SATSEk premiazko neurriak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari, erizainen garrantzia aitortzeko

Haien gainkarga eta ikusezintasuna konpontzeko eskatu diete erakundeei. Kontzentrazioa egin dute Bilbon.

Erizainen protesta, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Erizainen protesta, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko maiatzaren 12a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erizainen Nazioarteko Eguna da gaur, baina erizainek ez dutela ospatzeko ezer uste du SATSE Euskadiko Erizainen Sindikatuak: «Erakundeek gure egiturazko arazoak ikusezin bihurtzen dituzte, eta gure aldarrikapenak baztertzen jarraitzen dute». Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Osakidetzari eskatu diete neurriak har ditzatela erizainen gainkarga, ikusezintasuna eta eskubide urratzeak bukatzeko. «Iritsi da garaia erizainen eskubideak errespetatzeko eta erizaintza indartsu baten aldeko benetako apustua egiteko», eskatu du sindikatuak.

Dozenaka erizain elkartu dira Bilboko Osasun Langileen plazan. Ahoa estalita agertu dira, «urteetako isiltasuna, ikusezintasuna eta erakundeek ez dituztela entzuten» erakusteko. Geroago, ahoko estalkia kendu dute, eta oihu egin dute: «Erizainak jada ez gara isiltzen!». «Erizainek nahikoa dela esan dute», azaldu du Amaia Mayor SATSEko idazkari nagusiak. «Ez dugu onartuko sistemak behar gaituenean soilik erabiltzea eta gero, erabakiak hartzen direnean, aintzatespen profesionalean edo gure lan baldintzak hobetu behar direnean, baztertzea».

«Ikuspegi medikalizatuegia»

Sindikatuko idazkari nagusiak nabarmendu du erizainek osasun sistemari eusten diotela beren konpromisoari eta erantzukizunari esker, eta pazienteen ongizatea dutela lehentasun. «Baina hori ezin da aitzakia gisa erabili gainkarga, prekaritatea eta eskubideen etengabeko urratzea normalizatzeko», zuzendu zaie Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Osakidetzari. Erizainak «ahituta» egonda ere, egoera normala balitz bezala jokatzea egotzi die erakundeei.

«Erizainek nahikoa dela esan dute. Ez dugu onartuko sistemak behar gaituenean soilik erabiltzea eta gero, erabakiak hartzen direnean, baztertzea»

AMAIA MAYOR SATSEko idazkari nagusia

SATSErentzat osasun sistema publikoak «ikuspegi medikalizatuegia» du, eta bigarren mailan jartzen ditu zaintza eta zaintzan aritzen direnak, «nahiz eta osasun arretaren funtsezko piezak izan». Sistema horrek erizainen lana eta haien arazoak ezkutatzen dituztela uste du. Mayorrek, ordea, erizainak ezinbestekoak direla ohartarazi du: «Gu geratuz gero, sistema gelditu egiten da».

Erizain gutxiegi

Sindikatuak salatu du erizain espezialistak falta direla eta erizain gutxiegi daudela. Erizain falta nabarmenagoa da udan, Gabonetan, txertatze kanpainetan eta lan karga handiko garaietan. Erizainen lan baldintzak okertzen dituzten zenbait arrazoi zerrendatu ditu Mayorrek: txandakatze handia, behin-behinekotasuna, bizitza eta lana uztartzeko zailtasunak, eta «osasun sistemaren barruan ardura, kudeaketa eta lidergo postuak lortzeko oztopoak». Horrek guztiak herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuan eragina duela gehitu du.

SATSEk kanpaina bat abiatu gaur, erizainen lana eta garrantzia ikusarazteko eta indartzeko. Kartelak jarriko dituzte dendetan eta herritarrak elkartzen diren zentroetan. «Erizainek pertsonak laguntzen, hezten eta zaintzen dituzte bizitza osoan», azaldu du Mayorrek. «Osasun sisteman sartzeko atea gara, eta baita konfiantzazko pertsonak ere milaka pertsonarentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA