garaia? Inoiz ez dute aukera egokirik ikusten.

Argudiatu dute euskara ez dakitenei beharrak ezartzen zaizkiela edo egoera politikoa aldatu daitekeela herrian.

Argudio horiek ez gaituzte konbentzitzen. Gaur eta hemen ari gara eskatzen. Dena aldatu daiteke, baita aldatzeko eskaria handitu ere. Haiek esandakoak ez du zentzurik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.