Seaskak auzitara jo du Hezkuntza Ministerioaren aurka

2019an EEPk eta hirurek izenpetu zuten ituna ez betetzea leporatu diote Frantziako Estatuko administrazioari. Baxoko azterketa batzuk euskaraz egiten ahalko zituztela adostu zuten

Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Frantziako Hezkuntza Ministerioaren borondate falta juridikoki konpondu nahi du Seaskak. Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak Paueko Administrazio Auzitegira jo du, azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Zehazki, Frantziako Hezkuntza Ministerioa salatu du, 2019ko uztailean EEP Euskararen Erakunde Publikoak eta hirurek izenpetu zuten hitzarmena ez betetzea egotzita. Ikasleek baxoko Ahozko Handiaren parte bat euskaraz egiten ahalko dutela idatzia da bertan, baina uko egiten diote neurria aplikatzeari. Azken hilabeteetan, Bordeleko errektoreak Seaskako kideei erran izan die idatzitakoaren «beste irakurketa bat» egiten duela. «Bide berri bat hartzea erabaki dugu: epaileari erranaraztea Hezkuntza Ministerioa behartua dela aplikatzera hori, eta gure terminaleko ikasle guziek eskubidea dutela Ahozko Handi hori euskaraz pasatzeko», azaldu du Seaskako lehendakari Peio Jorajuriak.

Honela dio 2019an izenpetu zuten hitzarmenaren testuak: «Batxilergoan murgiltze ereduetako ikasleek parada ukanen dute euskaraz idazteko Historia-Geografiako kontrol jarraikiko proba komunetan eta irakaskuntza zientifikoetako kontrol jarraikiko proba komunetan. Azkenik, sail elebidunetako eta murgiltze ereduetako ikasleek ahozko handiko zati bat euskaraz egiten ahalko dute». Jorajuriaren iritziz, esaldiak ez du interpretaziorako tarterik uzten.

Jorajuriak oroitarazi du aspalditik ari direla borrokan azterketak euskaraz egiteko. «Azken urte eta hilabeteetan eraso anitz izan ditugu. Ez dugu ulertzen nondik heldu den oposizio hori. Ez da antolaketa arazorik: zuzentzaileak badira beste sareetan, publikoan, elebidunean, gure ikasleen lanak zuzendu ditzaketenak». Haren hitzetan, ez dago arazo juridikorik: «Legeak dio argiki azterketak frantsesez egin behar direla, salbu euskararen irakaskuntzak bestela behartzen duelarik. Badu 30 urte lege puntu hori erabiltzen dugula brebeta osoki euskaraz egiteko, eta Historia-Geografia eta Matematika euskaraz egiteko baxoan».

Abenduan, zirkularra

Funtsean, hiru dokumentuk berresten dute Seaskaren eskaera. Batetik, Jorajuriak aipatutako Frantziako Hezkuntza Kodeak, 121-3 artikuluan; bestetik, EEPk, ministerioak eta Seaskak 2019an izenpetutako hitzarmenak; eta, azkenik, joan den abenduan hizkuntza gutxituen irakaskuntzari buruz publikatu zuten zirkularrak. Brebetan eta baxoan proba batzuk euskaraz egiteko aukera aipatzen da azken horretan.

Horiek horrela, Frantziako hezkuntza administrazioaren «erabaki politikoa» da azterketak euskaraz egiteko eskubidea ukatzea, Jorajuriaren hitzetan: «Susmatzen dugu badela nahikeria bat gure ikasleek frantses gehiago izan dezaten irakaskuntzan».

Seaskak lehengo astean aurkeztu zuen helegitea Paueko auzitegian, eta horrek eskaera aztertzea erabaki du. Heldu den astelehenean izanen da auzi saioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE