Absolbitu egin dituzte Askabide klinikaren aitzinean abortuaren kontra bildu ziren 21 pertsonak

Epailearen arabera, otoitz egiteko bildutakoak ez zitzaizkion inori jazarri, eta ez zioten inori oztopatu abortatzeko eskubidea.

Abortuaren kontrakoen mobilizazio bat, Gasteizko Askabide klinikaren aitzinean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Abortuaren kontrakoen mobilizazio bat, Gasteizko Askabide klinikaren aitzinean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jakes goikoetxea
2025eko abenduaren 9a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jazarpenik ez, errezatu baino ez. Gasteizko Zigor Arloko Lehen Epaitegiak errugabetzat jo ditu Gasteizko Askabide klinikaren aurrean abortuaren kontrako elkarretaratzeak egin zituzten 21 pertsonak. Askabidek epaiaren kontrako helegitea aurkeztuko du Arabako Probintzia Auzitegian.

Epaiaren arabera, abortuaren kontrako taldeak inoiz ez ziren bost lagun baino gehiagokoak izan; kontzentrazioak egingo zituztela jakinarazi zuten, eta ez zieten bertan behera uzteko agindu; ez zuten harremanik izan haien biktima izan zirela esan zutenekin; klinikaren aurreko espaloian egoten ziren, klinikatik 15-30 metrora; otoitz egiten zuten, «batzuetan ozenki, besteetan isilik»; ozenki egiten zutenean, errezoak ez ziren entzuten klinika barrutik; eta akusatuetako batzuek orri baten neurriko kartelak zituzten eskuetan.

Baldintza horietan oinarrituta, epaileak ondorioztatu du abortuaren kontrakoak ez zitzaizkiola inori jazarri: «Ez zen izan ez giro jazarpenik, ez bestelakorik». «Biltzeko eskubidea erabili baino ez zuten egin», ebatzi du epaileak. Horretarako, abortuak egiten dituen klinika bat aukeratu zuten, «uste zutelako hori zela modurik egokiena mezua hartzaileengana zuzenean heltzeko: biziaren alde otoitz egitea eta laguntza eskaintzea». Nabarmendu du akusatuek modu «guztiz baketsuan» jokatu zutela.

Fiskaltzak bost hilabeteko espetxealdia edo komunitatearen aldeko lanak egitea eskatu zuen haientzat; akusazio partikularrak ere bai, baina 20.000 euroko kalte ordaina ere eskatu zuen. Azaroan epaitu zituzten.

Bortizkeriarik ez

21 pertsona horiek 2022ko irailetik azarora egin zituzten elkarretaratzeak Askabide klinikaren aurrean. Espainiako Zigor Kodeak, 2022an egindako aldaketa baten eraginez, zigortu egiten du abortatzera joaten diren emakumeei jazartzea; zehazki, abortatzeko eskubidea oztopatu nahian emakumeei jazartzea «ekintza gogaikarri, iraingarri, larderiazko edo hertsagarrien bidez». Legeak babestu egiten ditu abortatzera doazen emakumeak eta abortuak egiten diren kliniketako langileak.

Epaiketan, azaroaren 17ko saioan, zenbait emakumek, Askabide klinikako zuzendariak eta langile ohi batek salatu zuten jazarriak izan zirela. Kontatu zuten abortuaren kontrakoek «hiltzaile» deitu zietela, eta «kontuz, zure seme edo alaba hilko duzu» eta halako mezuak entzun behar izan zituztela. Lekuko gisa deklaratu zuen emakume batek esan zuen Gasteizko klinikaren aurrean protestan ari zirelako «urduri» eta «beldurtuta» egon zela eta, ondorioz, Askabide klinikara joateari utzi ziola.

Epaileak, baina, nabarmendu du epaiketan ez dela izan klinikara abortatzera joan eta kontzentrazioek abortatzeko eskubidea oztopatu ziotela uste zuen emakumerik. Adierazi du akusatuen jokabidea ez zela hertsatzailea izan, ez zutela jokabide bortitzik izan klinikara joandakoen kontra, «ezta haien bertsio espiritualenean ere»: «Ez da agerian geratu inorengana hurbildu direnik, inori agiraka egin diotenik edo inori eraso diotenik. Ezta giza katerik egin dutenik ere emakumeak edo langileak ez pasatzeko».

