Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua

Begoña Pedrosa: «Segregazioa ez da konponduko ez bost urtean, ez hamarrean»

Eraldaketa beteko gizartean, prozesu horren adibide argia dira egun ikasgelak; horietan sortzen diren erronkei erantzuteko estrategia berriak behar direla eta, lehentasuna horiek sustatzea da Pedrosarentzat.

Begoña Pedrosa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Begoña Pedrosa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
arantxa iraola
2026ko apirilaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosari (Areatza, Bizkaia, 1975) gustatzen zaio gogora ekartzea ageri-agerikoa dela heldu den mundu berria ikasgeletan: «Esaterako, oraintxe bertan, ikastetxe publikoetan atzerriko jatorria duten ikasleen portzentajea ia %25ean dago 2-3 urtekoen geletan». Horiek horrela, uste du ezinbestekoa dela gauzak egiteko modu berriak bilatzea. 

Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuak abiarazia du bidea. Hizkuntzen irakaskuntzara begira ekarriko ditu aldaketak: eskoletako hizkuntza planak izango dira ardatza, eta hizkuntza kudeatzaileek hartuko dute hor aparteko rola. Hogei eskolatan hasi zarete lanketa egiten. Zertan ari zarete?

Diseinua egiten: aholkularitza ereduaren diseinua egiten ari gara. Hor sartuta dago Mondragon Unibertsitatea-Huhezi ere. Helburua da egiten duguna erabilgarria izatea, eta tokian tokiko beharrei erantzutea; orduan, bada, oso bakarkako formakuntza batetik komunitateari edo errealitate jakin bati erantzuteko estrategia berri batera goaz. Izan ere, hori ikertuta dago; eraginik handiena daukan aldagaia da, batik bat, hizkuntza proiektuak testuingurutik aplikatzea eta testuinguru bakoitzak hartzea bere erabakiak.

«Oso bakarkako formakuntza batetik komunitateari edo errealitate jakin bati erantzuteko estrategia berri batera goaz»

Eredu berri horren lanketa eskola publikoetan hasi duzue. Itunpekoetara ere zabaltzeko asmoa bada?

Bai, etorriko da. Dagokionean etorriko da. Azkenean, guk sistema osoan eragin behar dugu, ikastetxe guztietara heltzeko ardura daukagu eta hori izango da gure egitekoa, jakina. Baina nonbaiten hasi behar, eta hasi gara konplexutasun handiko ikastetxeetan, zentro horietan erronka bereizgarriak dauzkagulako... Beti esaten dugu ekitatearen oinarrian dagoen aldagai bat dela gehien behar duenari gehiago ematea.

Irale programak irakasleak euskaran eta euskal kulturan trebatzeko egiten dituen murgiltze ikastaroak desagertzera doaz. Kezka piztu du horrek. Zerk beteko du horiek betetzen zuten funtzioa?

Formakuntzak aurrera jarraitzen du; birformulatu egin dugu egun dauzkagun erronkei erantzun ahal izateko. Hori da gure egitekoa. Eta nik publikoki esan nahi dut Iralek egin duen lana ikaragarria izan dela. Baina, aldi berean, horrek ere koiuntura berri batean jartzen gaitu. Asko aldatu da euskal hezkuntza sistema urteotan; aldaketa, gainera, esponentziala izan da azken urteetan: hizkuntza ezberdinak, kultura ezberdinak, sinesmen ezberdinak, pentsaera ezberdinak, erlijio ezberdinak... Hori guztia gure ikastetxeetara etorri da, eta, orduan, guk gure irakasleei, gure zuzendaritza taldeei eta gure laguntza zerbitzuei eskatzen diegu beren jarduna errealitate berri horretara egokitzeko, eta hori egiten ari gara. Jarraituko dugu liberazioak egiten beharra dagoen ikastetxeetan, eta irakasleen eskaerak kontuan hartuta, baina, aldi berean, gure indarrak oraintxe bertan behar dugun estrategia berrian jarri nahi ditugu, eta, estrategia berri horretan, lehentasuna da ikastetxeetatik eragitea, ikastetxeetako hezkuntza proiektuetatik hizkuntza proiektu sendoak martxan jartzea, eraginkorrak eta tokian-tokian aplikatuko ditugunak. Guk lidergo linguistikoa daukaten irakasleak nahi ditugu. Hori da gure misioa, eta indarra hor jarriko dugu.

«Hizkuntza ezberdinak, kultura ezberdinak, sinesmen ezberdinak, pentsaera ezberdinak... Hori guztia gure ikastetxeetara etorri da» 

Murgiltze ikastaroak desagertu egingo dira, baina liberazioak mantenduko direla ere esan duzue. Nola ulertzen da hori?

Mantendu egingo dira B1 maila, B2 maila eta C1 maila lortzeko.

Horiek ez dituzten irakasleentzat...

Oso irakasle gutxi geratzen dira egoera horretan. Hori oso berri ona da. Gaur egun hezkuntza fakultateetatik ateratzen diren egresatu denek egiaztatuta daukate hizkuntza maila, baina jarraitu behar dugu konpetentzia linguistikoa elikatzen, garatzen eta kalitatean eragiten. 

Nabarmendu duzu Iralek urteotan egin duen lana. Hor ezagutza handia metatu da. Jarraituko dute egun arlo horretan ari diren 60 profesionalek orain ireki duzuen bide berri honetan ekarpena egiten?

60 lagun horiek erabaki dute taldean jarraitzea; hori berri ona da. 

Institutu barruan ariko dira?

Berrantolaketa hori antolatzen ari gara orain, baina leku fisikoak ez dauka eraginik; azkenean, haien lana izango da ikastetxeetara joatea ere, eta nik uste dut horixe eskatzen digutela ikastetxeek.

Kritika zehatzak egin zaizkio Hezkuntza Sailari hizkuntza eskakizunekin lotuta. Orain gutxi jakin zen, adibidez, Lanbide Heziketan hizkuntza eskakizun jasoagoa dutenak ezin direla aurkeztu eskakizun apalagoko lanpostuetara. Bidezkoa da hori maila jasoagoa izateko ahalegina egin duten irakasleentzat?

Lanbide Heziketan inoiz baino apustu sendoagoa egiten ari gara euskara indartzeko. Eskaintzaren ia %70 euskaraz dago; azken sei urteetan bilakaera izugarria izan da: ia-ia %80ko hazkundea izan du. Soslaiei dagokienez, gauza bera: hizkuntza eskakizunen aldaketa handia izan da azken urteotan, eta birformulatzen ari gara lanpostu gehienak. Baina ez hori bakarrik; ikuspegi kualitatiboari begiratzen badiogu, proiektu berriak dauzkagu ikastetxeetan. Berrikuntza asko egon dira, eta sentsibilizazioa handia da. Gure konpromisoa oso argia da, eta guk nahi dugu ikasle guztiei aukera berdinak ematea, baina jakin dezagun ere Lanbide Heziketaren errealitatea oso askotarikoa dela, eta guk horri ere erantzun behar diogu...

Horrek esan nahi du badaudela langile batzuk hizkuntza eskakizun jakin bat ez dutenak eta haiei begirako erabakiak ere hartu behar direla?

Horrek esan nahi du guk erantzun behar diogula orain tokian-tokian daukagun errealitate guztiari, eta, aldi berean, estrategia sendo bat daukagula euskararen presentzia gero eta handiagoa izateko Lanbide Heziketan. 

Eskola segregazioaren kontrako mahai bat eratu zenuten ikasturtea abiarazi berritan, irailean. Mahaikiderik gabe geratzen ari da. Zer ari da gertatzen?

Hori ez da egia...

Hainbat eragilek joateari utzi diote...

Eskola Bikaina Denontzat mahaia sortu genuen, eta mahai horren helburua segregaziotik harago lan egitea izan da hasieratik. Lehenengo eta behin, nik aitortza bat egin nahi diet parte hartzen duten guzti-guztiei. Atera direnek aldez aurretik atera behar zutela pentsatzen zuten... 

«Eskola Bikaina Denontzat mahaitik joan direnek azaldu beharko dute zergatik joan diren, baina ez dira joan konpromisorik, parte hartzerik edo proiekturik ez dagoelako»

Esaten ari zara alde egin dutenak fede txarrez jarri zirela mahaian? Aldez aurretik ere alde egiteko asmoa zutela?

Nik hori ez dut esan. Etorri direnek eta egon direnek badakite eraikitzen ari garela; joan direnek ere bai. Joan badira, beren arrazoiak izango dituzte, baina ez dira joan lanean ez gabiltzalako, parte hartzerik ez dagoelako. Ni ez naiz hasiko inor epaitzen; bakoitzak erabakitzen du erabakitzen duena, legitimitate guztiarekin, baina eman diezaiegun legitimitatea ere barruan daudenei, asko baitira. Eta guk jarraituko dugu lanean oso inportanteak diren proiektuetan bidea egiten. 

Segregazioaren kontra egite aldera, hartu dira urteotan hainbat neurri matrikulaziora begira; besteak beste, familien zaurgarritasun indizea aintzat hartu da aurrematrikulazio garaian. Zer ikasbide atera duzue neurri horietatik?

Neurri jakin bat aplikatzeak lagundu egiten duela, eta eremu batzuetan hobekuntza nabarmenak ekartzen dituela. Baina, era berean, ikusi da neurri berriak eta gehigarriak behar direla, eta horixe egiten ari gara Eskola Bikaina Denontzat mahaian. 

Legealdia hasi berritan esan zenuen segregazioa hizpide hartzean askotan neurri zuzentzaileei gehiegi begiratzen zaiela, baina helburua dela ikastetxe guztiek kalitatezko eskaintza izatea. Zentro baten eskaintza kalitatezkoa izan liteke segregazio egoera batean? Ez da hori gizartearen porrot bat?

