Elma Saiz nafarra Espainiako Gobernuko bozeramaile izendatu du Pedro Sanchez gobernuburuak. PSNko kidea Gizarte Segurantzako ministro da egun, eta kargu hartan egiten ari den lana nabarmendu du Sanchezek. Nafarroako presidente eta PSNko buru Maria Txibitek zoriondu egin du Saiz, eta haren «sinesgarritasuna eta komunikatzeko enpatia» nabarmendu.
Saiz Iruñekoa da, eta 2023tik da ministro. Urte hartan, PSNren alkategaia izan zen Nafarroako hiriburuko udal hauteskundeetan. Alderdi sozialista hirugarren indarra izan zen bozetan, eta oposizioan ekin zion legealdiari. Halere, hilabete batzuk besterik ez zituen egin udaletxean, azaroan Madrilerako jauzia egin baitzuen, Sanchezen deia jaso ostean. Ordutik, Gizarte Segurantzako eta Migrazioko ministroa da. Hain zuzen, Saizek gobernuan duen rola nabarmendu du Sanchezek, «ministro handi bat» dela esanda: «Orain, beste ardura bat hartuko du: gobernuaren ahotsa izatea legealdiaren bigarren erdi honetan». Zehazki, bihar ekingo dio jardun berriari, Ministro Kontseiluaren osteko agerraldian.
Saizen ibilbide politikoa nabarmen luzeagoa da, ordea. 2003an hasi zuen, PSNko parlamentari izateko. Legealdi bat egin zuen Nafarroako Parlamentuan, eta horren ostean Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari izendatu zuen Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburuak. Gerora, Berdintasunaren eta Familiaren Nafarroako Institutuko zuzendari ere izan zen, baina, UPNren eta PSNren arteko gobernu akordioa hautsi zela eta, kargu hura utzi egin zuen. Etenaldi baten ostean, 2019an itzuli zen politikaren lehen lerrora: Iruñeko Udaleko PSNren zerrendan aurkeztu zen, baina orduan ere ez zuen luzaro iraun, Txibitek Ekonomia eta Ogasun kontseilari izendatu baitzuen. Hain zuzen, hark uste du Saizek aurrerantzean izango duen rola «funtsezkoa» izango dela gobernuarentzat.
Hala adierazi du PSNk ere, ohar batean. Alderdiko Antolakuntza idazkari Esther Iso «harro» azaldu da, eta Nafarroarentzat onuragarria izango dela esan du. «Nafarroak segitzen du talentua, konpromisoa eta politika egiteko modu erabilgarri eta erabat sozial bat ematen», adierazi du Isok, eta gehitu du ekarpen horren ondorio dela Saiz izendatu izana.Â
Pilar Alegria gobernutik atera izanak bultzatu du Sanchez aldaketa egitera. Alegria, orain arte Hezkuntza ministro eta bozeramaile zena, PSOEren zerrendaburua izango da otsailaren 8ko Aragoiko Parlamenturako bozetan. Hark ministerioan utzitako hutsunea, berriz, Milagros Tolon sozialistak beteko du. Gaur egun, Espainiako Gobernuaren ordezkaria da Gaztela-Mantxan.