Aldiriko trenen erdiak ibiliko dira hiru egunez, Renfeko grebaren ondorioz

Datorren astelehenetik asteazkenera izango da lanuztea, eta eragina izango du Bizkaiko eta Gipuzkoako bost lineatan, baita Arabako lautadatatik igarotzen den tren zerbitzuan ere. Gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte: %50ekoak puntako orduetan.

Renfeko tren geltoki baten artxiboko irudi bat. GORKA RUBIO / FOKU
Renfeko tren geltoki baten artxiboko irudi bat. GORKA RUBIO / FOKU
kristina martin
2026ko otsailaren 6a
16:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sindikatuek hiru eguneko grebara deitu dituzte Renfeko langileak; otsailaren 9rako, 10erako eta 11rako. Bilboko eta Donostiako aldiriko bost lineari eragingo die grebak, baita Arabako lautadatik igarotzen den zerbitzuari ere. Eusko Jaurlaritzak ezarri ditu gutxieneko zerbitzuak: puntako orduetan, trenen erdiak ibiliko dira, eta beste ordutegietan, ostera, lautik bat. Nafarroan ere izango du eragina, distantzia ertain eta luzeko zerbitzuetan. Gutxieneko zerbitzuak Espainiako Gobernuak ezarri ditu horietan: %73koak distantzia luzeko lineetan, eta %65ekoak distantzia ertainekoan.

Datorren astean —astelehenetik asteazkenera— egingo dute lanuztea, Espainiako erkidego guztietan. Hego Euskal Herrian ere bai: Bizkaian eta Gipuzkoan, Renfeko aldiriko bost lineatan igarriko dute zerbitzuen murrizketa grebaren ondorioz; Araban, Miranda Ebro (Burgos, Espainia) eta Altsasu (Nafarroa) lotzen dituen tren zerbitzuan izango du eragina, linea hori Arabako lautadako zazpi herritatik igarotzen baita. 

2025. urtearen hasieratik, Eusko Jaurlaritzaren esku daude aldiriko tren zerbitzu horiek: Bizkaiko lau linea —C-1 Bilbo-Santurtzi, C-2 Bilbo-Muskiz, C-3 Bilbo-Urduña eta C-4 Bilbo-Balmaseda—, Gipuzkoako bat —C-1 Irun-Brinkola—, eta Arabako lurraldetik igarotzen den Miranda Ebro-Altsasu linearen zatia. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak ezarri ditu zerbitzu horietako gutxieneko zerbitzuak: trenen %50 ibiliko dira bidaiari gehieneko ordutegietan: 06:00etatik 09:00etara, 13:30etik 14:00etara, 15:30etik 16:00etara eta 18:30etik 20:30era; beste ordutegietan, zerbitzuen %25 egongo dira.

90.000 bidaiari 

Grebak eragin handia izango du Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren garraioan. Izan ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako bost linea horietan, enpresak emandako datuen arabera, ia 90.000 bidaiari ibiltzen dira batez beste lanegun batean. Bidaiari kopuru txikiagoa badu ere, Araban ere izango du eragina. Linea horrek Arabako zazpi herritan ditu geralekuak: besteak beste, Argantzon, Agurain, Dulantzi, Araia eta Gasteiz.

Aldiriko trenetan ez ezik, grebak eragina izango du distantzia ertaineko eta luzeko zerbitzuetan ere; halaxe gertatuko da Nafarroan. Haien gutxieneko zerbitzuak Espainiako Garraio Ministerioak ezarri ditu, eta Eusko Jaurlaritzakoenak baino zorrotzagoak dira: %73koak distantzia luzeko lineetan, eta %65ekoak distantzia ertainekoetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.