Gasteizko jaietan, arduradun politiko batzuek adierazpen gogorrak egin dituzte jai esparruetan euskal presoen eskubideen alde jarritako pankartei buruz. Gasteizko Udalak berak txosnetatik pankartak kentzeko ekimena hartu du. Bada, Sare Herritarrak bere iritzia eman du auzi horri buruz gaur, jaiak amaituta eta Donostiako, Bilboko eta Euskal Herriko beste herri askotako festak hasteko bezperan, euren erreibindikazioaren zilegitasuna garbi uzteko.
Joseba Azkarraga eta Beñat Uribe-Etxeberria plataformako eledunek azaldu dute duela 11 urte jaio zela Sare, eta euskal presoen eskubideen alde egiten ari den erreibindikazioa «aldarrikapen demokratiko bat» dela, «eskubideen urraketari amaiera emateko beharra mahairatzen» saiatzen dena. Gogoratu dute eskubide batzuk urratu egiten direla oraindik ere, «esparru politiko eta judizialetik aplikatzen diren salbuespen lege eta politikak direla medio».
Bide berean jarraitu
Sareko bozeramaileek argi utzi dute erreibindikazio hori «beti» egin duela plataformak manifestazioen, prentsaurrekoen, kartelen eta pankarten bidez. «Bide berean jarraituko dugu, egoera bidegabe honi amaiera eman arte».
Fernando Buesa fundazioak eta PPk estu hartu ondoren Gasteizko udalak (PSE-EE eta EAJ) pankartak kendu dituela eta, Sarek esan du «atsekabez» hartu duela kritika horien «asmo politikoa». Mezu horien helburua da, Sareren arabera, «legezkoa eta zilegia den aldarrikapen bat kriminalizatzea». Plataformak dio euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapenak ez diola inoiz baliorik kendu Sarek berak «indarkeria ezberdinen biktimei momentu oro» adierazi dien «etengabeko elkartasunari».
«Eskubide urraketa arintzeko ahaleginik ez egitea da demokratikoki kezkagarriena»
BEÑAT URIBE-ETXEBERRIA Sareko eleduna
«Utzi biktimen mina eta sufrimendua erabiltzeari», exijitu dute plataformako eledunek. «Biktima bakoitza da bere sufrimenduaren jabe, eta errespetua, elkartasuna eta begirunea zor diegu». Horregatik, Beñat Uribe-Etxeberria Sareko eledunak aldarrikatu du «etxera» dioen pankarta bidezkoa dela; euskal presoen «eskubide urraketa horiek arintzeko ahaleginik ez egitea da demokratikoki kezkagarriena».
Erantsi dute «benetako bakea» lortzeko beharra aldarrikatzen jarraituko duela Sare Herritarrak: «Beti topatuko gaituzte helburu horren aldeko lanean».