Segurtasun perimetroa: emakumeek era «duin eta librean» abortatzeko gakoa

Aste Santuaren atarian, antiabortistek elkarretaratzeak egin dituzte atzera Askabide kliniken aurrean, «inpunitate osoz». Bea Ilardia abokatuaren ustez, ezinbestekoa da kliniken inguruan segurtasun distantzia bat ezartzea legez.

Abortuaren kontrakoen mobilizazio bat, Gasteizko Askabide klinikaren aitzinean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Abortuaren kontrakoen mobilizazio bat, Gasteizko Askabide klinikaren aitzinean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
2026ko apirilaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Garizuma garaian —kristauek Aste Santuaren aurreko 40 egunetan egiten duten aldian— ohikoa da abortatzeko eskubidearen aurkako taldeak biltzea haurdunaldiak eteten dituzten kliniken aurrean, otoitz egiteko. Aurten, otsailaren erdialdeaz geroztik egunero egin dituzte elkarretaratzeak Bilbon, Gasteizen eta Donostian, 40 Dias por la Vida (40 egun bizitzaren alde) talde ultrakatolikoak deituta. Haurdunaldiak eteten dituzten kliniken inguruan egin dituzte, hala nola Askabide kliniken aitzinean.

Urteak dira gisa horretako bilkurak egiten dituztela, baina orain bestelakoa da egoera: izan ere, Gasteizko Askabide klinikaren aurrean elkartzen ziren 21 pertsona epaitu eta haiek absolbitu ostean bueltatu dira protestok. Abenduan, Gasteizko Zigor Arloko Lehen Epaitegiak errugabetzat jo zituen antiabortistak, argudiatuta otoitz egiteko bildutakoak ez zitzaizkiola inori jazarri, eta ez ziotela inori oztopatu abortatzeko eskubidea. «Biltzeko eskubidea erabili baino ez zuten egin», ebatzi zuen epaileak.

Ebazpen horrek, baina, ez ditu gogobete ez klinikako arduradunak, ez eta akusazioaren abokatua ere. Are, Askabideko ordezkari Naroa Iturriren ustez, epaiak ondorio praktiko «kezkagarriak» izan ditu: «Ebazpenaren ondoren zirrikitu bat ireki da inpunitaterako». Haren arabera, legeak ez du zehazten zer den jazarpena, eta horrek aukera ematen die talde antiabortistei beren jarduna egokitzeko, zigorra saihestuta.

Azken egunetan Askabide kliniken inguruetan egiten ari diren elkarretaratzeak dira horren adibide. Donostian, Easo plazako parkingaren inguruetan biltzen dira; Bilbon, klinikaren atzealdean, «90 metro ingurura»; eta Gasteizen, Babesgabeen Elizaren parean, klinikatik ehun metrora baino apur bat urrunago. Eta denetan, abortuaren aurkako mezuak daramatzaten kartelak erakusten dituzte: Zugatik eta zure haurrarengatik errezoak egingo ditugu, Ez zaude bakarrik, lagunduko zaitugu, eta gisakoak. 40 Dias por la Vida taldeak bere webgunean egindako deiari jarraikiz egiten dituzte protestok, eta haien helburua argia da oso, Iturriren esanetan: «Haurdunaldia etetera doazen andrazkoak intimidatu nahi dituzte, eta haiei jazarri».

Duela egun batzuk izandako gertaera batek are gehiago kezkarazi ditu kliniketako profesionalak eta abortatzera doazen emakumeak. Gasteizen, bi pertsona emakume bati hurbildu zitzaizkion klinikatik irtetean, eta abortuaren aurkako panfleto bat eman zioten eskura: «Urrats bat harago jo dute, eta horrek muga guztiak gainditu ditu», ohartarazi du Iturrik. «Hau ez da, epaileak zioen moduan, era baketsuan bilkurak egitea. Hau jauzi kualitatibo bat izan da», erantsi du.

Abortuaren aurkako panfletoa
Gasteizko Askabide klinikako paziente bati antiabortistek emandako panfletoa. ASKABIDE

Klinikako arduradunek Ertzaintzari deitu zioten, eta emakumea prest agertu zen salaketa jartzeko, baina, Iturrik azaldu duenez, poliziek garrantzia kendu zioten gertaerari. Horrek erakusten du, klinikako kidearen arabera, legearen interpretazioa dagoela arazoaren erroan: «Ertzainek zera esan ziguten: 'Tira, paper batzuk baino ez dizkiote eman emakumeari'. Baina guk argi dugu hori baino gehiago izan dela; hori hertsatu nahi izatea dela».

Zigor Kodearen 172. artikulua

Abenduko epaiketan ere bistan geratu zen legearen interpretazio arras ezberdinak egin zituztela akusazioak eta antiabortisten defentsak. Hori dela eta, Askabideren defentsak epaiaren aurkako apelazio helegitea aurkeztu zuen Arabako Probintzia Auzitegian. Funtsean, zera dio errekurtsoak: legearen interpretazio «okerra» egin dela, eta, bereziki, Zigor Kodeko 172. artikulua «modu murriztailean» aplikatu dela.

