«Zero postu heldu den sartzerako!». Honela adierazi du Seaskak Frantziako Hezkuntza Ministerioaren erabakia. 2026-2027 ikasturterako postuen berri emateko deia jaso dute, eta jakinarazi diete heldu den ikasturterako ez dutela irakasle postu gehigarririk eskuratuko. «Erabaki horrek arrangura eta haserre handia sortzen dizkigu», adierazi dute agiri batean. «Bada hogei urte ez ginela halako egoera baten aitzinean».
Heldu den irailerako ikasle kopuruak gora eginen du Seaskako Bigarren Mailetan — gutxienez 60 ikasle gehiago espero dituzte—, eta Lanbide Heziketako sail berri bat irekitzea ere onartu diete. «Baina postu gehigarririk gabe nola egin?», galdetu dute. Kanboko (Lapurdi) Xalbador kolegioan, Baionako Estitxu Robles kolegioan eta Bernat Etxepare lizeoan gutxienez zazpi postu gehiago beharko lituzkete. Horrez gain, Lehen Mailetan irakasle postu berezituak eta aholkulari pedagogikoak ere beharko lituzkete.
«Frantziako Gobernuak Seaskaren garapena gelditzea erabaki du», salatu dute ikastolen elkarteko kideek. «Euskarak Ipar Euskal Herrian garatzeko duen tresnarik eraginkorrena oztopatzea erabaki du. Azterketetan gibel egin ondoren, orain postuekin ito nahi gaituzte?». Frantziako Hezkuntza Ministerioari eta Bordeleko Errektoretzari eskatu diete berehala bidera ditzatela 2026-2027 ikasturtea behar bezala antolatzeko beharrezkoak diren gutxieneko baliabideak. «Ikasleen, familien eta hezkuntza komunitate osoaren interesen alde, erabaki hau berrikusi dezaten galdegiten diegu. Baldintza hauetan, ezinezkoa zaigu heldu den ikasturtea behar bezala prestatzea eta ikasleei dagokien euskarazko kalitateko hezkuntza bermatzea».
Huarten promesa
Urteetan zehar gatazka iraunkorra izan dute Seaskak eta Parisek ikasturte batetik bestera ikastolen elkarteak beharrezkoak zituen irakasle postuei begira. Baina azken urteetan egoera egonkortua zen, eta EEP Euskararen Erakunde Publikoaren bitartekaritzarekin, baliabide egokiak eskuratzen zituen Seaskak. Iaz lehertu zen berriz gatazka: Seaskak salatu zuen «onartezinak» zirela Parisek ematen zizkion baliabideak, eta protestara deitu zuen: milaka ikasle elkartu ziren Baionako karriketan euskarazko irakaskuntza bermatzeko baliabideak eskatzeko.
Ondoko astean Jean Marc Huart Bordeleko errektoreak bisita egin zuen Euskal Herrira, eta aldi baterako lorpena eskuratu zuen Seaskak. Aurtengo ikasturterako behar zituzten irakasle postuetatik gehienak emanen zizkiela hitzeman zien Huartek, behin-behineko baliabideak jarrita. Horrez gain, baieztatu zuen elkarrizketak abiatuko zituztela EEP eta Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin, Seaska Parisekin lotzen duen hitzarmena negoziatzeko. Inklusiora begirako baliabideak eta azterketetan euskaraz aritzeko aukera izan beharrak ziren negoziazio horretako puntu nagusiak. Baina urtebetera, deus gutxi aitzinatu da. «Huartek ez du hitza bete», Seaskako arduradunen hitzetan.