Sanferminak 78 Gogoan-ek protestarako deia egin du Martin Villa Iruñean egitekoa den agerraldiaren aurka

Martin Villak Jaime Ignacio del Burgoren azken liburuaren aurkezpenean parte hartuko du, ostegunean.

MARTIN VILLA
Rodolfo Martin Villa, artxiboko irudi batean. FERNANDO ALVARADO / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko otsailaren 5a
11:30
Entzun

Sanferminak 78 Gogoan taldeak salatu du Rodolfo Martin Villa Espainiako Barne ministro ohia Iruñean izango dela ostegunean, eta protestarako deia egin du hari «errefusa» adierazteko. Izan ere, plataformak gogoratu du Martin Villa dela 1978ko sanferminetako «polizia erasoaren arduradun politiko nagusia».

Sanferminak 78 Gogoan-ek San Anton eta Berri kaleen artean dagoen plazan elkartzeko deia egin du ostegunerako, 19:30ean: «Dei egiten diegu herritarrei eta haien gizarte taldeei Martin Villa gure hirian egotearen aurka azaltzeko eta ‘joan dadila!’ eskatzearen alde agertzeko». Elkarretaratzearekin bat egin dute Gasteizko Martxoak 3 elkarteak eta Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformak ere.

Azaldu dutenez, egun horretan, Nafarroako PPko buru ohi Jaime Ignacio del Burgok idatzitako azken liburuaren aurkezpenean parte hartuko du Martin Villak. Izan ere, Del Burgok berak hainbat aldiz babestu izan du Martin Villa, haren aurkako salaketak «faltsutzat» jota.

1978ko uztailaren 8an, Espainiako Polizia Armatua tiroka sartu zen Iruñeko zezen plazan. Erasoan, ehunka lagun zauritu zituzten —horietatik 11, balaz—, eta German Rodriguez hil zuten. Gerora egin ziren zenbaketen arabera, egun hartan gomazko 5.000 pilota, 2.000 ke pote eta negar-gas pote, eta 130 bala jaurti zituzten hiriko kaleetan eta zezen plazan. Garai hartan, Martin Villa zen Poliziaren arduradun nagusia, Barne ministroa baitzen.

Halere, Sanferminak 78 Gogoan plataformak ez du justiziarik eskuratu auzitegietan. Esaterako, Nafarroako Probintzia Auzitegiak urtarrilean bota zuen atzera plataforma hark, German Rodriguezen senideek, egun hartan larri zauritu ziren zenbait lagunek eta Iruñeko Peñen Federazioak sinatutako kereila, argudiatuta «froga aski ez zela krimen hartan Poliziak izandako erantzukizunaz». Auzitegiaren hitzetan, «zezen plazan milaka pertsonak ikusitakoa ez zen aski izan. Ezta Germanen bizitza suntsitu zuten Poliziaren tiroak ikusi zituzten dozenaka lekukoren adierazpenak ere», salatu zuen orduan plataformak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.