Uztailaren 27tik abuztuaren 4ra arte zundaketa bat egin zuten Altsasun (Nafarroa), Nafarroako AHTaren eta euskal y-aren arteko lotura eremua ikertzeko. Protesta eta ekinaldi asko izan ziren egun horietan; tartean, laurehun pertsona baino gehiagoko manifestazioa Altsasun. Bada, zundaketen kontrako mugimenduak salatu du sei pertsonari ehun euroko isun bana iritsi zaiela zundaketen aurka mobilizatzeagatik.
Azaldu dutenez, Guardia Zibilak eta Foruzaingoak zundaketa babestu zuten, eta lan horiei buruz galdetzera hurbildu zen edonor identifikatu zuten. Aste mugitua izan zen, informazio batzar eta martxa asko egin zituzten, eta mobilizazio bat zundaketa gunera bertara iritsi zen. «Zundaketara arteko ibilbidean tentsio uneak suertatu ziren, identifikazioak, oldarraldien inguruko mehatxuak eta zaintza droneak zirela eta», azaldu dute.
Oraindik ez dago garbi nondik lotuko dituzten AHTaren Hego Euskal Herriko bi sare nagusiak, baina alternatibetako bat da trenbidea Aralar ondotik joatea. Hogei kilometroko tunel bat egin beharko dute trenbide hori egin ahal izateko. Zundaketen kontrakoek behin baino gehiagotan salatu dute Altsasuko alkate Javier Ollo dela AHTaren aurka dagoen Sakanako alkate bakarra, eta protesta aste horretan erantzukizunak eskatu zizkioten.