Seaskako ikasleek protesta eginez abiatu dute baxoko azterketaren azken txanpa. Filosofiako proba izan dute astelehen goiz honetan, eta azterketak euskaraz egiteko nahia plazaratu dute karia horretara. Bordeleko errektoreak aitzinamenduak iragarri bazituen ere, gaur-gaurkoz ez dute inolako berririk. Seaskak iragarri du bilkura eginen dutela ekain bukaeran EEP Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Frantziako Hezkuntza administraziorekin.
«Gure etorkizuna teknikaren menpe ote da?». «Egia beti konbentzigarria ote da?». Galdera horiei erantzun diete ikasleek baxoko Filosofiako proban, urtean zehar landutako autoreetan oinarrituta, edota norberak eraikitako argudiaketaren bidez. «Erran dut munduaren ikuskera ezberdina dugunez, egiari buruz ikusmoldea ere aldatu daitekeela; baina egiak baduela hala ere izaera unibertsal bat», esplikatu du Uhaina Duhalde Arrangoitze (Lapurdi) gazteak.
Unax Otxandabaratz hendaiarrak teknikari buruzko gogoetari ekin dio. «Hasieran aipatu dut teknika beharrezkoa zela bizirauteko, baina posible zela oso teknika gutxirekin ere bizitzea, prehistoria eta Afrikako tribuen eredua emanez. Bukatu dut erranez zerbait justu eta orekatua behar dela: bonba nuklearra eta aldaketa klimatikoa ere teknikaren ondorio dira, eta munduaren desagertzea eragin lezakete».
Pankartarekin
Frantses elebakarrean ari diren ikasleentzat azterketa eguna besterik ez zen gaurkoa; Seaskakoentzat, protestarako momentua izan da. Aldarrikapen tixertak soinean eta pankarta eskuetan, azterketak euskaraz egitea eskatzeko baliatu dute.
«Aurten ere maleruski ikasleek frantsesez egin behar izan dute Filosofiako azterketa, eta gainerako azterketak ere hala egin beharko dituzte. Zentzugabekeria da!», deitoratu du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak. Bordeleko errektoreak egindako adierazpenen ondotik ez dute inolako berririk eskuratu. «Bordelen egindako bilkuran aztertu zuten ea euskaraz zer egin zitekeen eta zer ez. Guk orain adierazpen ederrez harago urratsak itxaroten ditugu».