Bada, interesgarria da jakitea konplexutasun handiko ikastetxe askotan eraginkortasun handia dagoela; kezkagarria da konplexutasun txikiko ikastetxeetan eraginkortasunik ez egotea. Oraintxe ikertzen ari garen gaietako bat da hori. Ikerketa bat egiten ari gara jakiteko zeintzuk diren ikastetxe eraginkorren gakoak. Eta ikastetxe eraginkorren artean oso segregatuak edo oso segregazio txikia daukatenak egon daitezke. Interesgarria da identifikatzea non dauden gako horiek, eta zer ikas dezakegun gako horietatik, zeren eta horrekin politika berriak egin ditzakegu. 

«Ikastetxe eraginkorren artean oso segregatuak edo oso segregazio txikia daukatenak egon daitezke»

Baina helburua bada, ahal bada, ikasleak ez segregatuta egotea...

Baina segregazioa ez da konponduko ez bost urtean, ez hamarrean. Guk gizartea prestatu behar dugu daukagun errealitate berriari erantzuteko. Gobernu moduan erantzukizun bat daukagu, eta gizarteari dei bat egiten diogu erantzukidetasunez erantzuteko. Aniztasuna geratzeko etorri da, definitu gaitu, eta definituko gaitu, eta, euskara erdigunera ekarri nahi badugu gure politika guztietan euskal hezkuntza sisteman, momentua da hausnarketa sendo bat egiteko. 

Lerroburuetan dagoen beste gai bat: eskolen bateratze prozesuak martxan dira zenbait tokitan. Zenbat zentro publiko gehiagotan abiaraziko dira halakoak? 

Beti egon dira horrelako prozesuak, eta horiek modu ordenatu batean egin nahi izan ditugu orain, egoerak hala agintzen duelako: gero eta ikasle gutxiago dauzkagu eskualde batzuetan, eta ikastetxe batzuetan beherakada oso handia izan da. Beherakada esaten dugunean, esaten ari gara sarbidean ikaslerik gabe geratu direla, edota bi edo hiru ikasle dituztela 2-3 urteko geletan. Badakit lerroburuetan gauza batzuk esaten direla, baina nik kontatu ahal dizut zer gertatu den eta zer egiten ari garen: guk zuzendaritza taldeekin egin dugu lan, eta zuzendaritza taldeak oso ausartak izan dira. Eta hau esan egin behar dugu: zuzendaritza taldeen lidergoaren bitartez lortu dugu hezkuntza komunitate batzuetan ikasle guztiei aukera gehiago zabaltzea. Oso legitimoa da gurasoek kezkak izatea, oso normala da, eta beti egongo dira kritikak, baina begiratu behar diogu helburu nagusiari, eta helburu nagusia da ikasle guztiei aukera berdintsuak ematea. Eta, toki batzuetan, integrazio hauen bidez bermatuko dugu hori etorkizunera begira.

«Zuzendaritza taldeen lidergoaren bitartez lortu dugu hezkuntza komunitate batzuetan ikasle guztiei aukera gehiago zabaltzea»

Pantailen erabileraren harira, kezka handitzen ari da hainbat familiatan, eta eskariak egin dira Hezkuntza Sailak berariaz debekatzeko eskoletan sakelako telefonoen erabilera. Baduzue urrats hori egiteko asmorik?

Nik beti esaten dut urrats hori ikastetxeek egin dutela: ikastetxeek eurek euren araudietan erabakiak hartu dituzte, guk lagundu egin diegu hausnarketa prozesu horietan, eta ikastetxe gehientsuenetan mugikorrak debekatu egin dituzte. Baina teknologiaz hitz egiten dugunean, harago jo behar dugu. Oraintxe aurkeztu dugu estrategia digital berria, eta hor gako inportanteena da ikasleen ongizatea; hor ez gara ari teknologiaz hitz egiten, baina teknologia presente dago. Hau ez da pantailak bai edo pantailak ez. Hau zera da, teknologia zergatik, zertarako eta noiz erabili behar dugun, eta lan hau nahitaez ikastetxeetan egin behar dugu.

Beraz, orain arteko bidean: ez duzue debekatzeko asmorik. 

Debekua da bidea? Ikerketek esaten digute beste bide batzuk jorratu behar direla. Ikastetxeetan ikusten dugunean prozesu bat egitean hezkuntza komunitate guztiari aukera ematen zaiola iritzia emateko, orduan etortzen dira erabaki onak. Erabaki onak adostuak izaten dira, eta kontsentsu horrek ekartzen du erabilera arduratsua eta etikoa benetan, eta ez dokumentu batek esaten duenak. Heziketan jarri behar dugu gero eta indar handiagoa, gizarte moduan. Zer gertatzen da eskolatik kanpo daudenean? Zenbat denbora inbertitzen du nerabe batek bere mundu birtualean? Ze eredu gara gu herritar moduan? Hausnarketa oso sakona daukagu egiteko. 

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA