EAJ-ko eleduna Espainiako Kongresuan

Maribel Vaquero: «Sanchezek batzuetan erraz egiten du zailena; adi gaude edozein aukera probesteko»

PSOEren legez kontrako finantzaketa «marra gorria» litzateke EAJrentzat, eta horrek legealdia bukaraziko luke. Baina Vaquerok esan du bitartean indarrean direla Sanchezekin egindako itunak, eta horiek betetzeko eskatzen jarraituko dutela.

Maribel Vaquero, EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramailea. MAIALEN ANDRES / FOKU
Maribel Vaquero, EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramailea. MAIALEN ANDRES / FOKU
xabier martin
Donostia
2025eko ekainaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

PSOEren barruan eztanda egin duen ustelkeria auziak kolokan utzi du Espainiako legealdia, baina Maribel Vaquerok (Urnieta, Gipuzkoa, 1970) argi esan du bukatzen ez den artean «indarrean» daudela EAJk Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezekin egindako itunak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesen eta Sanchezen arteko bilerarako «albiste on bat» espero du jeltzaleen eledunak.

Kolokan da Sanchezekin Gernikako Estatutua osorik betetzeko egindako akordioa?

Legealdia indarrean dagoen bitartean, itunek indarrean jarraitzen dute, eta, beraz, inbestidura itun horrek ere bai. Gure indar guztiak jarriko ditugu hori bete dadin. Ikusten den moduan, Gizarte Segurantzako transferentziaren inguruan elkarrizketak izan dira Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean, asteon bertan azkena, eta espero dugu lehenbailehen ixtea transferentzia hori, abuztua baino lehen behintzat.

Baina belarriak tente jarri zaizkizue ‘Cerdan auzia’ dela eta. Noraino zabaldu da larridura EAJren barruan?

Beti esan dugu politikan zuhurtziaz jokatzen dugula, eta egoera nahasi honetan ere hala ari gara, zeren eta egunero jaikitzen gara informazio berriarekin. Argitasuna behar dugu, gardentasuna, eta Sanchezen gobernuak eman behar digu argitasun hori. Uztailaren 9an egingo du agerraldia: ea zer eskaintzen duen.

Bi aste barru, Pradales lehendakaria eta Espainiako gobernuburua elkartuko dira. Gizarte Segurantza aipatu duzu. Bada berririk transferentzia horren inguruan?

Negoziazioa irekita dago. Ezaugarri tekniko asko dauzka eduki horrek, eta horiek lotzen dabiltza gobernuak. Espero dezagun uztailaren 15erako albiste on bat egotea Euskadirentzat.

Sanchezentzat garrantzitsua da orain Pradalesekin azaltzea. Nola irakurri behar da argazki hori ustelkeria akusazioak inoiz baino sendoagoak diren honetan?

Sanchez Espainiako gobernuburua da, eta Pradales, Jaurlaritzako lehendakaria. Transferentzien inguruan hitz egiteko dagoen mintzakidea Sanchez da; beraz, harekin hitz egin behar du.

EAJk baztertua du PSOEn legez kontrako finantzaketa egon izana?

Ez gara hasiko horrelako informazioei egiazkotasun antza ematen; azken finean, ez dakizu zer oinarri duten entzuten diren albiste askok. Espainiako Gobernuko presidenteak dio ez dela egon PSOEren legez kontrako finantzaketarik. Momentuz, akusazio hori ez da egiaztatu inondik inora.

«Epai batek esan zuen PP legez kontra finantzatu zela, eta horrek PPren gobernuarekin genuen konfiantza hautsi zuen. Bada, orain, berdin jokatuko genuke».

Sanchezek aurrez aurre ziurtatu zizun ez dela azalduko bere aurkako frogarik?

Finantzaketaren inguruan begiratzen aritu direla esan zidan, eta ez dutela ezer aurkitu.

Sanchez babesteari uzteko EAJren marra gorria zein da, legez kontrako finantzaketa?

Hori marra gorri bat litzateke, jakina. PPren aurkako zentsura mozioa arrazoi horregatik atera zen aurrera. Epai batek esan zuen PP legez kontra finantzatu zela, eta horrek PPren gobernuarekin genuen konfiantza hautsi zuen. Bada, orain, berdin jokatuko genuke.

Epairik gabe ez duzue urratsik egingo legealdia bukarazteko, edozer datorrela ere?

Pausoz pauso joango gara. Konfiantza ezinbestekoa da aurrera egiteko. Itunetan jaso duguna betetzeaz gainera, gardentasuna eskatuko dugu. Ez dakit epai batek egon behar duen ala ez; konfiantza ez haustea da garrantzitsuena. Hautsiko balitz, ezingo genuke aurrera jarraitu.

(ID_15094559) (/@FOKU) 2025-06-27, Donostia. Maribel Vaquero, Madrilgo EAJko eleduna
Vaquero, BERRIAren galderei erantzuten. MAIALEN ANDRES / FOKU
Aitor Esteban harriturik azaldu zen Sanchezek ontzat jo duelako UCOk Cerdani buruz egindako txostena. UCOren lana fidagarria da?

Harritu gintuen, egia da, errugabetasun presuntzioa alde batera utzi duelako Sanchezek. Sanchezi galdetu beharko zaio zer aurkitu zuen hor UCOren txostena ontzat emateko.

EAJk nola ikusten du filtrazioak egotea ez soilik ‘Koldo auzian’, baizik eta Sanchezen senitartekoen aurkako auzietan? 

Badago Sanchezen aurkako interes politiko handi bat, eta filtrazio horiek oso argi erakusten dute. Esku hori noraino heltzen den? Ez dakit. Baina susmoak badaude, noski, filtrazio horiek une jakin batzuetan ateratzen baitira. PPk badu Sanchezi jazarri eta hura botatzeko estrategia bat, baina dena dago aurrez antolatua? Nik ezin dut hori egiaztatu.

Badago jazarpen judizialik Espainian?

Susmoak badaude behintzat, baina ez dakit noraino heltzen diren.

PPk ozen esan du ustelkeriaren konplizeak zaretela...

Oso larria da. PPk Sanchezen aurka bidali du bere armada guztia. Zentsura mozioan Sanchezen alde egin genuenetik, saminez ari dira, onartu ezinik. Errealitatea ez den sentipen bat sortu nahian dabiltza, azken finean, eta guk aurre egingo diogu horri, noski.

Vox beharrezkoa ez litzatekeen ekuaziorik balego, EAJk baztertuko al luke PPren gobernu bati bide ematea?

PPk Voxen beharra izango du gobernatzeko. Aipatzen duzun ekuazio hori ez da gertatuko. Gainera, ezin dugu ahaztu zer jarrera duen PPk gurekin. Guri konplize esanda lagunak bilatzen ari al da? Ez du ematen.

«Euskara gure nortasunaren ikurra da, eta desberdintasunaren aurka jotzen du PPk; Ayusoren pentsamoldea hortik doa: gaztelania ez den hizkuntza bat katetoen folklorismoa da»

Nahiko zenukete laguntasun hori?

Politikan denekin hitz egin behar da, harremanak normalizatu. Gure helburua gure herriaren alde egitea baita, eta bidea zabalik eduki behar da alderdi demokratiko guztiekin.

PPk oztopatu du euskara ofizial izatea Europako Batasunean? Eusten diozue salaketa horri?

Bai. Badakigu azken saioan PP ibili zela eragileak estu hartzen, aurrera atera ez zedin.

Kongresuan euskaraz ari zaitezkete orain. Ez dira falta izaten iseka eta protestak halakoetan.

Euskaraz aritzen garenean, jendeak ez du jartzen itzultzeko gailua, oro har. Kontua da esaten duguna pantaila handi batean azaltzen dela itzulita, eta hor irakur dezaketela. Ez dute barneratu oraindik. Euskara gure nortasunaren ikurra da, eta desberdintasunaren aurka jotzen dute. PPrentzat, Espainiako hizkuntza gaztelania da, eta ez dute ulertu nahi zergatik erabili behar ditugun besteak. [Madrilgo presidente Isabel Diaz] Ayusoren pentsamoldea hortik doa: gaztelania ez den hizkuntza bat katetoen folklorismoa da.

Estatus berri baterako aukera apaldu egin da, legealdia arriskuan dela eta?

Egoerak ez du errazten negoziazio hori, argi dago, baina, legealdia bizirik dagoen bitartean, itunetan jasotakoa betetzeko eskatuko dugu. Ez goaz Madrilera beste alderdien arteko saltsan sartzera. Gure agenda dugu, eta aurrera ateratzea da gure lana.

Madrilgo egoera dela eta, herritarrek apaldu beharra al dute estatus berri baterako akordio baten inguruko itxaropena?

Aro honetan, atsedenaldi baterako moduan gaude, eta egoerak konplikatu egiten du eduki hori eta beste guztiak. Baina amore eman behar dugu? Inondik inora ere ez. Sanchezen gobernuak behar den gardentasuna ematen duen edo ez, horrek bere garrantzia dauka aurrera egiteko.

Jazotakoa aukera bat bihur daiteke azeleragailuari eragiteko, gai horretan eta beste batzuetan?

Dakidana da Sanchezek batzuetan erraz egiten duela zailena, eta alderantziz ere bai. Gutxien uste duzunean indarberriturik atera izan da. Orain hala izango da? Ez dakigu, baina gu adi gaude edozein aukera probesteko.

Ez zaizu egokitu arorik errazena Madrilen EAJko eledun gisa hasteko. Lehen emakumea zara ardura horretan. Nola ari zara?

Ilusioz hasi naiz, ohore handia baita. Hau baino garai zailagoak egon dira Madrilen, gainera. Oraingoa lokaztuena izango da akaso, baina ez zailena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.