Salatu dute ikastetxeetan sukaldeak eraikitzeko Jaurlaritzaren plana ez dela nahikoa

Gure Platera Gure Aukera ekinaldiaren irudiko, sukaldeak ikastetxeetan bertan eraikitzean bainoago jangelen «kudeaketa ereduan» dago gakoa.

Haur batzuk jangelan, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Haur batzuk jangelan, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko ekainaren 13a
14:39
Entzun 00:00:0000:00:00

Asteon egin du iragarpena Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak: hogei milioi euroko inbertsioa egingo dute 2028ra arte, ikastetxeetan sukaldeak jartzeko eta zonakako sukaldeak eraikitzeko. Halere, apustua ez zaio nahikoa iruditu Gure Platera Gure Aukera eragileari: «Planak, gure ustez, ez die erantzuten hainbat urtetan hezkuntza komunitateek eta eragileek mahai gainean jarri ditugun eskari eta beharrei».

Izan ere, Gure Platera Gure Aukera taldearen irudiko, ikastetxeetan sukaldea izatea «positiboa» bada ere, eskola jangelen eraldaketaren muina ez da soilik sukaldeak eraikitzea: «Eskola jantokiak kudeatzeko ereduan dago funtsa». Hori dela eta, eragilearen esanetan, catering enpresarik gabe jardun nahi duten eskoletarako «beste eredu bat» arautzea adostu zuten Eusko Legebiltzarrean 2019an. Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du araudirik kaleratu, ordea.

Azpiegiturei dagokienez, ziurtatu dute 50 ikastetxek egin dutela sukaldea edukitzeko eskaera. Ondorioz: «Gehienak plan honetatik kanpo geratuko lirateke». Gainera, nabarmendu dute 2019tik 2023rako azpiegitura planean jasota zeuden zazpi sukaldeetatik hiru egin gabe daudela oraindik, eta beste batzuk oraindik ezin izan direla erabili. Horrez gain, eraiki diren lau sukalde horietan ez da eredua aldatu —catering enpresek kudeatzen dituzte—, nahiz eta, ziurtatu dutenez, horietako bitan «proiektu osagarri bat» landu eta aurkeztu duten.

Horiek horrela, Hezkuntza Sailari eskatu diote abia dezala eredu berria eraikitzeko prozesua, «inplikatutako eragile guztiekin» abiatu ere, eta erantzun diezaiela herrietatik eta eskualdeetatik egiten dizkioten proposamenei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.