AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak adierazi du «sumingarria» dela Patxi Ruiz euskal presoaren alde eginiko pintaketengatik kexu diren alderdien jarrera. Gainera, Ruizen egoeraren arduraduntzat jo ditu PSOE, Podemos eta EAJ, eta herritarren erantzuna «baldintzatzea» leporatu dio EH Bilduri. Ruizek 24. eguna du gaur gose greban, eta, AEMk adierazi duenez, egun 59,6 kg pisatzen du, 1,80 metro neurtuta.
Euskal presoaren aldeko mobilizazio ugari egin dira hark gose greba hasi zuenetik. Kalean ez ezik, hainbat euskal presok Ruizi babesa adierazteko protestak egin dituzte: kartzelak ematen duen janari erretiluari uko egin diote hainbatek, eta zeldatik atera gabe daude beste batzuk. Ruizen egoera salatzeko kale protesten artean, ordea, hainbat alderdi politikoren egoitzetan eginiko pintaketek PSEren, EAJren, PPren eta Elkarrekin Podemosen «gaitzespena» eragin dute; batez ere, PSE-EEko buru Idoia Mendiaren etxean eginikoak. Kasu hartan, EH Bilduk ere elkartasuna adierazi zion Mendiari, eta Maddalen Iriarte legebiltzarkideak nabarmendu zuen horrelakoek ez dutela laguntzen «bakearen eraikuntzan».
Amnistiaren aldeko mugimenduak euskal presoen egoeraren aurrean «eduki minimo bat daukan ezer» ez esatea egotzi die pintaketak salatu dituzten alderdiei. Mugimenduaren esanetan, haiei «biolentzia» erabiltzea leporatu dieten horiek «kartzelen bitartez urtero hamarnaka pertsona erailtzen dituztenak» dira. Zehazki, Murtzia II espetxeko zuzendaria, Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza, eta PSOE, Podemos eta EAJ alderdiak egin ditu euskal presoen egoeraren «arduradun». Zerrenda horretatik at utzi du EH Bildu koalizioa, baina «herri erantzuna baldintzatzeaz eta erasotzeaz» akusatu du hura.
Ruiz, egonkor
Patxi Ruiz bakartuta dago oraindik ere, Murtzia II espetxeko (Espainia) erizaindegian. Maiatzaren 11n gose eta egarri greba hasi zuen, espetxeko zuzendaritzak eginiko mehatxuak salatzeko. Hamar egun igaro ostean, ospitaleratu egin zuten presoa, epaile baten aginduz. Datorren egunean, ordea, espetxera itzuli zen. Egarri greba utzi behar izan zuen, baina gose grebarekin jarraitzen du. AEMk adierazitako azken datuen arabera, Ruizen egoera egonkorra da, «betiere larritasunaren barruan». Atzo egin zizkioten mediku probak, eta «haren bizi parametroak egonkortuta daude».