Sarek dio «nabarmen» aurreratu dela euskal presoen auzian, eta lanean jarraitzeko dei egin du

Donostiako Aste Nagusia baliatuta, manifestazio jendetsua egin dute Gipuzkoako hiriburuan. Kritikei erantzunez, plataformak adierazi du bere lana «zilegi» dela.

Gaur eguerdiko manifestazioa, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Gaur eguerdiko manifestazioa, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko abuztuaren 16a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiriburuetako jaietan egindako mobilizazioen eta jarritako pankarten kontrako adierazpenei aurre egiteko, Sare Herritarrak adierazi du bere eskaerak «zilegi» direla, eta lan horretan jarraituko duela. Donostiako Aste Nagusian egindako manifestazioan, plataformako eledun Beñat Uribe-Etxeberriak adierazi du lan hori fruituak ematen ari dela, eta azken urtean «nabarmen» egin dela aurrera euskal presoen auzian. Hala, uste du jarraitu beharra dagoela euskal preso, iheslari eta deportatuak etxeratzea lortu arte.

Sarek datuak aurkeztu ditu azken urteko aurrerapenen froga gisa. Uribe-Etxeberriak azaldu duenez, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 130 preso zeuden iazko abuztuan, eta urtebete igaro den honetan, hogei gutxiago dira. Era berean, adierazi du orduan baino hamahiru gutxiago direla espetxe zigorra erregimen itxian betetzen ari direnak: 50 lagun.

Ordutik izandako beste aldaketa bat 7/2014 lege organikoaren erreforma da. Udazkenean aldatu zuen legea Espainiako Kongresuak, eta, ordutik, presoek Frantzian betetako zigor urteak kontuan hartzera behartuta dago administrazioa. Sarek orduan egindako estimazioaren arabera, erreformak 52 euskal presori eragin beharko lieke, baina oraingoz lau ebazpen besterik ez dira eman. «Badugu zer aurreratu oraindik», adierazi du plataformako bozeramaileak.

Sarek eta Etxerat elkarteak salatutako salbuespen legeetako bat Frantzian betetako zigor urteei buruzkoa da. Oraindik, baina, indarrean daude beste bi: 5/2003 eta 7/2003 lege organikoak. «Orain 20-25 urte sortutako legeak daude oraindik indarrean. Orduan ere salbuespenezko lege zirenak egun are salbuespenezkoago dira», salatu du Sarek, eta nabarmendu bitarte horretan «Euskal Herriak aurrera» egin duela.

Lehenaren eraginez, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralaren esku daude euskal presoen espetxe egoerari dagozkion erabakiak. Bigarrenaren ondorioz, berriz, Zigor Kodea, Botere Judizialaren Lege Organikoa eta Espetxeen Lege Organikoa aldatu zituzten, eta gehienezko espetxealdia 40 urtera luzatu, baita gradu aldaketak eta espetxe baimenak jasotzeko epeak luzatu ere. Hain zuzen, Sarek kritikatu duenez, azken hori da aurrez aurre dauden «oztopo» nagusietako bat.

Era berean, eskatu dute euskal presoei beste edozein presori aplikatzen zaizkien irizpideak aplikatzeko. Hau da, «salbuespen politikarik» ez ezartzeko. Plataformaren arabera, hala egingo balute, preso guztiek etxean bete beharko lukete zigorraren azken zatia: «Etorkizunera aurrera egin nahi badugu, ezinbestekoa zaigu biak amaitzea, salbuespen lege eta politikak».

«Legezkoa eta demokratikoa»

Donostiako mobilizazioan, Uribe-Etxeberriak azken asteetan pankarten eta mobilizazioen harira izandako ika-mikari ere heldu dio. Sare Herritarraren kontrako «kriminalizazio kanpaina bat» kritikatu du, eta salatu du zenbait arduradun politikok «modu bortitzean» egin dutela plataformaren aurka. Izan ere, zenbait eragilek hiriburuetako jaietan euskal presoen etxeratzearen alde jarritako pankartak salatu dituzte, eta AVT elkarteak Bilboko Aste Nagusirako deitutako Bizkaiko Etxera Eguna debekatzeko ere eskatu du; hilaren 22an egingo dute.

Sareko kidearen esanetan, baina, taldearen aldarrikapena «zilegia, legezkoa eta demokratikoa» da, eta lan horretan jarraituko du: «Konponbidearen bidetik, elkarbizitzara jauzi egiteko modua emango digun bakea lortzeko lanean jarraituko dugu aurrerantzean ere». Bide horretan, beharrezkotzat jo dute biktimek «merezi duten egia, aitortza eta erreparazioa» jasotzea, baita preso, iheslari eta deportatuak etxeratzea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.