Alberto Nuñez Feijoo PPko buruzagiak pentsioen jasangarritasuna ezbaian jarri ostean, Alderdi Sozialistak ez du aukera galtzen utzi, eta hauteskundeei begirako agendan kokatu dute gaia. Gaur bertan, Tuteran (Nafarroa) egindako agerraldi batean, Elma Saiz Espainiako Gobernuko eledun eta Alderdi Sozialistaren Kongresurako Nafarroako zerrendaburuak auziaz «errespetu gutxirekin» aritzea egotzi die PPri eta Voxi, eta UPN ere zaku berean sartuta, murrizketetan eta pribatizazioan oinarritutako «agenda ezkutu bat» izatea egotzi die eskuineko alderdiei.
Saiz, gobernuko bozeramaile izateaz gain, Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroa ere bada, eta pentsioen auzian zentratu du bere hitzartzearen zati garrantzitsu bat. Haren hitzetan, sistemaren jasangarritasuna bermatuta dago, eta gogor kritikatu du eskuinak «altxor handi» hori indartzearen kontra egitea. Horren atzean zer egon daitekeen ere adierazi du Saizek. PSNren hautagaiaren hitzetan, sistema zalantzan jartzeak murrizketak gauzatzeko nahi bat erakusten du.
Hain zuzen, Maria Txibite Nafarroako presidente eta PSNko buruak adierazi du hilaren 29ko hauteskundeetan bi ereduren artean aukeratu beharko dutela herritarrek, eta eurenaren defentsa egin du. «Enpleguan errekorrarekin, eskubideetan aurrera egin, eta desparekotasuna eta pobrezia murrizten dituena», esan du.
Legealdiaren balantze bat ere egin du Txibitek, Madrilera begira. Azken urteetan eskualdatutako eskumenei erreparatu die, eta adierazi du horiek «Nafarroaren foraltasuna zer den ulertzen duen gobernu bat egon delako» iritsi direla. Madrilek lurralde hartako azpiegituretan egindako inbertsioak ere goraipatu ditu.