Santos Cerdanek (Milagro, Nafarroa, 1969) gazterik ekin zion PSOEn militatzeari, familiaren tradizioari jarraiki: aita afiliatua zuen, eta aitona PSOEko herriko idazkari nagusia zen, 1936ko altxamendua gertatu zenean. Edonola ere, behe-behetik hasi zuen Alderdi Sozialistako zuzendaritza gorenera eraman zuen ibilbidea, Milagroko zinegotzi gisa hasita 1999an; Bonduelle eta Iberfrutako langile zen garai hartan. Lanbide Heziketako ikasketak bukatu ondoren hasi zen lanean.
Urte batzuk egin behar izan zituen zinegotzi soil gisa, 2012an haren bizitza aldatuko zuen mugarria iritsi arte: PSNko Antolakuntza idazkari izendatu zuten. Ez ziren garai onak sozialistentzat: porrotak pilatu egiten ziren. Bi urte geroago, nolanahi ere, Nafarroako Parlamentari izatea lortu zuen Milagroko zinegotzi hark.
Nafarroako hauteskundeetan, Espainiako Gorteetarako bozetan eta Europakoetan PSOEk porrotak baizik pilatzen ez zituen garai hartan, ordea, Cerdanek asmatu egin zuen 2014ko primarioen irabazlearen alboan kokatzen. Eduardo Madinari gailendu zitzaion Pedro Sanchez; orduan afiliatu ezezaguna baino ez zen gehienentzat. Primario haietan, Koldo Garcia —PSOE beste zinegotzi soil bat— eta Cerdan bera Sanchezen kolaboratzaile estuak izan ziren.
Sukalde lan zailenak
Egungo Espainiako presidentearen itzalean errazago izan zitzaion Cerdani alderdiaren barruan gora egiten hastea. Cerdan eta Garcia bikoteari Jose Luis Abalos gehitu zitzaien Sanchezen aldeko kanpaina egiteko bigarren primarioetan, PSOEko baroiek Sanchez kanporatu ostean; Rajoy berriro presidente bihurtzeko ezetzari tinko eusteak Sanchezen aurkako barne matxinada ekarri zuen Ferrazen, baina hark azken karta jokatu zuen 2017. urteko primarioetan. Peugeot batean milaka kilometro egin zituen Sanchezek, Cerdan, Garcia eta Abalos aldean zituela, atzera idazkaritza nagusitza berreskuratzeko, Susana Diez eta Patxi Lopez lehiakideen aurrean.
Harreman estu hori aintzat hartuz ulertu behar da Cerdan Sanchezen jostun politiko leialena bihurtu izana. PSOEren akordio konplexuenen bitartekaria izan baita azken urteotan Cerdan. Hasteko, PSNren barruan rol garrantzitsua jokatu zuen Nafarroan aldaketa politikoa gerta zedin. 2019an, Maria Txibiteren gobernua EH Bilduren oniritziarekin abiaraz zedin, Cerdan «funtsezkoa izan zen zuzendaritza eta Pedro Sanchez konbentzitzeko», Txibitek berak BERRIAn azaldu duenez, berriki.
2019an, Maria Txibiteren gobernua EH Bilduren oniritziarekin abiaraz zedin, Cerdan «funtsezkoa izan zen zuzendaritza eta Pedro Sanchez konbentzitzeko», Txibitek berak BERRIAn azaldu zuenez.
Baina, aurretik ere, sukalde lan handia egina zuen Sanchez bera Moncloara irits zedin, 2018an, Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioaren testuinguruan. PSOEren negoziatzailea izan zen EH Bildurekin izandako harremanetan, esaterako, baina baita EAJrekin izandakoetan ere; alegia, mozio horrek aurrera ateratzeko gaindu behar izan zuen oztoporik handiena gainditzera bidali zuen Sanchezek.
Ustelkeria akusazioek Jose Luis Abalos alderdiko bigarrena kanporatu zuenean, Cerdanek hartu zuen haren tokia, eta PSOEko politikari boteretsuena bihurtu zen, soilik Sanchezen azpitik. Espainiako Gorteetarako azken bozek utzitako aritmetika zitala gainditzeko, Sanchezek berriro Cerdan bidali zuen kasik ezinezkoa ematen zuen misioa betetzera: Junts per Catalunyaren baietza lortzera Waterloora (Belgika).
Hark negoziatu zuen Amnistia legea Carles Puigdemontekin, Sanchezen inbestiduraren truke, eta hark negoziatu zuen, era berean, EH Bilduren babesa; koalizio abertzalearen ordezkari Mertxe Aizpuruak eta Gorka Elejebarrietak Sanchezekin baleko negoziatzaile gisa atera zuten argazkian da Santos Cerdan ere. Haren dimisioaren ostean, ez da izango akaso PSOEk izan duen galerarik handiena, baina akordio politiko konplexuen negoziatzailerik eraginkorrena galdu du Ferrazek.