Segurtasun planerako oinarriak ezarrita, sistema «sendotzeko» urratsak egin nahi ditu Zupiriak

Basque Segurtasun Foroaren balorazioa egin du Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak. Haren esanetan, planak «integrala» izan behar du, eta urratsak egin nahi ditu indarkeria matxistari, ziberdelinkuentziari eta klima larrialdiari erantzuteko.

Zupiria, gaur eguerdiko agerraldian, Donostian. JON URBE / FOKU
Zupiria, gaur eguerdiko agerraldian, Donostian. JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi.
Donostia
2026ko uztailaren 17a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

EHUren Udako Ikastaroen abaroan elkartu dira Donostiako Miramar Jauregian segurtasun arloko hainbat ordezkari, baina bi eguneko jardunaldiaren bidez ikastaro bat baino zerbait gehiago eskaini nahi izan du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, amaiera eman baitio Basque Segurtasun Foroa deitutako prozesuari. Orain, jasotakoak «segurtasun plan integral» batean bildu nahi ditu Bingen Zupiria sailburuak, eta espero du hura urte amaierarako prest izatea. Planak 2026-2030 aldia hartuko luke.

Segurtasun plana Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluan onartu eta Eusko Legebiltzarreko taldeen esku uztea da asmoa, betiere aurrez Ertzaintzako sindikatu korporatiboekin landuta. Halere, plan horren xehetasunetan sartu beharrean, Zupiriak orain arteko ibilbidearen errepasoa egin du, hartatik ateratako ondorio nagusiei erreparatzeko. Hain zuzen, aurrerapausoak emateko aukera ikusten du egindako urratsetan: «Uste dut aukera handi baten aurrean gaudela. Uste dut aukera bat dugula daukagun sistema indartsu hau sendoagoa egiteko».

Izatez, iazko ekainaren 30ean aurkeztu zuen Jaurlaritzak Basque Segurtasun Foroa, Bilboko Euskaldunan, eta ordutik 33 bilera egin dituzte eskualdez eskualde. 3.000 eragile zeuden bileretan parte hartzera deituta, baina, Zupiriak aitortu duenez, mila inguru izan dira bilkuretan. «Gure arrakasta %30ekoa izan da». Are, nabarmendu du erakundeen erantzuna «oso ona» izan bada ere gizarte eragileena «apalagoa» izan dela, baita emakumeena ere, gizonekin alderatuta.

Prozesu horren segida izan da udako ikastaroa. Hartan, besteak beste, zibersegurtasunaz, herritar segurtasunaz, adikzioez eta desinformazioaz aritu dira. Hain zuzen, horiek dira Zupiriak gaur aipatu dituen «kezka» iturri nagusietako batzuk. Zerrenda horretara batu ditu honako hauek ere: indarkeria matxista, klima larrialdia, autoritate krisia eta autobabesaren kulturaren galera.

Kezka horietatik abiatuta, Zupiriak nabarmendu du eman beharreko erantzunak «integrala» izan behar duela, eta gehitu du Jaurlaritzako beste zenbait arlotako arduradunekin eta beste erakunde eta gizarte eragile batzuetako ordezkariekin ere lan egin beharko dutela, Segurtasun Sailaren eskumenetatik haratago. Horren adibide, plan berrian txertatu nahi dituen zenbait elementu zerrendatu ditu Segurtasun sailburuak; besteak beste, esan du «itun sozial eta politiko bat» egin behar dela balio sistema bat ezartzeko, eta «autobabesaren kultura» sustatzeko neurriak hartu nahi ditu. 

Ertzaintzaren «prestigioa»

Ertzaintzari dagokionez, Zupiriak adierazi du gizarteak konfiantza duela erakunde hartan, eta gogoratu du herritarrek ondoen baloratzen duten erakundeetako bat dela inkesten arabera: «Prestigio hori Ertzaintzaren lanaren ondorio da». 

Halere, gehitu du hura mantentzeko lanean jarraitu behar dela. Esaterako, aipatu du Poliziak lan egin behar duela «beste garai batzuetan Ertzaintzari indarkeriarekin aurre egin dioten kultura politikoetako» kideek erakunde horri buruz duten iritzia aldatzeko: «Hori ere profesionaltasunaren bidez egiten da».

Ertzaintzaren barruan aldaketak egiteko aukera ere mahai gainean dago. Aldaketa horiek errealitate berrira egokitzeko egingo lituzkete, sailburuaren esanetan. Hala nola, azaldu du Ertzaintzaren lurralde antolaketa 1982an ondu zela eta hura aldatzeko garaia dela. Horretarako, egoitzen inguruko plana berrikusi beharko dela adierazi du. Era berean, indarkeria modu berrietara egokitzeko «anbizio estrategikoa» nahi du; zehazki, pertsonen salerosketa, indarkeria matxista eta ziberdelinkuentzia aipatu ditu.

Nahasketa

Zupiriak ez du atxilotuen jatorriaren berri emateko erabakiaz hitz egin zuzenean, baina adierazi du ez dela Segurtasun Sailaren asmoa «migrazioa eta segurtasuna nahastea»: «Gure sailak ez du halakorik egin, ezta egingo ere». Horren aurretik, azaldu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan atzerritik iritsitako 350.000 lagun inguru daudela. «Gehien-gehienek» demokratikoki bizitzearen alde egiten dute, sailburuaren hitzetan, baina badira beste jokabide bat duten «gutxi batzuk». Eta hala gehitu du: «Gure sailean denok argi dugu kontu bat: gure gizartea eskuzabala da, ikuspegi humanista bat dauka, eta integrazio osoa nahi du, baina, era berean, gizarteak eskatzen digu legeak eta arauak betetzen ez dituztenekin gogorrak izatea, izan kanpokoak edo izan hemengoak».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA