Sei adingabez eta bi helduz osaturiko familia bat etxegabetu zuten atzo Gasteizen, Santsonamendi auzoan, eta haiek babestera joandako herritarren aurka oldartu zen Ertzaintza. Auzia ez da hor amaitu. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak gaur salatu du Gasteizko Udalak eta zenbait komunikabidek —El Correo aipatu dute beren-beregi— familia horren aurkako «kriminalizazio eta difamazio» kanpaina bati «bide eman» diotela: «Helburua argia da: gezurrak zabaltzea eta informazioa gertatutakoaren inguruko ulermen marko klasista eta arrazista bat sortzeko erabiltzea, horrela beren erantzukizun instituzionala ezkutatzeko».
Familiari eskaini zaion bizitokiari dagokionez, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak zera azaldu du: Gasteizko Udalak esan duela familiak uko egin ziola udalak berak eskainitako bizitokiari, eta, gainera, zenbait hedabidek hauspoa eman diotela horri. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren esanetan, baina, familiari ez diote halako aukerarik eman, eta zera baino ez diote eskaini: alokairuko etxeen zerrenda bat, familiak berak deitzeko. Deitu dute, baina ez dute lortu alokairurik, adierazi dutenez.
Familiaren diru sarrerak ere hizpide izan dira. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren arabera, El Correo egunkariak argitaratu zuen familiak diru laguntza publikoak jasotzen dituela: 2.450 euro. «Datu hori gezurra da: komunikabidearen kalkulu bat baino ez da. Familiak laguntza publikoak jasotzen ditu, horretarako eskubidea duelako, eta zenbatekoa hiletik hilera aldatzen da». Datu hori emanda, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren irudiko, pertsona arrazializatuen aurkako «gorrotoa» sortzea baino ez dute nahi.