Streaming bidezko euskarazko musikaren plataforma. Ikus-entzunezko edukiak euskarri ezberdinetan zabaltzeko aplikazioa. Elkarren artean saretzeko eta edukiak partekatzeko sistema. Ikus-entzunezko edukietarako grabazio estudio partekatua. Mugaz gaindiko ikus-entzunezko saio bat. Zerbitzarien azpiegitura partekatua. Adimen artifizialeko tresnak.
Hori guztia lortu nahi du, besteak beste, Sarebide proiektuak. Hiru aditz ditu oinarri: saretu, partekatu eta zabaldu. Euskarazko zazpi komunikabidek eta fundazio batek bat egin dute proiektuan: Elhuyar fundazioak, Euskalerria Irratiak, Euskal Irratiek, Hamaika Telebistak (Bizkaikoa, Gipuzkoakoa eta Nafarroakoa), Kanaldude telebistak eta BERRIAk. Ez dira konplize eta bazkide ezezagunak. Lehen ere egin izan dituzte proiektuak elkarrekin eta elkarlanean.
Mugaz gaindiko proiektua da, eta komunikabide txikien mugak gainditzeko asmoa du. Lankidetza teknologikorako sare bat sortuko dute, eta baliabideak eta tresnak emango dituzte. Teknologia lagun, edukiak gehiago zabaldu nahi dituzte, eta jende gehiagorengana iritsi. Publiko berriengana. Gazteen ohitura digitalekin bat egin. Herrialdea trinkotu ere bai, lurralde ezberdinetako herritarrak euskarazko edukien bidez konektatuz.
Europako Batasunak mugaz gaindiko proiektuei ematen dien diru laguntza jasoko du Sarebidek. Hiru urterako proiektua da, iazko maiatzetik 2028ko maiatzera artekoa. 2,6 milioi euroko aurrekontua du, eta Europako Batasunak 1,68 milioi euro ordainduko ditu, guztiaren %65.
Mugaz gaindiko diru laguntza horiek jaso dituzten sei proiektu —Sarebide barne— aurkeztu dituzte gaur Irungo (Gipuzkoa) Ficoba erakustazokan: bat enplegua sustatzeko (Lanean), bi mugikortasuna errazteko (Mugaziklo eta Transfermugi) eta hiru euskara, eleaniztasuna eta komunikabideen elkarlana eta zabalkundea laguntzeko (Eusguneak, Hezhi eta Sarebide). Guztira, 23 milioi euroko aurrekontua dute proiektu horiek, eta 14,8 milioi finantzatuko ditu Europak. Europako Batzordeko goi kargudunak eta adituak izan dira gaurko aurkezpenean.
Euskarazko musika plataforma, urte amaierarako
Europako Batasunak Interreg Poctefa funtsa du Espainiako, Frantziako eta Andorrako mugaz gaindiko lankidetza proiektuak diruz laguntzeko. Funts horren barruan bost eremu bereizi dituzte, eta horietako bat da Afomef Mendebaldeko Eremu Funtzionala. Eremu horren barruan dago Euskal Herria, eta Afomefek diruz lagundu ditu gaur aurkeztutako mugaz gaindiko sei proiektuak.
Sarebidek, funtsean, euskararen erabilera sustatu nahi duela nabarmendu du Pello Urzelaik, BERRIAko IKTen —informazioaren eta komunikazioaren teknologien— arduradunak, gaurko aurkezpenean. Nola? Eraldaketa teknologikoaren, hedabideen saretzearen eta edukiak hedatzeko sistema berrien bidez.
Proiektua abian da. Urtearen amaierarako espero dute emaitzetako bat: streaming bidezko euskarazko musika plataforma berria. Badok.eus-en ondorengoa, nolabait esateko. Proiektuaren diseinua eta garapena egiteko lana lizitatu egin zuten, eta Ideable enpresari esleitu diote. Ideablek Somos Errea estudioaren laguntza izango du diseinuaren arloan.
Sarebideko bazkideek azpiegitura teknologikoak modernizatzeko eta teknologiaren bidez saretzeko aukera izango dute: zerbitzariak, edukiak partekatzeko sistema eta estudio bat.
Bazkide gehienak komunikabideak dira, eta herritarrengana iritsi nahi dute. Gero eta gehiagorengana. Horretarako plataforma bat sortuko dute, guztien ikus-entzunezko edukiak zabaltzeko. Herritarrek bertan topatuko dituzte guztiek ekoitzitako edukiak.
Adimen artifiziala
Elhuyar fundazioa ari da proiektuan parte hartzen. Elhuyarren barruan dago Orai NLP, lengoaia naturalaren prozesamenduan espezializatutako zentroa. Adimen artifizialean, alegia.
Orairen eskutik, adimen artifizialeko tresnak garatu nahi dituzte, kazetaritza lana errazteko eta hobetzeko, eta erabiltzaileei aukera berriak eskaintzeko: transkripzio sistemak hobetzea, itzulpenerako laguntza, laburpen automatikoak, albisteen kalitatea hobetzeko sistema eta galdera-erantzunen bidez edukiak bilatzeko sistema.
Sarebide euskarazko komunikazioaren etorkizunerako «estrategikoa» dela esan die Lazkanok Irungo Ficoban bildutakoei.
gainerako Proiektuak
- Eusguneak. Euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzeko proiektua da. Euskara ikasteko azpiegituren modernizazioa sustatzea da egitasmoaren helburua, eta, horretarako, erakunde publikoen arteko lankidetza indartuko dute. «Plangintza bateratu eta jasangarri bat» ezarri nahi dute luzera begira euskararen erabilera sustatzeko. Ekintzetako bat da euskara ikasteko Ingura plataforma digitala garatzea. 2.560.000 euroko aurrekontua du, eta horietatik 1.664.000 finantzatuko dituzte Europako funtsekin.
- Hezhi. Mugaz gaindiko eremuan eleaniztasuna sustatzeko proiektua da. Helburutzat dauka «tokiko hizkuntzen ikaskuntzan eta irakaskuntzan eleaniztasuna sustatzea, mugaren bi aldeetako lurraldeen arteko hizkuntza oztopoak murrizteko». 3.099.600 euroko aurrekontua du, eta horietatik 2.014.746 euro finantzatuko ditu Europak.
- Lanean. Mugaz gaindiko lan merkatua integratu eta sendotu egin nahi du. «Enplegu arro» bat sortu nahi dute eremu horretan, lan kontuetan elkarren arteko koordinazioa eta lan ekosistemaren ezagutza hobetzeko. Diagnostiko bat egingo dute langileen mugimenduei eta lan merkatuen osagarritasunari buruz, lankidetzarako aukerak ikusteko. Mugaz gaindiko eragileen sare bat sortuko dute. 2.724.000 euroko aurrekontua du, eta horietatik 1.770.600 euro finantzatuko dituzte Europako funtsekin.
- Mugaziklo. Gipuzkoan, Nafarroan eta Pirinio Atlantikoetan bizikletaren erabilera sustatzeko egitasmoa da. Bizikletentzako tarte eta ibilbide berriak sortuko dituzte hiru lurraldeetan. Ekintzetako bat da bizikletentzako 32,6 kilometro gehiago eraikitzea eta zortzi aparkaleku seguru egitea. 5.978.700 euroko aurrekontua du, eta 3.886.189 finantzatuko ditu Europak.
- Transfermugi. Mugaz gaindiko mugikortasuna hobetzeko eta sare bat sortzeko proiektua. Mugako lurraldeetako garraio zerbitzua hobetzea eta ibilgailu pribatuaren erabilera murriztea du helburu. Proiektu pilotuak abiatuko dituzte. 5.950.000 euroko aurrekontua du, eta horietatik 3.867.000 finantzatuko ditu Europak.