Rufi Etxeberria: «Bozak irabazteko asmoa dugu»

PSE-EEk dio Jaurlaritza ez dagoela «larrialdi egoera» batean; PPk eta EBk bozetara deitzeko eskatu diote Lopezi

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
«Irabazteko» eta «gobernatzeko» asmoz aurkeztuko dira Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara elkarrekin ezker abertzalea, EA, Alternatiba eta Aralar , Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideak ziurtatu duenez. «Legebiltzarreko erreferentzia nagusia izateko asmoz goaz, eta gure helburua dahauteskundeak irabaztea eta gobernatzea». Horrela adierazi du SER irratian egin dioten elkarrizketan. Lau alderdiok koalizioan joango dira dira bozetara, baina oraindik ez dute erabaki zein izango denlehendakarigaia. Hori bai, Etxeberriak bere burua baztertu du hautagai izateko.

Legebiltzarreko hauteskundeak 2013ko otsailean izango direla berretsi du, berriz, PSE-EEko eledun Jose Antonio Pastorrek. Azaldu duenez, lehendakariak ez du bozak aurreratzeko asmorik, eta legealdia amaituko du. PPren babesa galduta ere, gutxiengoan gobernatzea posible dela uste du Pastorrek, eta esan du sozialistekaukera dutela edozein talderekin akordioak lortzeko.

Pastorrek ziurtatu du gutxiengoan egoteak ez duela Jaurlaritza «larrialdi egoeran» uzten, besteak beste, aurrekontuak onartuak dituelako eta lege asko martxan jartzen ari delako. «PP ari da bakarrik geratzen, ez PSE-EE», gaineratu du.

PPren abisua

PPkoek, ordea, ez diote erraza jarriko gobernuari. Bozak aurreratu ezean, legebiltzarrean gehiengoa izatea eragotz dezaketela ohartarazi dio Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak Patxi Lopez lehendakariari. Basagoitik esan duenez,lehendakariak datozen hilabeteetan euskal ekonomia «amildegira» eramaten badu, legebiltzarreko babesa erabat kenduko dio PPk PSE-EEri. Dioenez, zentsura mozioaren aukera ez dute mahai gainean jatzeko asmorik, baina gobernuari noiz desegin behar duen esateko indar nahikoa badute legebiltzarrean.

Basagoitik uste du datorren urteko aurrekontuak egiteko denbora nahikoa izan beharko lukeela hurrengo gobernuak, eta horretarako Jaurlaritzak kutxa «egoera onean»utzi beharko lukeela.

Jose Navas Ezker Batuko eledunaren iritziz, berriz, lehendakariak «erantzukizunez» jokatubeharko luke, eta hauteskundeetara «lehenbailen» deitu beharko luke. Navasen arabera, EAEk ezinbestekoa du legebiltzar «berri eta osatu bat», egoera ekonomiko zailari aurre egiteko eta ongizarte estatuari eutsi ahal izateko. Ostera, uste du Lopezek alderdi interesengatik jarraitzen duela Ajuria Enean, krisialdiak Jaurlaritza baino gehiago Basagoiti bera higa dezan nahi duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.