Ertzaintzak Zabarte foam pilota batez zauritu izana «estali» nahi izatea salatu du Novoak legebiltzarrean

Ertzaintzaren oldarraldi batean larri zauritu zuten emakumearen bikotekideak adierazi du «infernua» bizitzen ari direla ordutik hona. Eusko Legebiltzarrean «ausardia» eskatu die alderdi politikoei justizia egin dadin laguntzeko.

Amaya Zabarteren bikotekidea, Joseba Novoa, Eusko Legebiltzarreko Segurtasun batzordean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Amaya Zabarteren bikotekidea, Joseba Novoa, Eusko Legebiltzarreko Segurtasun batzordean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2025eko urriaren 22a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ahots urratuarekin eta oraindik oinazea gainetik kendu ezinda, Joseba Novoak Eusko Legebiltzarreko Segurtasun batzordean kontatu du 2024ko martxoaren 5az geroztik berak eta bere familiak izan duten «gurutze bidea». Egun hartan, Realaren eta PSGren arteko futbol partidaren atarian, Ertzaintzaren oldarraldi batean larri zauritu zuten haren bikotekidea, Amaya Zabarte. Orduz gero «babesgabe» sentitu direla azaldu du Novoak, ez Poliziak ez Justiziak ez baitute urratsik egin gertatu zena argitzeko. Are, salatu du «iluntasuna» eta «gezurrak» aurkitu dituztela bidean, eta ekintza «arduragabe eta guztiz neurrigabe» bat «estali» nahi izan dutela. Agintariei «ausardia» eskatu die erantzuleak identifikatzen laguntzeko.

Bideoek eta argazkiek lagunduta, Novoak puntuz puntu kontatu du azken urte eta erdian egin duten bidea, hau da, Ertzaintzaren oldarraldi hura gertatu zenetik gaur artekoa. Berretsi du Zabarte futbol partida ikustera zihoan zale arrunt bat zela, eta «hilzorian» egon zela ustez foam jaurtigai batek buruan jo eta zauri larriak eragin zizkiolako. Azpimarratu du kolpe horren albo ondorioak bizi osorako geratuko zaizkiola, hala fisikoak nola psikologikoak: «Gure bizitzak bira traumatiko bat eman du».

Novoak Jaurlaritzaren eta Ertzaintzaren partetik jaso duen «mespretxua» ere deitoratu du. Izan ere, zehaztu du azkenekoz Zabarte ZIUan zela jarri zirela haiekin harremanetan, eta, orduan «ikerketa bururaino» eramango zutela hitzeman bazieten ere, salatu du gerora «gezurrak» eta «trabak» baino ez dizkietela jarri. Adibide gisa jarri ditu ikerketa oztopatzeko egindako ahaleginak, segurtasun kameretako irudiak jasotzeko baimena ukatuz edo erantzuleak identifikatzea ezinezkoa dela esanez.

«Ertzaintza gertuko Polizia izateko eratu zen. Non geratzen da hori agente batzuek haren irudia zikintzen dutenean? Ardi beltzekin zerbait egiteko eskatzen dizuet»

JOSEBA NOVOA Amaya Zabarteren bikotekidea

Bereziki minduta azaldu da Segurtasun sailburuekin, hala aurrekoarekin, Josu Erkorekarekin, nola egungoarekin, Bingen Zupiriarekin. Esan du emaztearen hitza zalantzan jarrarazi ziotela. Eta txarretsi die Ertzaintzaren irudia zikintzen duten «ardi beltzekin» neurririk ez hartzea. «Ertzaintza gertuko Polizia gisa eratu zen. Non geratzen da hori agente batzuek irudi hori zikintzen dutenean?». Bada, adierazi du oldarraldi hura agindu eta bikotekideari ostikoa eman ziotenek ez luketela beren postuan jarraitu beharko: «Ardi beltzekin zerbait egiteko eskatzen dizuet».

Novoak berriz ere esan du Ertzaintzaren oldarraldi hura «arduragabea eta neurrigabea» izan zela. Nabarmendu baitu liskarrik ez zegoen tokian herritar asko arriskuan jarri zituela. «Oldarraldi hura ez zen inoiz-inoiz-inoiz egin behar. Irudiak hor daude. Non dago agente horien profesionaltasuna?». Hain zuzen ere, gogorarazi du egun hartan beste pertsona batek ere begian jaso zuela kolpea, ustez foam jaurtigai batekin hark ere. «Bizi guztirako albo kalteak geratu zaizkio hari ere». Aipatu duenez, egun hartan pertsona bat bera ere ez zuen atxilotu Ertzaintzak, eta adingabe bat baino ez zuten identifikatu.