Artikulu hori, hain zuzen ere, abortu kliniken inguruko «jazarpena» zigortzeko sortu zen. 2022an, Espainiako Zigor Kodea aldatzeko prozedura hasi zutenean, hasierako testu batean jasota zegoen abortuak egiten dituzten kliniken inguruan segurtasun perimetro bat ezartzeko aukera, protestak distantzia jakin batera egitera behartzeko. Hala ere, legea garatu zutenean, neurri hori kanpoan geratu zen, eta testuaren atarian edo hitzaurrean baino ez zen jaso. Neurria urardotuta geratu zen arauan, eta, besteak beste, ez zuen zehazten elkarretaratzeak klinikatik gutxieneko distantzia jakin batera egin behar ote ziren.

Segurtasun perimetroa da, Bea Ilardia abokatuaren ustetan, aferaren gako nagusia. Gogorarazi duenez, OME Osasunaren Mundu Erakundeak zehaztua du gutxienez 300 metrokoa izan behar duela distantzia horrek, eta epaiketaren aurretik egin izan dira kontzentrazioak Askabideren kliniketatik ehun metro ingurura, inolako arazorik gabe. Haatik, Zigor Kodeak ez du zehazten non kokatu behar diren halako elkarretaratze edo protestak.

«Zigor Kodeak ez du balio abortatzera doazen emakumeen eta kliniketako langileen eskubideak babesteko. Oso garantista da prozesatuarekiko, eta horrek interpretazio askotarako aukera ematen du, baita zirrikitu ugari ireki ere»

BEA ILARDIAAbokatua

«Zigor Kodeak ez du balio abortatzera doazen emakumeen eta kliniketako langileen eskubideak babesteko», ziurtatu du abokatuak. Haren esanetan, Zigor Kodea «oso garantista» da prozesatuarekiko, eta horrek interpretazio askotarako aukera ematen du, eta baita «zirrikitu ugari» ireki ere. Horregatik, argi dio bestelako araubideak behar direla emakumeek «modu duin eta librean» abortatu ahal dutela bermatzeko. Haren ustez, beste tresna juridiko batzuk behar dira gutxieneko distantzia hori arautzeko, eta administrazioen eskumena da ordenantzak, dekretuak edo bestelakoak onartzea.

Bide horretan hainbat urrats egin dira azkenaldian. Adibidez, Espainiako Gobernua aztertzen ari da kliniken inguruko segurtasun perimetro bat ezartzeko aukera, eta Kongresuan proposamen bat aurkeztu dute 200 metroko perimetroan elkarretaratzeak debekatzeko. Eta bide bereko proposamenak dira eztabaidatzekoak Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan. Iturriren ustez, gisa horretako neurriak hartzea ezinbestekoa da: «Ez dugu esaten protestarik ezin denik egin, baina ez kliniken aurrean. 100 metrora edo gehiagora, bai; bertan, ez». Eskubideen arteko talka ekiditeko modua emango luke neurriak, haren iritziz: «Haiek biltzeko eta adierazteko eskubidea aldarrikatzen dute; guk, emakumeek libre eta presiorik gabe erabakitzeko eskubidea».

Interpretazioa

Askabideren defentsak Arabako Probintzia Auzitegian aurkeztutako helegitearen funtsa bide beretik doa. Idazkiak dio kliniken inguruan «segurtasun eremu bat» bermatzea dela arauaren helburua, eta, beraz, «hertsatzeko giroa» sortzeak nahikoa izan behar duela delitua egoteko.

Ilardiak esplikatu du muina arauaren interpretazioan dagoela: «Egitate berdinen inguruko interpretazio ezberdina egiten dugu epaileak eta guk». Hau da, denek ikusi zuten zer gertatu zen —pertsona batzuk kliniken aurrean otoitz egiten—, baina interpretazioaren araberako ondorio juridikoak ez dira berdinak. «Epaileak dio protestek ez dutela lekurik artikuluan, eta guk diogu baietz», azaldu du.

«Ez dugu esaten protestarik ezin denik egin, baina ez kliniken aurrean. 100 metrora edo gehiagora, bai; bertan, ez»

NAROA ITURRIAskabideko kidea

Akusazioaren ustez, abortatzera doazen emakumeen aurkako jazarpena eta presio giroa sortzen dute elkarretaratzeek, eta, errekurtsoan jasota dagoenez, antiabortisten jokabideak ezin dira modu bakanduan aztertu. Kontua ez baita pertsona batek otoitz egitea edo kartel bat eramatea, ezpada jarduera koordinatu eta jarraitu baten bidez sortzen den presioa. Helegitean jaso dutenez, «ez dira ekintza bakanak, baizik eta zerbait antolatua», eta horrek zeharo baldintzatzen du andrazkoen erabakitzeko askatasuna eta langileen jarduera profesionala.

Askabidek bereziki kritikatu du klinikako langile baten testigantza gutxietsi izana. Emakume horrek bere eguneroko ohiturak aldatu zituen (laneko jantzia kendu, ohiko lekuak saihestu...) antiabortisten intimidazioagatik, baina epaileak ez zuen hori aintzat hartu. Legearen interpretazio murriztaileaz ohartarazi dute errekurtsoan: «Indarkeriarik ez badago ere, presio sozial edo sinbolikoaren bidez sortutako jazarpena zigortu egin behar da».

Errekurtsoa ebatzi arte luze joko duela aurreikusi dute —«urtebete inguru iraun dezake»—, baina Askabide klinikakoek ez dute amore emateko asmorik. Iturri: «Errekurtsoak ez badu aurrera egiten, gorago joko dugu, gure asmoa legea aldatzea delako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA