Ramon Zallo (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1948-2026) hil da, 77 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko katedradun emeritua eta Informazio Zientzietan doktorea zen, eta komunikazioaren arloan eman zituen bere ibilbidearen urte gehienak. Lan hori askotariko militantzia sozialarekin uztartu zuen. Hain zuzen, Guggenheim Urdaibai Stop plataforma izan da Zalloren heriotzaren berri eman duena: «Gaur Busturialdea triste dago. Ramon joan zaigu. Eskerrik asko, Ramon, eskualde honen alde egindako lan guztiagatik, erakutsi diguzun guztiagatik, eta borrokan bidelagun izateagatik». Bihar egingo diote azken agurra, 17:00etatik 19:00etara bitarte, Gernika-Lumoko Uribe beilatokian.
Zallo komunikazioaren arloan aritu zen nagusiki, eta egindako lana aitortu izan zaio azken urteetan. Besteak beste, 2020an Komunikazio Ikerketaren Espainiako Elkarteak haren ibilbidea saritu zuen, eta iaz Ohorezko Saria eman zion Kazetarien Euskal Elkargoak. Hala agurtu du Zallo elkarte horrek: «Ramon Zallo Elgezabal joan zaigu, akademiaren, unibertsitatearen eta herri baten nortasunaren arteko zubi arkitektoa».
Zallok ekarpen akademiko oparoa egin zuen, eta EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean eman zuen bere ibilbidearen zati handiena. Izatez, fakultate haren sortzaileetako bat izan zen, eta hango Ekonomia eta Ikus-entzunezko Komunikazioko departamentuetako zuzendari izan zen, baita dekanordea ere. Komunikazio Ikerketaren Espainiako Elkarteko Komunikazio Egitura eta Politiken Saileko zuzendari ere izan zen. EHUk nabarmendu du Zallo «aitzindaria» izan zela komunikazioaren eta kulturaren industrien ikerketan.
Ikusi gehiago
Halere, komunikazioaren bideari heldu aurretik, Zuzenbidea eta Ekonomia ikasi zituen, Deustuko Unibertsitatean. «Umetatik galdetzen nion neure buruari zein ote zen gizartearen oinarria; zehazki, sistema ekonomiko batean sartuta dagoen gizartea nola antolatzen zen», adierazi zion BERRIAri elkarrizketa batean. Eta galdera horietako batzuei erantzuten saiatu zen bere bizitza osoan: besteak beste ekomomiari, komunikazio politikei, euskal kulturari, abertzaletasunari eta kulturari lotutako hogei lan baino gehiago argitaratu zituen.
Egindako lan horren sona Eusko Jaurlaritzaraino iritsi zen, eta, Juan Jose Ibarretxeren agintaldian, Kultur arloko aholkulari lanetan aritu zen, Miren Azkarate sailburuak hala eskatuta. Kulturaren Euskal Planaren (2004-2015) eta Kulturaren II. Euskal Planerako Orientabideen (2009-2012) egile nagusia izan zen, eta Kulturaren Euskal Behatokia martxan jartzen lagundu zuen, besteak beste. Gerora, EH Bilduren aholkulari lanetan ere aritu zen.
Borroka askoren babesle
Bere azken liburuan, bestelako asmo bat izan zuen Zallok. Retrovisor y bisturĂ. Memoria crĂtica de una resistencia (Atzerako ispilua eta bisturia. Erresistentzia baten memoria kritikoa) liburuan, ikuspegi autobiografiko batetik, azken sei hamarkaden errepaso bat egin zuen.
Izan ere, akademiatik harago doa Zalloren ekarpena, borroka sozial eta politikoetan izan zuen parte hartzeak erakusten duen moduan. Ikasle garaian, militante antifrankista izan zen. Diktaduraren azken urteetan, Euskal Herriko Gazteria Langile Kristaua mugimenduko kide izan zen lehenik, eta ETAko militante gero. Azken erakunde horretako kide zela, hiru aldiz atxilotu zuten, eta atxiloketa horietako batean torturatu egin zuten.
LKI Liga Komunista Iraultzaileko buruzagietako bat izan zen, eta 1979ko Eusko Legebiltzarrerako bozetara aurkeztu zen. 1980ko hamarkadan, berriz, Auzolan aliantzaren alde egin zuen. Behin hura deseginda, ordea, bestelako militantzia eredu bati heldu zion, eta zail da hark babestu edota sustatu zituen ekimenen zerrenda osatzea: ekologismotik hasi, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduetaraino, baita euskal gatazkaren konponbidea sustatzeko ekinaldiak eta euskal presoen eskubideak defendatzekoak ere. Horiek hala, Sare Herritarrak «besarkada bat» helarazi die haren ingurukoei, eta plataforma sortu zenetik egindako lana eskertu dio Zallori.
EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik ere esker hitzak izan ditu Zallorentzat. «Euskal Herriaren eta langileen aldeko borroka sutsuan» egindako lana eskertu dio, eta babesa helarazi die haren ingurukoei: «Ohorea izan da askapen prozesuaren bidearen zati bat elkarrekin egitea. Zure falta nabarituko dugu!». Antzera mintzatu dira koalizio subiranistako beste zenbait ordezkari ere. EAko idazkari nagusi Eba Blancok eta Josu Estarrona senatariak Zallok Euskal Herriarekin zuen «konpromisoa» eta hark egindako «lan nekaezina» nabarmendu dituzte.
Steilas sindikatuak ere oroitu du: «Ramon Zallo lagun eta Steilaseko kide ohia zendu da, bizitza osoa herriaren eta askatasunaren aldeko militantziari lotuta eman eta gero». Hezkuntza arloko sindikatuak katedradun emerituaren jardun akademiko «oparoa» nabarmendu du.