Sarek salatu du Auzitegi Nazionalak «argudio politikoak» erabili dituela Iparragirreren eta Karasatorreren kasuetan

Mendekutik urrun dagoen espetxe politika bat aldarrikatu du, atzo epaileak bi euskal presoen erregimen irekiak gibelera bota ondotik. «Kezka handia» erakutsi du agintari judizialen erabakien inguruan.

Sare Herritarrak deitutako manifestazio bat, Bilbon, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Sare Herritarrak deitutako manifestazio bat, Bilbon, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iratxe Muxika
2026ko apirilaren 23a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Erabaki honek agerian uzten du justiziarekin zerikusi gutxi duela Auzitegi Nazionalaren jarrerak, eta lotura handiagoa duela esparru judizial eta politikoek eta lobby mediatikoek sustatutako mendekuarekin». Sare Herritarrak ohar bat kaleratu du atzoko gertakariak salatzeko, eta esplikatu «kezka handia» sortzen diotela agintari judizialak erabili dituen argudioek. Izan ere, atzo, Espainiako Auzitegi Nazionak ukatu egin zituen Marixol Iparragirreri eta Juan Ramon Karasatorreri ezarritako erregimen irekiak, eta bi euskal presoei ohiko bigarren gradua berrezartzeko agindu zuen.

Martuteneko (Gipuzkoa) eta Zaballako (Araba) espetxeetako tratamendu batzordeek erabaki zuten bi preso horiei 100.2 artikulua aplikatzea, eta Sarek salatu du Auzitegi Nazionalak «argudio politikoak» erabili dituela erabaki hori baliogabetzeko. Epaileak «hemendik 400 kilometrora» hartu du erabakia, «presoen ibilbidea ezagutu ere egin gabe eta biktimen mina erabilita».

«Mendekuak ez du biktimen sufrimendua arintzen», erran du Sarek, eta aldarrikatu du biktima bakoitzari «dagokion mina» aitortu behar zaiola, eta ezin dela «erabilera politikorik» egin horrekin. Bide batez, bakearen eta bizikidetzaren aldeko aldarria egin du elkarteak, eta espetxe politika humanista bat eskatu, «mendekuetatik urrun eta indarkeria guztien biktimei tratamendu duina emanez».

Zaintza Epaitegi Zentrala izan zen atzo erregimen irekia gibelera bota zuena, baina Sarek argi dauka «pisu handia» eduki dutela nola komunikabideen bidez jarduten duten lobbyen presioek, hala presoei neurri arruntak aplikatzea eragozteko egindakoek. «Euskal gizarte osoak partekatutako etorkizun baten eraikuntzan lanean jarraituko dugu, bakearen, konponbidearen eta bizikidetzaren aldeko apustu irmoarekin».

Bengoetxeak epaileari

Espetxeetako batzordeek Eusko Jaurlaritzak erabakia berretsi ondotik aplikatu zizkieten artikuluak Iparragirreri eta Karasatorreri, eta, hain justu, Eusko Jaurlaritzaren jarrera defendatu du gaur Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Zehazkiago, ukatu egin du Eusko Jaurlaritzak araudia «aldatu» izana, ez baitu horretarako «eskumen nahikorik». Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaile Jose Luis Castrori emandako erantzuna izan da hori, 100.2 artikulua «moldatu» izana aurpegiratu baitzien atzo Jaurlaritzari eta espetxeetako tratamendu batzordeei. «Gure gobernua espetxe legedia betetzen ari da, ez besterik», erran du, eta gaineratu ez dutela hartu kasuaren araberako «erabaki arbitrariorik».

Hain zuzen, Bengoetxeak gogoratu du auzitegi berak bestelako iritzia azaldu duela beste kasu batzuetan: «Atzo erabaki zuen preso horiei ez zitzaiela erregimen irekia onartu behar, baina gai horren bueltan hartutako erabaki asko babestu ditu». Eta atzo epaileak egindako bertze adierazpen bati ere egin dio keinu Bengoetxeak. «Barnean dagoenari itxaropen faltsuak sortzen dizkio, eta senideei beharrezkoa ez den kezka bat eragiten die», erran zuen Castrok, eta lehendakariordeak erran du «bereizi» egin behar direla egia eta zarata. «Leku asko hartzen du zaratak, baina gero egia beste zerbait izaten da, eta jakin behar da bi gauzak bereizten». Herri Irratian egin ditu adierazpenak Bengoetxeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA