Astelehen goiza da. Gaur egun euskal zinema existitzea posible egin zuten baldintzak esplikatzen ari naiz Korrikaren biharamunak bizirik utzi dituen Ikus-entzunezko Komunikazio graduko ikasleei. Esan diet 2005etik gaur arte urtero euskarazko filmak ekoitzi baldin badira, sasoi hartan izan ziren hainbat faktoreri esker dela. Horietako bat, Eusko Jaurlaritzaren kultur politikan gertatu zen norabide aldaketa. Begirada zorrotz eta bibote zuriko gizon baten argazkia erakutsi diet: «Asterixen osaba dirudien gizon hau Ramon Zallo da. EHUko irakasle ohia, gizon jakintsua. Garai hartan Kultura sailaren kultur eta komunikazio aholkularia zen». Azaldu diet 2003an, Industria eta Kultura sailen izenean Zallok idatzitako Euskadiko Ikus-entzunezkoen Liburu Zuria-n, euskarazko filmak sustatu beharra jaso zuela lehen aldiz Eusko Jaurlaritzak. Testu hartan finkatu zen handik gutxira gobernuak martxan jarriko zuen ikus-entzunezko politika berriaren oinarria, eta oro har, ideia gako bat: kulturaren baitan, ikus-entzunezkoak izan behar zuen zentraltasuna, bereziki kultura minorizatuentzat. Klasea bukatu eta telefonoa begiratu dut. NOR ikerketa taldean daukagun Whatsapp taldean, mezu bat: «Ramon Zallo zendu da». Ikasleengana zuzendu naiz berriro. Oraindik jesarrita daude. Berria eman diet. «Lehen aipatu dizuedan Ramon Zallo hil egin da. Gaurko euskal zinema eta ikus-entzunezkoen sistema ez dago ulertzerik bere ekarpena gabe».
Ikusi gehiago
Armand Mattelart eta Jurgen Habermas hil eta gutxira joan zaigu Zallo. Eta zor kitatu gabe baten sentimendua utzi digu askori. Izan ere, Ramonengan pentsatzen dudanean, burura etortzen zaidan lehen gauza utzi dizkigun irakaspenak dira. Adibidez, zinema eta ikus-entzunezkoek kultur sisteman izan behar duten zentraltasuna bezala, nire ustez, neurri batean berari esker ikusten dugu naturaltasunez kulturaren dimentsio ekonomikoa egungo Euskal Herrian. Era berean, kulturak eta komunikazioak bereizi ezin den binomioa osatzen dutela ere berari ikasi genion, kultura eta komunikazioa txanpon beraren bi aldeak direla: ez dago kulturarik komunikaziorik gabe, eta ez dago komunikaziorik eduki sinbolikorik gabe. Ekarpen horiekin eta beste batzuekin naziogintzarako funtsezkoak diren kontzeptuak ekarri zituen akademiatik praktika politikora.
Ikusi gehiago
Beste irakaspen bat, ez inportantzia gutxiagokoa, ibilbide akademikoa eta engaiamendu soziala elkarloturik ulertzeko zuen manera izan zen. Ramon intelektual konprometitua zen, bere adiskide Mattelartek esaten zuen zentzuan: ikerketa gizartea aldatzeko lubaki bezala ulertzen zuen, isolamendu akademiko teorizistatik urrundu, eta arazo sozialetan zikindu arte bustiz, bisturiaren zehaztasunaz arazoak disekzionatu eta alternatibak proposatuz. Izateko manera libre eta insobornable horrek etxean merezi zuen baino errekonozimendu txikiagoa jasotzea ekarri zion. Ramonen ekarpenak baloratuagoak izan dira atzerrian Euskal Herrian baino. Haatik, uste dut ez dela esajeratua esatea kulturaren eta komunikazioen arloan nazioarte mailako erreferentzia zela.Â
Ramon beti zegoen erronka berriei ekiteko prest. Beti ikasten. Beti ekarpenak egiten. Hori ere irakaspen ederra da ikerlari gazteontzat. Hirurogei urteren bueltan hasi zen buru-belarri euskara ikasten, eta azkenean euskaldun aktibo bihurtzea lortu zuen. Azken urteetako gure elkarrizketak euskaraz eduki izanaren oparia utzi zigun. Inertziaz espainolez hitz egiten genionean eta berak euskaraz erantzun, orduan ere, lezio ederra ematen zigun.
Bai. Ramon Zallorengan pentsatzen dudanean, burura datorkidan lehen gauza utzi dizkigun irakaspenak dira. Eta uste dut irakasle bati buruz esan daitekeen gauzarik ederrena dela hori.Â