Felipe Borboikoa Espainiako erregeak atzo iluntzean Pedro Sanchez (PSOE) proposatu zuen inbestidura saiorako Espainiako gobernuburugai, eta Sanchezek, gero, Moncloan egindako agerraldi batean, iragarri zuen bere taldea Kongresuko talde politiko guztiekin bilduko dela. Haien artean dira EAJ eta EH Bildu. PSOEk Madrilen sekula ez du jendaurreko bilkurarik egin EH Bildurekin; indar subiranistak oraindik ez du batzar baterako jakinarazpenik jaso.
Adriana Lastra PSOEko eledun parlamentarioak egingo ditu bilera horiek. Halaber, Sanchez bera Pablo Casado PPko buruarekin eta Ines Arrimadas Ciudadanosekoarekin elkartuko da.
Joan den azaroko Gorteetarako hauteskundeetako emaitzei esker, EH Bilduk —2011n, Amaiur— lehen aldiz lortu du Kongresuan talde parlamentario propioa. Bost diputatu dauzka, eta bozetan aurkeztutako herrialde bakoitzean botoen %15 gainditu zuen. EAJk sei diputatu ditu.
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak atzo goizean esan zuen bere taldea ez litzatekeela «oztopo bat» izango PSOEk eta UPk gobernua osatzeko, baldin eta haiek «agenda demokratizatzailea» balute legealdirako. Murrizketa sozialei aurre egiteko eta «gatazka politikoak konpontzeko» apustua egingo balu gobernuak, EH Bildu prest legoke «aukera bat» emateko. PSOE hizketan ari da ERCrekin —EH Bilduk eta ERCk aliantza politiko bat hitzartua dute—, baina Otegik dio bere taldearen jarrera «autonomoa» dela.
Jarduneko gobernuburu Sanchezek iragarri du bilera bana egingo duela estatuko erkidegoetako presidenteekin ere. Azkeneko hilabeteetan uko egin izan dio Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentearekin biltzeari.