Euskal presoak

Sarek «salbuespen» legedia amaitzeko neurriak proposatu dizkie Kongresuko taldeei

Herritar plataformak euskal presoen auziari buruzko txosten bat osatu du. Besteak beste, 70 urtetik gorako presoak eta larri gaixorik daudenak askatzea, urrunketa amaitzea eta gradu progresioa jaso dituzte.

Iñaki Lasagabaster, Bego Atxa eta Joseba Azkarraga, gaur, Bilbon, Sareren prentsaurrekoan.
enekoitz esnaola
2020ko otsailaren 19a
12:06
Entzun

Sare herritar plataformak euskal presoen auziari buruzko txosten bat helarazi die Espainiako Kongresuko taldeei, gaur Bego Atxak eta Joseba Azkarragak Bilbon prentsaurreko batean esan dutenez, eta «kontuan hartu beharreko» hainbat neurri proposatu dizkiete: adineko presoak eta larri gaixorik direnak askatzea, urrunketa amaitzea, gradu progresioa...; «azken batean, salbuespen legedia alboratzea». Sarek Iñaki Lasagabaster eta Ramon Zalloren laguntzarekin osatu du txostena —aurrenekoa ere izan da agerraldian—.

«Txostenean, salbuespenezko espetxe politikak euskal presoengan duen eragina jaso dugu, urratzen diren giza eskubideak nabarmenduz, ulertuta haien errespetua bermatzeak demokrata ororen oinarri izan behar duela», adierazi du Atxak.

Sarek adierazi du prest dagoela nahi duten taldeekin biltzeko, eta, halaber, horrelako dokumentuak beste instantzia batzuetan ere aurkezteko aukera aztertzen ari da; esaterako, Europako Parlamentuan. «Uste dugu Europan egoera honen berri ematea ere garrantzitsua dela, NBEko Giza Eskubideen Batzordearekin egin genuen moduan».

Sareren eskaerak:

–  70 urtetik gorako presoak eta larriki gaixo daudenak etxeratzea.

–  Urruntze politika amaitzea eta Euskal Herriko espetxeetara gerturatzea. Prozesu horretan, lehentasunezkotzat jo du gaixo dauden presoen eta haurrak dituztenen egoera, «haurrei ezartzen zaien zigor atxikia amaitu eta artatzea senideengandik eta konfiantzazko medikuengandik gertu jasotzeko eskubidea berma dadin».

–  Gradu progresioa.

–  Kartzela zigorraren hiru laurden beteta dituzten presoei baldintzapeko askatasunerako aukera eskaintzea.

–  «Azken batean, salbuespen legedia alboratu eta legedi arrunta ezartzea».

Lasagabasterrek «oinarrizko eskubideen urraketa» salatu du

Lasagabaster legelariak adierazi du Europako itunetan eta ebazpenetan oinarritu direla txostena osatzeko, baina Espainiako Gobernuak oraindik ere ez dituela kontuan hartzen araudi horiek. Haren esanetan, «euskal presoen oinarrizko eskubideak urratu» egiten ditu Madrilek.

Joseba Azkarraga Jaurlaritzako Justizia sailburu ohiak deitoratu du ETA amaitu ostean ere espetxe politika bera daukala Madrilek. Aldaketetarako neurriak exijitu ditu. «Urrunketa neurri politiko bat izan zen, eta politikoa izan behar da hura bukatzea ere». Espainiako Gobernu berriari eskatu dio ez emateko bizkarrik Euskal Herriko gehiengo politiko eta sozialak egiten dituen aldarrikapenei. Irabazleak-garaituak eskema baztertzeko galdegin du, horrek «konfrontazioari segida» ematea dakarrelakoan. Memoria izatearen beharra nabarmendu du, eta «orrialderik mingarrienak justiziaz eta eskuzabaltasunez ixteko» eskatu du.

Erkorekak dio ez dagoela arrazoirik espetxe eskumena ez emateko

Josu Erkoreka Jaurlaritzako eledunak esan du ez dagoela arrazoirik Espainiako Gobernuak EAEkoari ez igortzeko espetxe eskumena, eta «berehala» eman beharko lukeela. «Ez dago arazo teknikorik, ez juridikorik, ezta, garai hauetan, politikorik ere. ETA desagertuta dagoenez, espetxe politika ez da politika antiterroristaren parte jada», esan du Erkorekak, Herri Irratiko elkarrizketa batean.

Espetxe eskumena Gernikako Estatutuan (1979) jasota dagoela eta, Madrili «legea betetzeko» eskatu dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.