Naroa Iturri Askabide klinikako arduradunaren iritziz, epaiak erakutsi du legeak, emakumeak eta langileak babesteko helburua badu ere, hutsuneak dituela: «Epaiak erakutsi digu legea ez dagoela oso ondo idatzia eta ertz asko dituela». Jazartzea zigortzen du, eta  jazartzearen barruan sartzen ditu «ekintza gogaikarriak, iraingarriak, larderiazkoak edo hertsagarriak», baina gero zehaztu egin behar da hori zer den, eta frogatu.

«Epaiak erakutsi digu legea ez dagoela oso ondo idatzia eta ertz asko dituela»

NAROA ITURRI Askabide klinikako arduraduna

Epaileak dio ez zela halakorik izan Askabide klinikaren aurrean. «Ez al da jazartzea egunero klinikaren aurrean jartzea eta egunero kartelak ikustea?», galdetu du Iturrik. Askabide klinikako arduradunarentzat, haiek aurrean izate hutsa jazartzea da, horrek eragina baitu klinikara joaten direnengan, bai pazienteengan, bai langileengan.

Espainiako Zigor Kodea aldatu behar zutenean, idatzi batean aipatu zuten abortuak egiten dituzten kliniken inguruan segurtasun perimetroa ezartzeko aukera, protestak segurtasun distantzia horretara egiteko. Gero, legea garatu eta idatzi zutenean, segurtasun perimetroa kanpoan geratu zen. «Guk eta Espainiako klinikek ehun metroko tartea eskatzen genuen», azaldu du Iturrik. OME Osasunaren Mundu Erakundeak 300 metrokoa izatea gomendatzen du. Askabideren inguruan ehun metrora ere egin izan dituzte kontzentrazioak: «Hiru urtean ehun metrora egon dira [abortuen kontrakoak], eta ez da inolako arazorik egon».

Legearen hutsuneak betetzeko edo ertzak konpontzeko bi aukera daudela uste du: bata, helegitea aurkeztea eta epaitegiek gertaeren beste interpretazio bat egitea; bestea, berriro legea aldatzea. Oraingoz, helegitea aurkeztuko dute Arabako Probintzia Auzitegian.

Froga falta 

Klinikako arduradunek esan zuten emakume askok aldatu zituztela abortatzeko orduak kontzentrazioen eraginez. Epaileak onartu du ordua aldatu behar izatea oztopo gisa interpreta daitekeela, baina lekukoen esana ez dela nahikoa hori frogatzeko. Gehitu du ez dela aurkeztu arrazoi horrengatik ez abortatzea erabaki zuen emakumerik.

Epailearentzat, norbaiti jazartzeko «kalte egin» behar zaio haren askatasunari, eta, horretarako, oztopatzeak «erreala» izan behar du; baina epaiketan ez dela halakorik frogatu adierazi du.

Epaiketan, klinikako langile eta erabiltzaile batzuek esan zuten elkarretaratzeetan parte hartzen zutenek zuzenean begiratzen zietela eta gaizki sentiarazten zituztela. Epaileak uste du, besteak beste, abortuaren kontrakoek ezin zituztela pertsona horiek langile gisa identifikatu, kontzentrazio bakoitzean jendea aldatu egiten zelako. Gaineratu du langile eta erabiltzaile horien «egoera psikologikoak» errealitatea «modu distortsionatuan» jasotzera bultza zitzakeela.

Testuan, zehaztu du akusatu gehienek behin bakarrik parte hartu zutela kontzentrazioetan, eta batzuek hiru edo lau aldiz. Horregatik, epaileak uste du ezin zaiela egotzi segidan jokatu izana.

Oharrak klinikari

Klinikako zuzendariak eta langile batek epaiketan esan zuten klinika barrutik entzuten zirela otoitzak. Epailearen ustez, «ez da sinesgarria» errezoak klinika barrutik entzutea. Arrazoitu du epaiketan udaltzainek deklaratu zutela bildutakoek ez zutela oihu egiten eta ez zutela ahotsa ozentzeko gailurik. «Ezinezkoa da bi, hiru edo bost laguneko talde baten errezoa, arnasa betean eginda ere, hamabost metrora eta itxita dagoen eraikin bateko hormak igarotzea, tartean trafikoa dela». Epailearentzat, «harrigarria» da akusazioak errezoen soinua edo irudiak ez grabatu izana.

Epaileak ohartarazpen bat egin dio Askabideri. Legeak, zioen azalpenean, abortuak egiten dituzten klinikei gomendatzen die «seinale diskretuak» jar ditzatela ematen dituzten zerbitzuei buruz. «Askabidek ez du aintzat hartu gomendio hori, argi eta garbi esaten baitu bertan abortuak egiten direla», zuzendu zaie epailea klinikaren arduradunei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.