Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak berritu egin du hilketa matxistei erantzuteko protokoloa. Eta aurrerantzean, bortizkeriaren gaitzespena eta salaketa ez ezik, hildako emakumeen memoria ere jorratu nahi du. «Protokoloak erantzun bat aktibatzen du erailketa gertatzen den unean, baina memoria ere landu behar da, bestela ahanzturan geratzen direlako eraildako emakumeak. Erreparaziorako bide bat da memoria», azaldu du Ekhi Petriatik, Emakumeen Mundu Martxako kideak.
Larunbatean Zornotzan (Bizkaia) egindako jardunaldian aurkeztu zuten protokolo eguneratua, hainbat hilabetetako hausnarketa prozesuaren ondoren. «Inoiz erabili behar ez izatea nahiko genuke, baina beharrezkoa den bitartean, hemen dago». Berez 2013an jarri zuten martxan tresna hori, Euskal Herrian indarkeria matxistaren ondoriozko hilketen aurka mobilizazioak antolatzeko, bai hiriburuetan, bai herrietan. Erantzun kolektibo hori oraindik beharrezkoa dela nabarmendu du Petriatik: «Erailketa matxistak sistema honen aurpegirik krudelena eta bortitzena dira, eta, horien aurka, Euskal Herriko erantzunak bateratua izan behar du».
Irizpide berrituak
Euskal Herrian bizi proiektua duen emakume bat hiltzen dutenean edo hilketa matxista bat Euskal Herrian gertatzen denean aktibatzen da Emakumeen Mundu Martxaren protokoloa: gaitzespen elkarretaratzeak antolatzea aurreikusten du, gutxienez hiriburuetan, eta 24-48 orduren buruan —epe hori zabaldu dute, 24 ordu gutxi zirelakoan kasu batzuetan—.
Hala ere, tresna «bizia» dela esan du Petriatik: «Dokumentu dinamiko bat da, amaitu gabea. Testuinguruak eskatzen duen heinean, moldaketa batzuk beharko ditu, ikusita jendarteak nola erantzuten duen». Izan ere, onartu du protokoloak ez dituela egoera guztiak jasotzen: «Iaz, adibidez, Euskal Herritik kanpo bizitzera joandako bi emakume hil zituzten. Halakoak ez zeuden jasota protokoloan, eta zalantza izan genuen protokoloa aktibatu ala ez; oraingoan, jaso dugu erabaki hori tokian tokiko mugimendu feministarekin adostea eta koordinatzea».
«Erantzuna, nolabait, zaharkituta geratzen ari zen, eta ez zetorren bat protokoloaren helburuekin: kontzentrazioak tramite soil bihurtzen ari ziren, eta ez emakume bat hil dutelako dena gelditzeko une bat»
EKHI PETRIATI Emakumeen Mundu Martxako kidea
Era berean, gogoeta prozesuan hainbatetan agertu den kezka bati ere heldu diote: «Erantzuna, nolabait, zaharkituta geratzen ari zen, eta ez zetorren bat protokoloaren helburuekin: kontzentrazioak tramite soil bihurtzen ari ziren, eta ez emakume bat hil dutelako dena gelditzeko une bat». Hori dela eta, protokoloa herri mugimenduko beste eragileekin lantzen saiatuko dira: «Sozializatzeko, aliantzak josteko, eta erantzuna kolektiboagoa izan dadin; azken batean, beste eragileek ere senti dezaten ardura erailketa matxista bati erantzuteko». Telegram kanal bat ere abiatu du Emakumeen Mundu Martxak, protokoloaren aktibazioaren berri emateko eta mobilizazioak zabaltzeko.
Baina elkarretaratzeak ez ezik, bestelako jarduera batzuk ere pentsatu dituzte, erailketa matxista gertatu eta denbora batera ere martxan jar daitezkeenak. Tartean da memoria lantzea. Petriatik esplikatu du askotan atera dela gaia hausnarketa prozesuan: «Herri batzuetan ezin dira kalera atera erailketa bakoitzean; beraz, interesgarria izan daiteke memoria ariketa bat egitea urtean behin, gogoratzea emakume hauek jada ez daudela. Izan daiteke urte amaieran ekitaldi bat egitea, edo mural bat margotzea, edo bestelako zerbait. Baina memorian asko dugu egiteko».
Erakunde publikoei mezua
Edonola ere, Emakumeen Mundu Martxak argi utzi du protokoloa hilketei erantzuteko tresna bat dela, baina ez dela aski, inola ere, indarkeria matxistaren aurkako jardunean. Hala, beharrezkotzat jo du prebentzioan aritzea, erailketa matxista gehiagorik gerta ez dadin. «Indarkeria matxistaren aurkako borroka ez da soilik mugimendu feministaren ardura. Erakunde publikoek baliabide gehiago jarri behar dituzte boterea eta baliabideak birbanatuko dituen prebentzioan, baldintza materialak eraldatzen, eta, noski, indarkeria matxista jasan duten pertsonen babesa bermatzen».