Realaren eta PSGren arteko partidaren atariko oldarraldian parte hartu zuten zortzi ertzainek ikertu gisa deklaratuko dute

Astearterako deitu ditu epaileak, eta bi auzitan deklaratuko dute: bi Amaya Zabarteren salaketaren harira deitu dituzte, eta sei, Maria Martinen auziaren harira. Biek salatu dute lesioak izan dituztela foam jaurtigaien kolpeen ondorioz.

Amaya Zabarte, bere senarrarekin eta abokatuarekin, apirilean, epaitegira iristen. MAIALEN ANDRES / FOKU
Amaya Zabarte, senarrarekin eta abokatuarekin, apirilean, epaitegira iristen. MAIALEN ANDRES / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko urriaren 31
12:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zortzi ertzainek ikertu gisa deklaratuko dute asteartean, Realaren eta PSGren arteko 2024ko martxoaren 5eko partidaren aurretik egindako oldarraldiaren harira. Bi auzitan egingo dute. Bi agentek Amaya Zabarteren salaketaren harira deklaratuko dute, eta seik, Maria Martinen kasuan. Biek ere lesio larriak pairatu zituzten foam jaurtigaien kolpeen ondorioz.

Noticias de Gipuzkoa-k argitaratu duenez, Zabartek jarritako salaketaren harira deklaratu duten agenteetako bat realzalea lurrean zela jo zuen hura da, Ertzaintzak egindako identifikazioaren arabera. Hain zuzen, bideo batean ikus daiteke inpaktu baten ostean Zabarte lurrera erortzen dela, ondoezik, eta orduan ertzain batek ostiko bat ematen diola. Ertzain hark, baina, ukatu egin izan du ostikoa nahita eman izana, eta adierazi du estropezu egin zuela eta nahi gabe jo zuela emakumearen burua. Ikertu gisa deklaratuko duen beste agentea foam jaurtigailuak zeramatzan ertzainetako bat da. Horiez gain, beste polizia batek ere hartuko du hitza, lekuko gisa.

Buruan eragindako lesioen ondorioz —kaskezurra bi lekutan hautsi zitzaion—, Zabarte Donostia ospitaleko zainketa intentsiboetako unitatean ospitaleratu zuten, eta haren bizia arriskuan egon zen. Auzitara jo zuten, baina Ana Isabel Perez Asenjo epaileak auzia artxibatu zuen, esanez ez zutela argitu nork egin zuen. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak, ordea, auzia berriz zabaltzeko agindu zion epaile berari, besteak beste, bideoa zabaldu eta gero. Apirilean deklaratu zuen Zabartek, eta berretsi zuen jaurtigai batek jo zuela. Auzitegi mediku batek ere adierazi zuen lesioak bateragarriak direla halako arma batekin. Prozesua, baina, geldoa da, eta hala salatu zuen Joseba Novoak, Zabarteren senarrak, aurreko astean Eusko Legebiltzarrean. Haren ustez, «estali» egin nahi izan dute gertatutakoa. 

Maria Martinen kasuan, hari bekaina ireki zion jaurtigai batek, eta kolpearen ondorioz bizi osorako lesio bat du begian. Sei ertzainek ikertu gisa deklaratuko dute auzi horretan, eta beste batek lekuko gisa. Martinek berak maiatzaren 12an deklaratu zuen, eta berretsi zuen jaurtigai batek kolpatu zuela. Zabarterekin gertatu bezala, haren salaketa ere artxibatu egin zuen epaitegi berak, eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak agindu zion berriz ireki eta ikertzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.