Sansohetako adingabeen aurkako sexu abusuengatik zigortutako lau gizon espetxera sartuko dira

Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota ditu haien helegiteak. Bederatzi gizon zigortu zituzten, Arabako Foru Aldundiaren zaintzapean zeuden adingabeei sexu abusuak egiteagatik.

Sansohetako adingabeen sexu abusuengatik akusatuak, epaiketaren lehen egunean, 2022an. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Sansohetako adingabeen sexu abusuengatik akusatuak, epaiketaren lehen egunean, 2022an. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jakes goikoetxea
2026ko uztailaren 1a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bederatzi gizon zigortu zituzten Arabako Foru Aldundiaren zaintzapean —Sansoheta zentroan— zeuden zazpi adingaberi sexu abusuak egiteagatik. Horietatik lau oraindik ez dira espetxean sartu, epaiaren kontrako helegiteak aurkeztu baitzituzten. Espainiako Auzitegi Gorenak, ordea, atzera bota ditu helegiteak, eta, beraz, abusuak salatu zirenetik hamar urte igaro diren honetan, zigortuek espetxean sartu beharko dute, El Correo egunkariak argitaratu duenez. 

Sansoheta zentroko 14 eta 17 urte arteko zazpi adingabek —sei neskak eta mutil batek— salatu zuten prostituitzera behartu zituztela. Gasteizko instrukzio epaitegiak eta Ertzaintzak 30 susmagarri inguru ikertu zituzten, eta horietako hamaika auzibidean jarri —horietako bat hil egin zen, eta beste hamarrak epaitu zituzten—. Akusatuek eduki sexualeko webgune baten bitartez kontratatu zituzten adingabeak sexu harremanak izateko; gutxienez hamar hilabetez izan zituzten harremanak.

2016ko urriaren 6an atzeman zituzten lehen zantzuak. Orduan, adingabe batek kasua salatu zuen tutoretza batean, eta ikerketa egin ostean jakin zuten apirilean jarri zela lehen salaketa, Gasteizko Udaltzaingoan. Kasu harekin lotuta, psikologo bat espetxeratu zuten —foru erakundeak esan zuen psikologo horrek ez ziharduela zentroko gazteekin—. Zentroko langile bat ere identifikatu zuten, nahastuta egon zitekeelakoan, eta foru agintariek esan zuten lanpostutik kendu zutela. Albisteak hautsak harrotu zituen, eta agintari batzuen adierazpenek ez zuten lagundu giroa baretzen; Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak, esaterako, esan zuen kasua «edonon» gerta zitekeela.

79 urte eta erdiren espetxe zigorrak

Arabako Probintzia Auzitegiak 2022ko irailean epaitu zituen akusatuak, eta abenduan zigortu. Hamar pertsona epaitu zituzten, bederatzi zigortu. Guztira 79 urte eta erdiren zigorrak ezarri zizkieten, 27 delitugatik: adingabeei sexu erasoak egiteagatik, pornografia erakusteagatik eta drogak emateagatik, besteak beste. Akusatu bati hamabost urte eta egun bateko zigorra ezarri zioten; hori izan da zigorrik handiena. Hamahiru urteko zigorra ezarri zioten beste bati, 11 urtekoa beste bati, eta hamarna urteko zigorra biri. Beste batzuek zigor arinagoak izan zituzten, bost eta zazpi urte artekoak, «kaltea erreparatu izanaren aringarria» aplikatu zietelako. Zigorrik arinena urtebete eta egun batekoa izan zen.

Gasteizko kanpoaldean zegoen Sansoheta zentroa. Batez ere familia eta portaera arazoak zituzten gazteak bidaltzen zituzten hara, gurasoei zaintza kenduta. Prostituzio kasua gertatu zenean, hogei bat gazte zeuden han, erregimen irekian, nahiz eta zentroa hamar lagunentzat bakarrik diseinatuta egon. Gaur egun adingabeen zentrorik ez dago bertan. Han bizi ziren adingabeak beste egoitza batzuetara lekualdatu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA