Salatu dute Jaurlaritzak bertan behera utziko duela irakasleak euskalduntzeko Irale programa

ELA sindikatuaren irudiko, «larriak» dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak azken boladan euskararen inguruan hartutako erabakiak. Hezkuntza Sailak dio Irale «egokitu» egin nahi dutela.

Iraleren Bilboko ikastegietako bat, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iraleren Bilboko ikastegietako bat, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete - Aitor Biain
2026ko otsailaren 24a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako irakasleak euskalduntzeko eta euskal kulturan murgiltzeko programa da Irale, eta arriskuan dagoela ohartarazi du gaur ELA sindikatuak. Haren esanetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Irale bertan behera uztea erabaki du, datorren ikasturtetik aurrera. Auziaren inguruan galdetuta, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak ez du iragarpena gezurtatu; esan du eutsi egingo zaiela programari eta liberazioei, baina «behar berrietara» egokitzeko ahalegina egingo dutela.

Irale ez da nolanahiko programa. Haren bidez, urtero 700 bat irakaslek 365 ordu inguruko liberazioa izaten dute, euskara maila hobetzeko, euskararen eta euskal kulturaren inguruko jakintza aberasteko, irakasleak hizkuntzaren didaktikan trebatzeko eta curriculumaren «euskal dimentsioa» lantzeko; lanorduetan hartu izan dituzte eskolak. 

Eusko Jaurlaritzak 1981-1982ko ikasturtean jarri zuen martxan programa hori, eta, beraz, 45 urteko ibilbidea du. 60 irakasle inguru aritzen dira lantegi horretan, Iraleren bost ikastegietan: Bilbon (2), Gasteizen, Donostian eta Eibarren (Gipuzkoa).  

Alta, programa kolokan dagoela ematen du. ELAk egin du salaketa: «ELAk jakin du Hezkuntza Sailak asmoa duela 2026-2027ko ikasturtean bertan behera uzteko irakasleak euskalduntzeko eta euskara maila hobetzeko Irale programa». Sindikatuak salatu du erabaki horren berri komunikabideen eta langileen bidez izan dutela: «Sindikatuei ez zaie horri buruzko informaziorik eman».

«Oso larria» iruditzen zaio erabakia: «ELAren ustez, oso erabaki larria da, bai prozedurari dagokionez, otsailean langileen ordezkariek ez baitute horri buruzko informaziorik, baita erabakiaren edukiari dagokionez ere, Irale euskara transmititzen laguntzeko tresnak eskaintzen dituen programa bakanetako bat baita». Sindikatuak etzi dira biltzekoak Hezkuntza Sailarekin, irakasleen negoziazio mahaian, eta sindikatuak jakinarazi du atzera egiteko eskatuko diola Jaurlaritzari.

Erabaki gehiago

Iralerena ez da ELAk salatu duen erabaki bakarra. Berriki argitara atera den agindu proposamen baten inguruan ere aritu da sindikatua. Hezkuntza Sailaren agindu proposamen horretan, zera dago jasota: ikasturte hasierako lanpostuen esleipen prozesua arautzeko propio ateratako dokumentuak C1 euskara maila duten irakasleei sarbidea mugatzen die eskakizun apalagoa —B2 maila— duten lanpostuetarako; hau da, euskara maila apalagoa duten irakasleak lehenesten ditu zenbait postutan. «Eusko Jaurlaritzak hizkuntza eskakizunak malgutu nahi ditu, langileak euskaldundu beharrean». ELAren irudiko, kontrako bidea jorratu beharko litzateke: hizkuntza eskakizunak «orokortu» eta langileak euskalduntzeko prestaketa eta baliabideak «indartu».

Lanbide Heziketako egoeraz aparteko kezka du sindikatuak. Salatu dute oraindik ez dagoela ikasketa guztiak euskaraz egiteko aukerarik, ezta langileak euskalduntzeko «baliabiderik edo plangintzarik» ere: «Ez dago Lanbide Heziketa euskalduntzeko plan jakinik». ELAk ziurtatu duenez, mahai tekniko guztietan eskatu dute Lanbide Heziketa euskalduntzeko «plangintza integrala».

Erabaki horiek guztiak «larriak» iruditzen zaizkio ELAri: «Euskalduntzearen kontrako norabidean doaz». Horregatik, nola erantzun aztertzen ari dira afiliatuekin eta hezkuntzako gainerako langileekin.

LABek ere egin du kritika, baina ez dute esan programa bertan behera geldituko denik. Sindikatuak dio «zurrumurru asko eta informazio gutxi» dagoela. Eta, hori ikusirik, irakasleen prestakuntzarako beharra egon badagoela nabarmendu du: «Irakasleen murgiltze ikastaroak eta euskal kultura lantzekoak mantendu eta indartu egin behar direla adierazi nahi du LABek».

Sindikatuaren irudiko, Hezkuntza Sailak sortu asmo duen Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuak har dezake langintza hori bere gain: «Irale programaren helburuak hartu beharko ditu, behar eta garai berrietara egokituta eta hobetuta». Izan ere, ikusten dute aldaketarako premia, baina ez baliabideak murriztuta, indartuta baizik: «Aurrerapauso ausartak eta sendoak emateko abagunean gaude, eta, horretarako, behar-beharrezkoa da irakasleen prestakuntzarako baliabideak gehitzea, euskalduntzean eta euskal kulturaren transmisioan aurrerapausoak eman ditzagun».

LABek ere salatu du Hezkuntza Saila auzia «gardentasunik gabe, aldebakarrez eta informaziorik gabe» kudeatzen ari dela. Hori ikusirik, zera galdegin dute: «LABek Hezkuntza Sailari eskatzen dio Iralek izango duen berrantolaketa sindikatuokin negoziatzea eta adostea».

Hausnarketa eta berrantolaketa

Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, gaiari buruz galdetu diote Hezkuntza sailburuari, eta adierazi du eutsi egingo dietela Irale programari eta irakasleen liberazioei. Baina zehaztu du 45 urteren ondoren Irale programa errealitate berrira egokitzeko ahalegina egin nahi dutela. Izan ere, sailburuaren hitzetan, beharrak aldatu egin dira, irakasle gehienak euskarazko C1 mailaren egiaztagiria lortuta ateratzen direlako unibertsitatetik. Horregatik, esan du «hausnarketa eta berrantolaketa» prozesu bat martxan dutela. 

Pedrosak aitortu du Irale ezinbesteko programa izan dela irakasleen alfabetatzeari dagokionez. Eta jakinarazi du sare publikoko hamar langiletik bederatzi programa horri esker euskaldundu direla. Gaur egun 60 pertsonaz osatutako talde bat ari da zerbitzu hori ematen, eta esan du eutsi egingo zaiola haien liberazioari: «Aitortza egin behar zaio talde horri; ekarpen esanguratsua eta oparoa egin du». Halere, ñabartu du ezinbestekoa dela errealitate berrira egokitzea, hezkuntza sisteman ere «behar berriak» sortu direlako, hala nola metodologiari edo murgiltze ereduari eta txostengintzari dagokienez. 

Ikastetxeek ere eskaera hori egin dietela esan du sailburuak: «Irakasleen konpetentzia beharrak asko dibertsifikatu dira; ez da bakarrik ikuspegi komunikatibotik egiaztatzea gai garen ala ez. Testugintzan badauzkagu hobetu beharrekoak, bai euskaraz, bai gaztelaniaz, bai ingelesez. Baita etorri berriak diren ikasleei kalitatezko arreta emateko prozeduran ere, hizkuntzari edo ikuspegi metodologikoari dagokionez. Behar asko dauzkagu, eta horiei erantzuteko beharrezkoa da profilei buelta bat ematea eta zereginak eta funtzioak berraztertzea. Beraz, programa horren dibertsifikazioa behar-beharrezkoa da».

Horrek esan nahi du Iralek euskalduntzean eta euskal kulturan murgiltzeko programa izateari utziko diola? «Jakina», erantzun du sailburuak, eta zera erantsi: «Zentzuz jokatzen ari gara, eta baliabideek bidea egin behar dute egoera berriei erantzuteko. Irale bere baitan mantentzen da, eta horrela adierazi zaie lantaldeei eta sindikatuei». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.