2027ko irailean beste ikastetxe bat izango du Seaskak, bigarren lizeoa: Donapaleun egongo da (Nafarroa Beherea). Baionako Etxepare lizeoa da egun Ipar Euskal Herriko ikastolen sarearen lizeo bakarra, eta aspaldi piztua da kezka, txikiegia baita egungo premiak asetzeko; hain zuzen, 536 ikasle ditu orain, eta «gainezka» eginda dago. Horiek horrela, iragan hilabeteotan Seaskako arduradunek usu azaldu dute beste lizeo bat irekitzeko asmoa, eta, gaur, Kanbon (Lapurdi), lizeo berriaren garapenari buruzko txostena bozkatu dute, urteko batzar nagusiaren barrenean. Ikastetxe hori eraikitzeko hainbat toki aipatu dira iragan hilabeteotan, hainbat herriko etxeren eskaintzak jaso baititu Seaskak, baina gaur, aurrez iragarria zuten moduan, Donapaleun eraikitzeko plana eraman dute bilkurara.
Donapaleuko ikastolaren ondoan egongo da lizeoa, hainbat kirol instalazio ere baditu inguruan, eta herrigunetik «hurbil» da. Seaskako arduradunek uste dute toki egokia dela. Ikastetxea 2027ko irailean jarri asmo dute martxan; 180 ikasle hartu ahal izango ditu hastapenean. Ikastetxeak sail orokorra eskainiko du abiaburuan, baina «etorkizunean» adar gehiago jarri nahi dituzte, eta akaso «sail teknologiko batzuk» ere bai. Egun, Lehen Hezkuntzako ikasleen %13 eskolatzen dituzte ikastolek Ipar Euskal Herrian; lizeoko ikasleen %6. Lizeo berria irekita kopuru horiek «emendatzea» dute helburu.
Seaskako arduradunek ez dute zehaztu oraindik zenbat diru beharko den ikastetxe berria eraiki eta martxan jartzeko. Hala ere, biltzarraren ostean zabaldu duten prentsa oharrean argi utzi dute «finantzaketa lortzea» izango dela datozen hilabeteetako erronketako bat.
Lizeoari buruzko kontuek aparteko tokia izan dute gaurko batzarrean, baina bestelakoak ere aipatu dituzte. Seaskaren beraren funtzionamenduari buruzkoak izan dira horietako hainbat. Esaterako, maiatzaren 26an Jean-Marc Huart Bordeleko Akademiako errektoreak bilkura izan zuen Seskako buruekin, eta «prestasuna» erakutsi zuen heldu den ikasturterako «oren gehigarriak» segurtatzeko, eta «postu berezituen» inguruan ere aurrerabideak egiteko. Baina Seaskako arduradunek gaurko batzarrean adierazi dute ez dutela aurrerabiderik ikusi ordutik: «Mementoko ez da deus zehatzik gauzatu».
EEPri buruz
Hizpide izan dute EEP Euskararen Erakunde Publikoaren geroa ere; izan ere, egunotan Frantziako Estatuak iragarri du 100.000 euro gehiago emango dituela erakunde horren aurrekonturako, eta Euskal Hirigune Elkargoak erantzun du «baldintza» horietan ezin dela sinatu erakundearen berritzea. Horiek horrela, ahotsa ozentzea erabaki dute Seaskako arduradunek, eta eskari bat egin: «Estatuari, Pirinio Atlantikoetako Departamenduari eta Akitania eskualdeari dei berezia egiten diegu, beren eskumeneko hizkuntza politika publikoari ezinbesteko ahalak eman diezazkioten».