Euskara

PSNri «txeke zuririk» ez emateko eskatu dute Iruñean

Maria Txibitek hizkuntza politika «euskarafobikoa» egiten jarraituko duela salatu du Euskararen Defentsarako Sareak, eta Carlos Gimeno aurrerantzean ere Hezkuntza kontseilari «izatea» deitoratu du.

Euskararen Defentsarako Sarren elkarretaratzea, gaur erdian, Nafarroako parlamearen aurrean. IñIGO URIZ / FOKU
Iker Tubia.
2023ko abuztuaren 12a
13:29
Entzun

Nafarroan PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak erdietsi duten akordio programatikoa ez du begi onez ikusi Euskararen Defentsarako Sareak, eta alderdi euskaltzaleei eskatu die «txeke zuririk» ez emateko Maria Txibiteri. Gaur eguerdian zenbait euskaltzale bildu dira Nafarroako parlamentuaren aurrean PSN = euskarafobia. Txeke zuririk ez zioen pankartaren atzean. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren kontra mintzatu dira, eta iragarri dute euskalgintzak eta alderdi euskaltzaleek mugarik paratu ezean hizkuntza politika «euskarafobikoa» izanen dela lau urtez. Etzi izanen da inbestidura saioa, eta asteartean izendatuko lukete Txibite lehendakari, EH Bilduk abstentzioaren alde eginen duela iragarri baitu.

Pankarta nagusiaren atzean zenbait kartel zabaldu dituzte aldarri hauekin: Haur eskolak euskaraz, Euskara ofiziala, Lerinen D eredua eta Ez ezazue PAI inposatu. Nafarroako bi bandera ere bazituzten, armarriaren azpian euskaraz idatzia zutenak. Ordu laurdeneko elkarretaratzean askotariko oihuak bota dituzte protestan parte hartu dutenek; hala nola «Euskal Herrian euskaraz», «Euskara ofiziala Nafarroa osoan», «PSN euskararen etsaia», «Gimeno kanpora» eta «PSN, UPN, berdin da».

Fermintxo Zabalza Euskararen Defentsarako Sareko kideak salatu du azkenengo lau urteak «penagarriak» izan direla euskararentzat. «PSNk gidatu du gobernuaren euskara politika, eta erabat euskarafobikoa izan da. Ikusi dugu alderdi euskaltzaleak ez direla hori geldiarazteko gai izan», esan du. Gogora ekarri du PSNren azken «erasoa» gobernua negoziatzen ari ziren bitartean etorri zela, ekainean, Musikariak Ikastetxeetan programa bertan behera erabaki zuenean. Protesten ondotik, azkenean atzera egin, eta Euskarabideak hartu zuen programarekin jarraitzeko konpromisoa. «Horrek esan nahi du PSNk ez duela inolako beldurrik, eta asmoa duela berdin segitzeko beste lau urtez», deitoratu du Zabalzak.

Alderdi abertzaleei ere kexa agertu die Euskararen Defentsarako Sareak: «Ez dugu deus ere ikusi, ez negoziazioetan –publikoki behintzat– eta ez akordio programatikoan, pentsatzeko hurrengo lau urteak diferenteak izanen direla». Gimenoren kontra ere mintzatu da Zabalza, aurrerantzean ere Hezkuntza kontseilari izanen delakoan, eta txarretsi du alderdi euskaltzaleek haren lana «publikoki zalantzan jarri ez izana». Gogora ekarri du Iruñeko Lezkairu auzoko ikastetxe berrian D eredua eskainiko dutela, «teorian», baina ez dute uste hala izanen denik: «Inork ez digu azaldu egiaz irailean D eredua hasiko ote den, eta susmoa dugu ez dela hasiko».

Egoera ikusirik, protestekin segituko dutela iragarri du Zabalzak: «Ikusten dugu beste lau urte berdin izanen direla, politika euskarafobikoekin, Carlos Gimeno kontseilaria jo eta ke euskararen kontra, eta segitu beharko dugu elkarretaratzeak egiten eta mobilizatzen». Asteon Kontseiluak eta EHE Euskal Herrian Euskarazek ere salatu dute akordio programatikoak «atzera» egiten duela 2019an sinatu zutenarekin alderatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.