Quirogaren etorkizun politikoa, kolokan

EAEko PPren presidenteak agerraldia egingo du gaur goizean Donostian.Llanosek dio alderdia «pertsonen gainetik» dagoela eta Cospedalek ez du zalantzarik karguan jarraituko duela

DAVID AGUILAR / EFE.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2015eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Arantza Quirogak gaur argitu dezake bere etorkizun politikoa,agerraldia iragarri baitu goizerako PPren Donostiako egoitzan. Ezohiko egoera batean dago EAEko PP. Izan ere, astebete da Quirogak alderdikideekin harremana eten eta jendaurrean agertzeari uko egin ziola, hain justu, PPren zuzendaritzari men egin eta Askatasun eta Elkarbizitza lantaldearen proposamena atzera bota behar izan zuenetik. Harrezkero, agendan aurreikusitako agerraldi guztiak bertan behera utzi eta komunikazio bide guztiak itxi ditu—sakelako telefonoa itzalita izan du, eta bere prentsa arduradunarekin ere ezinezkoa izan da hitz egitea—. Quirogaren jarrerak, harridura ez ezik, ezinegona ere eragin du alderdi barruan. Batetik, kide askok ez dutelako ulertzen alderdiko presidentea astebetez desagertuta egotea, inori azalpenik eman gabe. Eta, bestetik, Quirogaren etorkizunari buruzko zalantzak eta zurrumurruak areagotuz doazelako, eta dimisioa emango duen susmoari buruzkoak indartuz.

Azken zazpi egunetako isilaldiahautsi egin du Nerea Llanos alderdiko idazkari nagusi eta Quirogaren bigarrenak. Hark eman behar izan du aurpegia komunikabideen aurrean, EAEko PPren zuzendaritzaren batzarraren ostean. Astero egiten du alderdiak bilera hori, baina oso bestelako kutsua hartu du astearte honetan egindakoak. Aldez aurretik jakina zen Quiroga ere ez zelajoango batzarrera, eta horrek EAEko PPk Gasteizko Olagibel kalean duen egoitzara bildutako komunikabide ugariren ikusmina areagotu egin du. Llanosek jakinarazi du Madrilen dagoela Quiroga, baina ez du argitu zein asmorekin. Hainbat komunikabidek zabaldu dutenez, baina, Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiarekin biltzera joan da Madrilera EAEko PPren presidentea, haren etorkizunaz hitz egiteko.

«Ohikoa da bilera hau egitea, baina gaurkoa sekula baino garrantzitsuagoa eta beharrezkoagoa da, egoerak hala eskatzen digulako», adierazi du Llanosek agerraldia hasi orduko. Gaineratu duenez, «erantzukizun politikoagatik» hartu du bilerara deitzeko eta komunikabideen aurrean agertzeko erabakia. Emandako azalpenek, ordea, ez dute argitu bolo-bolo dabilen galdera: Quirogak dimisioa emango duen ala ez. «Ez dakit zein izango den hartuko duen erabakia, baina erabakitzen duena erabakita, alderdiaren babesa izango du». Dimisioa emango ote duen ez du argitu, nahiz eta kazetariek behin eta berriz egin dioten galdera: «Ez dakit», errepikatu du. Llanosek azpimarratu du Quirogari baino ez dagokiola erabaki hori hartzea, eta alderdiak «errespetuz» hartuko duela. Karguan jarraitu ala ez, EAEko PPren babesa izango du Quirogak, Llanosen arabera. Hori bai, erabaki hori «berandu baino lehen» hartzea espero du alderdiko idazkari nagusiak.

Llanosek aitortu du azken astean gertatuak «ataka zailean» utzi duela EAEko PP, baina alderdi barruan inork ez diola eskatu dimititzeko Quirogari. Autokritika egin du, onartuta lehenago agertu behar zuela komunikabideen aurrean, alderdiaren inguruan gehiegi hitz egin ez zedin. Hala ere, krisirik ez dagoela eta EAEko PP «inoiz baino biziago» dagoela azpimarratu du: «Alderdiak makina bat egoera zaili egin behar izan die aurre, baina beti egon da egon behar den tokian».

Horregatik deitu du zuzendaritzako batzarrera, alderdiak lanean jarraitzen duela erakusteko, haren esanetan. Ohartarazi duenez, alderdiaren lanak dauka lehentasuna: «Pertsonak badatoz eta badoaz, baina PPk hor jarraituko du. PP pertsonen gainetik dago». Presidentetzan kargu aldaketa egonez gero, alderdiaren gidaritza nork hartuko lukeen ez du zehaztu, baina argi utzi du erreleboa bermatuta legokeela, alderdian kargu hori betetzeko gai diren pertsonak «sobera» daudelako.

Madrilgo PPtik babesa

EAEko PPren babesa ez ezik, Genovako zuzendaritzarena ere badu Quirogak. Hori da, bederen, alderdiko buruzagiek jendaurrean adierazi dutena. Bruselatik mintzatu da Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusia. Esan duenez, ez du zalantza izpirik Quirogak presidente karguan jarraituko duela. Alderdian zatiketa dagoenik ukatu egin du, halaber: «Zatiketa? Ezta txikiena ere». Madrildik legebiltzarrean aurkeztutako mozioa atzera botatzeko exijitu ziotenik ere baztertu du: «Kontrakoa. Errespetu osoa zor diogu egin zuenari, beti izan da horrela, baita orain ere». Eta ulergarria iruditu zaio Quiroga astebete jendaurrean agertu gabe egotea; «atseden hartzeko» eskubidea duela argudiatu du.

Javier Maroto PPko sektoreko idazkariordeak ere bide beretik jo du, eta Quirogaren alde atera da, komunikabideetan «larregi jipoitu dutelako». Marotoren esanetan, mozioa atzera botatzeko agindurik ez zioten eman Madrildik, eta Quirogaren erabakiarekin bat egin zuen PPren zuzendaritzak. Hortik aurrera, bere atsekabea «arlo pertsonalari» dagokiola uste du Marotok.

EAEko PPren krisiak eragindako erreakzio soka ez da eten, eta euskal alderdiek ahotan izan dute afera. EH Bilduko Julen Arzuagak uste du Madrilek duen jarrera «immobilistak» zapuztu egin duela egoera berria irekitzea. Arzuagak ez luke nahi Quirogak egindako urratsa «ezerezean» geratzea, eta alderdi guztien arteko mahai bat osatzeko lanean jarraitzeko eskatu du.

Gertatutakoarekin «harrituta» agertu da Joseba Egibar EAJko legebiltzarkidea, eta adierazi du gorabehera guztiek erakutsi dutela EAEko PPk «sendotasun txikia» duela. EAJko diputatu Emilio Olabarriak, gainera, Kongresura eramango du gaur PPren inguruko afera, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroari argibideak eskatuko baitizkio kontrol saioan. EAEko eta Espainiako PPren artean egon den«barrabaskeria» argitzeko eskatuko dio Olabarriak ministroari.

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak, berriz, zalantzan jarri du Quirogak aurkeztutako mozioa: «Demokratok gutxieneko zorua adostuta daukagu eta ez dugu zertan mugitu behar».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.