(ID_15442739) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) 2025-10-22, Gasteiz. Amaya Zabarteren familia Parlamentuko batzordean agertu da
Amaya Zabarteren bikotekidea, Joseba Novoa, Eusko Legebiltzarreko Segurtasun batzordean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Itzal iluna» Justizian

Zabarteren bikotekidea kexu azaldu da, halaber, Justiziaren utzikeriaz. Izan ere, gogora ekarri du salaketa jarri eta bost egunera artxibatu egin zutela auzia, ikertu ere egin gabe. Helegitea jarri zuen akusazioak, baina gaur arte egun hartan parte hartu zuten ertzain bakar batek ere ez du epailearen aurrean deklaratu. 18 hilabete igaro dira ordutik. «Nola sinistuko dugu Justizian eta instituzioetan haien gainean itzal ilun bat badago?».

Novoak salatu du zailtasunak izaten ari direla ikerketa bururaino eraman eta zer gertatu zen argitzeko, Ertzaintzak ez ezik, epaileak berak ere ez baitu urratsik egiten. «Ez nuen sekula pentsatuko Ertzaintzak eta Justiziak horrela jardungo zutenik nire familiaren aurka». Salatu du, hain zuzen ere, «modu sistematikoan» ukatu dizkietela haien abokatuak egindako eskari guztiak. Gardentasuna eskatu du: «Ikerketa serio eta oso bat eskatzen dugu, justua eta inpartziala izango dena, zer gertatu zen argitu eta egilea identifikatuko duena».

«Nola sinistuko dugu Justizian eta instituzioetan haien gainean itzal ilun bat badago? Ez nuen sekula pentsatuko Ertzaintzak eta Justiziak horrela jardungo zutenik nire familiaren aurka»

JOSEBA NOVOA Amaya Zabarteren bikotekidea

Edonola ere, eta auzibide horrez gaindi, gertatutakoa ikertzeko laguntza eskatu die Novoak legebiltzarkideei. «Ausardia» eskatu die, nork bere alderdiaren lubakia utzi eta dagokionari erantzukizuna eskatzeko. «Justiziatik harago ekiteko eskatzen dizuet. Ausartak izan zaitezte, alfonbra azpian begiratu eta ekiteko, begien bistakoa baita zer gertatu zen».

Elkartasuna eta ardura

Erantzunen txandan, talde politiko guztiek erakutsi diote elkartasuna Amaya Zabarteri eta haren senide eta gertukoei, eta gertatutakoa ikertu dadila galdegin dute. Baina nork bere ñabardurak egin ditu. Esaterako, EAJko Jon Andoni Atutxak aitortu du Zabarte Anoeta inguruan izandako «liskarren biktima errugabea» dela, eta, beraz, justizia eskatzeko eskubidea duela. Baina, horrez gain, protokoloak behar bezala bete ziren argitzea galdegin du, eta, okerrik bada, dagokionari erantzukizuna exijitzeko.

EH Bilduk bere egin ditu Novoaren azalpenak, eta adierazi du ulertezina dela Zabarte eta haren senideak bizitzen ari direna. Gorka Ortiz de Gineak adierazi du «onartezina» dela auzi honetan Ertzaintza eta Jaurlaritza izaten ari diren jarrera, eta «eskandalutzat» jo du gertatu zena estali nahi izatea. «Erantzukizuna argitzea exijitu behar da; amaitu behar da inpunitate hori: egia jakiteko eskubidea duzue». Era berean, salatu du «ohikoa» dela Donostiako epaitegietan salaketa jarri eta auzia ikertu gabe artxibatzea. Adibide gisa jarri ditu Tolosako inauterietan pilotakadaz zauritutako gaztearen kasua, edo Astigarragan eldarnioak jota zegoen gizonarena.

PSE-EEk ere elkartasuna adierazi dio Zabarteri. Miren Gallastegi legebiltzarkideak azpimarratu du beharrezkoa dela zer jazo zen argitzea, halakorik berriz ez gertatzeko. Baina justizian «konfiantza» izateko eskatu du. PPk, berriz, Jaurlaritzari eskatu dio bitarteko guztiak jar ditzala, ikerketa azken bururaino eraman dezaten laguntzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.