Segurtasuna bere adierarik zabalenean lantzeko eskatu du oposizioak

EH Bilduk bost ardatz lantzeko proposatu du: baldintza materialak, ikuspegi feminista, klima larrialdia, zibersegurtasuna eta polizia eredua. PPk delinkuentziara mugatu du auzia, eta Ertzaintzaren zuzendaritza kritikatu du.

Eraitz Saez de Egilaz, gaur goizeko hitzaldian, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Eraitz Saez de Egilaz, gaur goizeko hitzaldian, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko urriaren 28a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Astelehenean Bilbon izandako gertakariek eztabaidaren tonua markatu badute ere, ezkerreko oposizioak segurtasuna bere adiera zabalenean lantzeko beharra nabarmendu du. Hau da, adierazi dute kaleko segurtasunetik harago ere badagoela zer eztabaidatu segurtasunaz aritzean, eta herritarren kezkak horren adierazle argia direla.

Eraitz Saez de Egilaz EH Bilduko legebiltzarkideak asteleheneko «jarrera biolento eta antisozialak» gaitzetsiz ekin dio bere hitzaldiari. Vito Quiles asaldatzaileari emandako erantzun «masibo eta demokratikoaz» harro azaldu da, eta segidan elkartasuna adierazi die istiluen ondorioz kaltetutakoei. Gero, «logika alderdikoei eta elektoralistak» baztertzeko eta eztabaidagaiari heltzeko eskatu du.

Horrek, EH Bilduko kidearen esanetan, eztabaida zabaltzea eskatzen du, eta egungo testuinguruari erreparatzea. Eta hor bada behin eta berriro errepikatzen den gako bat: ziurgabetasuna. «Ongizateari lotu dizkiogun eta ziurtzat jo ditugun hainbat auzi eraitsi egin dira», azaldu du, eta gehitu herritar gehienak konturatu direla nola sarri aipatzen den igogailu sozial delakoak beheranzko norabidea hartu duen. «Arrakala sozialak handitzen ari dira».

Testuinguru horretan, Saez de Egilazek beharrezkotzat jo du arrakala horren zergatiei erreparatu eta segurtasuna «era poliedrikoan» lantzea: «Segurtasuna ez da soilik mehatxurik ez egotea, baizik eta bizitza beldurrik gabe bizi ahal izatea».

Beraz, lehenik eta behin, herritarren kezka nagusiei erreparatzeko eskatu du. Izan ere, segurtasunaren gaineko kezka apaldu egin da azken hilabeteetan, eta, inkestetan agerian geratu denez, beste hiru arlok hartu dute pisua herritarren agendan: etxebizitza —lehen postuan, alde handiz—, osasungintza eta lan merkatua. Hala, baldintza materialei erreparatzeko deia egin du EH Bilduko kideak, gai horrek ziurgabetasuna eta beldurra eragiten dituelakoan.

Gauza bera eskatu du Sumarreko Jon Hernandezek ere. Haren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa seguruak dira, eta segurtasunaz hitz egitean beste gai batzuk ere landu behar dira, hala nola etxebizitzarako eskubidea, lan baldintzak, kale batzuetatik beste batzuetara argiterian eta garbitasunean dauden aldeak, eta errentaren araberako segurtasun bermeak, besteak beste. 

Horren adibide, bi daturi erreparatzeko eskatu die gobernuko indarrei: iaz hamalau giza hilketa izan ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta epe berean 29 behargin hil ziren lanean, eta beste 169 larri zauritu. «Segurtasun publikoaz hitz egiten dugunean, zergatik pentsatzen dugu delinkuentzian zuzenean, baina ez lanean hiltzen diren horiengan?». Izan ere, Hernandezen hitzetan, hilketa horiek ere lotura zuzena dute segurtasunarekin, eta segurtasunaren gaia arlo bakar batera mugatuta eskuin muturrari «beldurra» zabaltzen laguntzea besterik ez da lortzen, eta migratzaileak jomugan jartzea.

Beste lau ardatz

Ongizatea bermatzeko neurriak hartzeko beharraz gain, EH Bilduk beste lau ardatz ere jorratu ditu eztabaidan. Hauek dira horietako hiru: eztabaidari ikuspegi feminista txertatzea —«Segurtasunari begiratzeko modua ez da neutroa», esan du Saez de Egilazek—, klima larrialdiaren ondorioei aurrea hartzeko prestatzea eta zibersegurtasunaren alorra bereziki indartzea.

Laugarren puntuak, berriz, aurrekoak garatzeko hartu beharreko neurriekin du lotura, Saez de Egilazek azaldu duenez: Polizia ereduaren inguruko eztabaidari heltzea da. EH Bilduk «argi» du gertuko polizia eredu batean sakondu nahi duela, eta eraldaketa hori abiatzeko zenbait helduleku ere ikusten ditu. Horietako bat trebakuntza eta gaikuntza XXI. mendeko erronkei aurre egiteko egokitzea; besteak beste, ingurumen eta zibersegurtasun arloei dagokienez.

Horrekin batera, uste du urratsak egin behar direla Poliziaren kontrol demokratikoan sakontzeko. Saez de Egilazen esanetan, egungo mekanismoek gabeziak dituztela erakutsi dute, eta horri heldu ezean arriskua dago «autoritarismoari eta inpunitateari atea irekitzeko». «Oldarraldi erreakzionario bat martxan dagoen honetan, Ertzaintza barruan ere bada horren jarraipen sutsua egiten duenik», kritikatu du, eta «hausnarketa zorrotz bat» eskatu.

Ertzaintza «politikoa»

Kontrako norabidea hartu dute eskuineko alderdiek. EAEko PPko presidente Javier de Andresek delinkuentzia izan du kasik gai bakarra. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan indarkeriaz egindako delituek gora egin dutela esan du, eta migratzaileekin lotu du gorakada hori. Adierazi du indarkeria matxista kasuetan egileak gizonezkoak direla adieraztearen parekoa dela atxilotuen jatorriari garrantzia ematea.

Haren hitzetan, ertzain gehiago izatea da egoera horri aurre egiteko konponbidea, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio duela bi urte adostutakoa bete eta 8.000 agenteko langara iristeko; beste 1.266 ertzain behar dira horretarako, PPko kidearen esanetan. Baina ez du hor bukatu Jaurlaritzari egindako kritika, eta Ertzaintzan zuzendaritza «politiko» bat jarri izana egotzi dio Bingen Zupiria Segurtasun sailburuari. «Horrek esan nahi du ez duzula konfiantzarik Ertzaintzarengan, eta batzokiko norbaitengana jo behar duzula», esan dio, Aitor Landaren eta Ion Gurutz Gomez Goikolearen izendapenak kritikatuz —Landa Ertzaintzako zuzendaria da, eta Goikolea, berriz, Arkautiko akademiakoa—. Hala, sailburua kargugabetzeko eskatu dio lehendakariari.

Ez du aipatu gabe utzi astelehenekoa, eta iaz Falangek egindako elkarretaratzean jazotakoekin lotu du, baita Munduko Txapelketako finalaren inguruan gertatutakoekin ere. Ertzaintzaren operazioa auzitan jarri du hala. Modu berean, Voxeko Amaya Martinezek «terrorismoaz» aritzeko baliatu du jazoera hori.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA