Aurkeztu dute 33. Euskal Eskola Publikoaren Jaia: Santurtzin izango da (Bizkaia), 2026ko ekainaren 7an.
Horrela, Urduñaren (Bizkaia) lekukoa hartuko du Santurtzik. Jada jaiak baditu leloa eta logoa. Hauxe leloa: Ehunetan. «Horren bidez, euskal eskola publikoa ehunduta dagoen sare bat dela adierazi nahi dugu». Logoa, berriz, Xabat Agirrek egin du. Antolatzaileen arabera, sare baten kontzeptua irudikatu asmo dute: «Hizki bakoitza bere kolore eta forma propioarekin agertzen da, bakarka hari bat balitz bezala. Baina denak elkarri lotzen zaizkionean, hitza sortzen dute; eta hitzarekin batera, sare bat». Eta sare horrek eskola publikoaren komunitatea irudikatzen du: «Guztiok gara hari bana, elkarrekin etorkizunari eusten dion sare sendoa».
Oraindik egitarau osoaren berri eman ez badute ere, zerbait aurreratu dute. Jaiak hiru gune izango ditu: portua, Santurtzi parkea eta Gernika plaza. Gainera, herri osoan ere zenbait jarduera egongo dira aukeran.
Sare zabala
Hezkuntza sare publikoa zabala da Santurtzin: bi haur eskola, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lau eskola, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko bi zentro, eta Lanbide Heziketako bat.
Eguna, ospatzeko ez ezik, aldarrikatzeko ere erabili nahi dute. Salatu dute sistema dual bat dagoela, «sare publikoa bigarren mailara baztertzen duena»; sistemak eskola segregazioa bultzatzen duela; eta Santurtziko eskolen eta institutuen azpiegituren inbertsioak falta dituztela. «Ezinezkoa da pertsona aske eta berdinen gizarte bat lortzea berdintasunean oinarritutako hezkuntzarik gabe. Eta ezinezkoa da berdintasunean heztea oraindik ere diru publikoz sostengatutako sare pribatuak mantenduz, betiere eskola publikoaren kaltetan, hezkuntza pribatua berdintasunaren eta askatasunaren balioetatik urruntzen baita beti».
Halaber, bereziki nabarmendu dute eskola horiek euskalduntzean egin duten eta egiten duten lana: «Gehien euskalduntzen duen sarea da, eta esan beharrik ez dago hezkuntza eskaintza publiko oso-osoa D eredukoa dela».