Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Nafarroa

PSOEk irabazi du, eta EH Bilduk aurrea hartu die PPri eta UPNri

1986tik lehen aldiz, sozialistek garaipena lortu dute Nafarroan, eta bi diputatu lortu dituzte. Alderdi Popularra gailendu egin zaio UPNri, baina Esparzaren alderdiak eutsi egin dio

PSOEk irabazi du, eta EH Bilduk aurrea hartu die PPri eta UPNri.
joxerra senar
Iruñea
2023ko uztailaren 24a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

UPNren eta PPren arteko haustura baliatzen jakin dute PSOEk eta EH Bilduk. Batetik, zatiketari esker, sozialistek aise lortu dute bozak irabaztea, eta bost diputatuetatik bi eskuratu dituzte. Nafarroan irabazi zuten azken aldia 1986an izan zen. Bestetik, EH Bilduk gorantz jarraitzen du, eta Espainiako Gorteetarako aurreko bozetan eta maiatzeko foru hauteskundeetan baino emaitza hobeak lortu ditu. Praktikan ez du eraginik: EH Bilduk eta eskuineko bi alderdiek diputatu bana lortu dute. Alta, politikoki eskuinari gailentzea historikoa da koalizio abertzalearentzat.

Sari bikoitza izan dezake, gainera. Senatuko zenbaketa konplexuagoa denez, motelago joan zen atzo, baina, botoen %87 zenbatuta, PSNk hiru ordezkari zituen, eta azkena UPNrentzat zen. Dena den, EH Bilduko Koldo Leoz oso gertu zuen Caballerok, eta lehia oso estua izan zuten biek azken uneraino: gauerdian erredakzio hau ixterako ez zen argitu norentzat zen Senatuko laugarren jarlekua.

2019an bi hauteskunde egin ziren, apirilean eta azaroan. Navarra Sumak 107.124 eta 99.078 boto bildu zituen, hurrenez hurren. 1989tik, UPNk edo haren inguruan egituratutako koalizioek irabazi dituzte hauteskundeak Nafarroan eta, horregatik, PSNk garaipen historikoa eskuratu du. Espainiako Gorteetarako bozetan, presidentetza jokoan izan ohi denez, testuinguruari onura atera ohi diote sozialistek historikoki, eta foru eta udal bozetan baino emaitza hobeak lortu ohi dituzte.

Atzo ere joera hori berretsi zen. Maiatzean baino 26.000 boto gehiago lortu ditu PSNk. Halaber, 2019ko bozekin alderatuta %2,36 igo da, eta eskuinaren mehatxuari aurre egiteko boto baliagarria erakarri du. Hala, Santos Cerdan PSOEko Antolamendu idazkariak eta Adriana Maldonadok jarlekua izango dute Kongresuan. Eta Senatuan hiru ordezkari izango dituzte.

EH Bilduk ere boto baliagarria baliatu du. Botoen %99 zenbatuta, maiatzean baino 2.000 boto gehiago lortuak zituen koalizioak; eta 2019ko azaroko botoekin alderatuta, %0,47 igo da. Beraz, ez du goranzko joera geratu eta 2015era atzera eginez gero, igoera ikusgarria izan du, duela zortzi urte 34.800 boto bildu baitzituen.

Eskuineko alderdien artean, aspaldiko partez, PP UPNri gailendu zaio, eskuineko boto emaileek nahiago izan dutelako zuzenean Alberto Nuñez Feijooren hautagaitza babestu. Dena den, inkestaren batek ez zion diputaturik ematen, eta Javier Esparzaren alderdia onik atera da: eutsi dio, eta gutxienez Alberto Catalan izango du ordezkari Kongresuan. Alta, perspektiba historikotik begiratuta, emaitza txarrak dira.

Partaidetza handia izan denez, diputatua lortzea oso garesti izan da herrialdean. Zurekin Nafarroarekin alderatuta, Sumarrek 43.564 boto lortu ditu, baina ezin izan du ordezkaririk lortu —Unidas Podemosek 2019an baino 12.000 gutxiago—. Boto baliagarriak gogor zigortu du Geroa Bai: 9.815 boto eskuratu ditu, 2019an baino %0,9 gutxiago.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA