Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia eta Espainiako Gobernuko presidentea Gasteizen izan da goizean, PSE-EEk apirilaren 5eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako hautagaitzak aurkezteko egin duen ekitaldian parte hartzeko. Idoia Mendia lehendakarigaiari babesa eman dio, eta adierazi du Madrilek «ulertzen eta bere egiten» duela Espainiako Estatuaren menpeko lurraldeetako «aniztasuna».
Sanchezek esan du «bete» egingo duela 1979an onartutako Gernikako Estatutua, baina transferentziak prestatzen ari direla oraindik; 30 eskumen inguru geratzen dira oraindik aldatzeko.
Nabarmendu du «elkarrizketaren alde» ariko dela lanean, eta «oztopoak eta liskarrak» besterik nahi ez dituzten «muturreko» alderdien aurka jo du.
PPri eta Kataluniako independentistei buruz aritu da, zuzenean aipatu ez dituen arren. Azken hamar urteetan, «irainei irainekin» erantzun dietela esan du, eta, lehendik zeuden arazoak konpondu beharrean, gehiago sortu dituztela.
«Errespetu handia diet gure siglei, eta, alderdi sozialistan, Euskadiri eragiten dioten erabakiak Euskadin hartzen dira, eta ez Madrilgo bulego batean»; hala kritikatu du PPk Carlos Iturgaiz izendatu izana lehendakarigai.