Udal eta foru hauteskundeak. Araba

Sanchez: «Eskuinak ETAren mamua erabiltzen du ez duelako zer eskaini»

Espainiako gobernuburua Gasteizen izan da, Arabako hautagaiak babesten. «Aldaketa lasaia» agindu du Maider Etxebarria alkategaiak

Gonzalez, Sanchez, Etxebarria eta Andueza, atzo, Gasteizen. J.FONTANEDA / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2023ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Gasteizen egon zen atzo arratsaldean Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, Maider Etxebarria eta Cristina GonzalezPSE-EEko hautagaiei babesa emateko. Sozialistek Lakua auzoko pilotalekua aukeratu zuten ekitaldia egiteko, eta militanteek lepo bete zuten aretoa. «Haizea kontra izanda ere» sozialistek erdietsitako lorpen sozialak gogoratu zituen Sanchezek, eta ziurtzat jo zuen alderdi sozialista «indartuta» irtengo dela maiatzaren 28an. «Ziur naiz lehen indarra izango garela, sozialistei botoa ematea ongizatea babestea delako», adierazi zuen.

Sanchezek hitza hartu eta berehala, geratu egin behar izan zuen, hainbat pertsona oihuka hasi zitzaizkiolako Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Sahararen inguruan hartutako jarrera salatuz eta Traidore zioten afixak erakutsiz. Segurtasun zaindariek atera egin zituzten, eta Sanchezek hitzaldiarekin jarraitu zuen ondoren, gertatutakoari aipamenik egin gabe.

PPren aurka egiteko baliatu zuen Sanchezek hitzaldiaren zati handiena, eta eskuineko alderdiari aurpegiratu zion ETA erabiltzea Espainiako Gobernuaren lorpenak «estaltzeko»:«Eskuinak ETAren mamua erabiltzen du hauteskundeak galdutzat jotzen dituelako eta zer eskaini ez duelako. Baina badut berri txar bat beraientzat: Espainiako demokraziak ETA garaitu zuen duela hamabi urte. Eta gobernu sozialista batek garaitu zuen ETA. Horixe ezin dute jasan».

Azpimarratu zuen PPk iragarritako «apokalipsia» ez dela inoiz iristen; besteak beste, Espainiako ekonomia Europako batezbestekoaren gainetik hazten ari delako. Irainen aurrean, sozialistek «aurrerapen sozialak» eskaintzen dituztela azpimarratu ondotik, bi iragarpen egin zituen. Batetik, ahanztura onkologikoarekin lotuta, iragarri zuen gaixotasuna gainditu dutenek ez dutela hiru urtean behin gidatzeko baimena berritu beharko. Bestetik, %45eko desgaitasuna edo gehiago dutenek bost urte kotizatu beharko dute —eta ez hamabost— pentsioak aurrez eskuratzeko. Bi neurriok asteon hartuko ditu gobernuak.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak ere parte hartu zuen mitinean, eta hark ziurtzat jo zuen PSE-EEk udal eta foru hauteskundeak irabaziko dituela, eta «giltza» izango direla. Anduezaren hitzetan, sozialistei esker lortu dira Osakidetza, eskola publikoa, diru sarrerak bermatzeko errenta eta Bilboko metroamartxan jartzea, besteak beste, eta horrek erakusten du «herritarren interesak» PSEk baino ez dituela defendatzen.

«Aldaketa lasaia»

Maider Etxebarria Gasteizko alkategaiaren ustetan, berriz, PSE-EEk «gurutzaontzi abiadura» iritsi du eta «geldiezina» izango da bozetan. Bere burua «aldaketa lasaiaren» ikurtzat jo zuen, eta hitzaldi guztia gazteleraz eskaini ondotik, euskaraz esan zituen ondorengo hitzak: «Aldaketa lasaia, inklusiboa eta erradikaltasunik gabea behar du Gasteizek.Nik hiri guztiaren alkate izan nahi dut. Hiriaren aniztasuna aintzat hartuko duen alkate izan nahi dut».

PSE kudeaketa onaren isla dela nabarmendu zuen Etxebarriak: «Soluzioak ematen dituen alderdia gara, EAJ, EH Bildu eta PP ez bezala. Herritarrek aukeratu beharko dute fronteen edo zubien artean. EH Bilduk eta PPk muturreko politikak dituzte, eta PSE da hori gelditzeko aukera bakarra».

Cristina Gonzalez ahaldungai nagusiak, berriz, esan zuen sozialistek politika «eraginkorra» eta «erabilgarria» egiten dutela, eta boto emaile sozialistak mobilizatzera deitu zituen, orain arte lortutako «eskubideak» defendatzen jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.