Santurtziko institutu bateko irakasle batek salatu du ikasleak jazarri egin zaizkiola

Jakinarazi du eskuko telefonoarekin argazkiak egin dizkiotela ikasgelan, eta ondoren «manipulatuta» zabaldu; adingabeen fiskaltza kasua ikertzen ari da.

 Eskuko telefono bat. EFE/EPA/CRISTOBAL HERRERA-ULASHKEVICH
Eskuko telefono bat. EFE/EPA/CRISTOBAL HERRERA-ULASHKEVICH
arantxa iraola
2025eko azaroaren 20a
09:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Santurtziko institutu bateko ikasleek irakasle bati egindako jazarpena ikertzen ari da adingabeen fiskaltza. Irakasleak salatu du ikasleek eskuko telefonoarekin argazkiak egin dizkiotela ikasgelan, eta ondoren «manipulatuta» zabaldu dituztela. Gaiaren gainean argitaratu diren hainbat hainbat albistek jakinarazi diren dute Santurtziko Kantauri institutuko irakasle batek jarri duela salaketa. Ikasleak identifikatuta daudela esan dute, eta fiskalaren aurrean deklaratu beharko dutela. 

Era berean, azaldu dute ikastetxeak ohar bat helarazi diela eskolako familiei,  eta adierazi diela «arazo oso larriak» dituztela eskuko telefonoaren erabilerarekin lotuta. Gogora ekarri die, halaber, ikastetxe barruko araudian espresuki galarazten dela eskola barruan halako gailuak erabiltzea. Askotan, ordea, debekuak ezartzea ez da aski izaten, eta, hain justu ere, sakelako telefonoa oker erabiltzearen arriskuez ohartarazten ari diren taldeek nahi dute ahalegin irmoagoak egin daitezela ikastetxeak eskukorik gabeko «arnasgune» izateko. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, baina, ez du propio horri buruzko debekurik ezarria gaur egun: ikastetxeen gain utzia du horren gaineko ardura. 

Santurtziko salaketa horrekin lotuta, Hezkuntza Sailak azaldu du baduela kasuaren berri, eta halakoetarako ohikoak diren prozedurak martxan direla. Hezkuntza Sailaren izenean, Begoña Pedrosa sailburuak «babesik sendoena» adierazi nahi izan dio jazarpena salatu duen irakasleari eta, oro har irakasle guztiei. «Onartezina da haien eskubideen edo hezkuntza lanaren aurkako edozein jokabide». Teknologia berrien erabilera «arduratsuan» hezten jarraitu behar dela gogorarazi du. «Hezitzaile, familia eta gizarte gisa» erronka horretan denek batera egin behar dutela ere esan du. 

Aro digitalean heztea: ikastea, elkarrekin bizitzea eta zaintzea izendaturiko jardunaldietan mintzatu da gaur Pedrosa gaiari buruz eta, hain justu ere, ekinbide horren helburua da teknologia berriekin lotutako jardunbide egokiak eta esperientzia partekatzeko era izatea hor hezkuntza arloko eragileek.  

Santurtzikoa ez da irakasle batek egunotan salatutako jazarpen kasu bakarra. Izan ere, Uribe Kosta BHI institutuko irakasle baten aurkako jazarpenak hautsak harrotu ditu Plentzian eta Gorlizen (Bizkaia). Urriaren 31ko gauean, Gorlizko Udaltzaingoak sare sozialen bidez jakin zuen gazte talde bat elkartzekoa zela irakasle horren etxearen aurrean. Ertzaintzarekin elkarlanean, kaleko jantzitako agenteak bertaratu ziren, eta hainbat adingabe identifikatu zituzten. Salaketan zehaztutakoaren arabera, oso gazteak dira ikasleak: DBHko lehen, bigarren eta hirugarren mailako hainbat ikasle daude tartean, baita Gorlizko ikastetxeko LH6ko ikasleak ere. 

EH Bilduk mezu baten bidez arbuioa azaldu du Plentzian eta Santurtzin bi irakaslek salatutako jazarpen kasuen harira. Bi profesionalei elkartasun osoa adierazteaz gain, «beharrezkoak diren esku hartzeak egiteko» jarrera azaldu dio Hezkuntza Sailari. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.